Jalgi


logoa_4

Jalgi festara
Jalgi Senpereko aintzirarat
Jalgi euskaraz

Ipar haize bezain iparrorratz:
Herri Urrats!

Jalgi festara
Jalgi euskaraz

 Katearen lehen begia
Ama-ikastola da
Lehen mailatik Kolegiora
Lizeotik karrikara
abiapuntua dugu helmuga

Jalgi euskaraz
Jalgi mundura

Atzoko herriak erran dio gaurkoari:
Eman euskara biharko herriari
eman segida euskararen kateari
eman segida gaurko gizarteari

Jalgi bidera
Jalgi airera

Eman euskara gaurko gizarteari

Jalgi ahora
Jalgi kanpora

Eman euskara biharko herriari

Kate honek ez du zigortzen
ez lotzen, ez itotzen
nire eskuetan hasten da
eta zurean bukatzen…

katea gaitezen
Herri Urratsen!

Kate bat gara. Kate luze-luzea. Argi dut halako zerbait osatzen dugula antzina euskaraz ari zirenen eta gure artean, eta egun, lur zahar honen luze-zabaleran euskaraz ari garenon ardura dela kate hori hausturarik gabe geroaren magalera ailegatzea. Conan Doylek erran zuen katea luzea izanagatik ere, katebegi bakoitza zela egiazkoa, garrantzitsua, haietako bakoitzak ezinbesteko funtzioa beteko balu bezala. Eta gutako euskaradun bakoitza, katebegi bat garela imajinatzea laket zait.
Aski ote den beste da, baina gure hizkuntzak aurka dituen haizeen kontra biziraupena segurtatzeko, hiztunon katea ez etetea oinarrizkoa da.

Gaur aurkeztuko dute aurtengo Herri Urratserako abestia, eta pozez bete nau haren hitzak idazteko paradak, prozesua festa horren piztaile direnekin partekatzeak. Seaskak osatzen duen hezkuntza katea delako Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrotan euskararen arnasa. Hargatik baliatu dut “katea” hitza kantuarentzat.

Bestalde, egunotan bolo-bolo ibili den Baionako Etxepare lizeoarentzat izanen dira Herri Urratseko etekinak, eta Frantziako baloratuena izatea pozgarri da, baina «euskaldun bat Frantziako» esaldian bada zerbait mingarri. Bai, ezta? Imajinatu gazte bat, italiarra, italieraz mintzo eta unibertsitaterako proba errusieraz pasatzen. Ez, ezta? ba hori gertatzen zaie lurrotan “Baxoa euskaraz” aldarrikatzen dutenei, euskaraz bizi nahi eta frantsesez biziarazten dituztela. Eta berdin herritarrei.
Horiek dira hautsi beharreko kateak.

GARA egunkarian argitaratua (2016-04-04)

Erorialdia


erorialdiaBadira zeru ilunak, ez ilun-korromorrotuak, baizik eta iluntzerik gabe belztu direnak; ortzimugarik ba ote duten pentsatzera jarri gabe gure begirada haietan iltzatu orduko pentsamenduak goibeltzen dizkiguten zeruak; eta horiek dira ilunetan ilunenak, egun-argitan beren gardentasuna mantenduagatik, eta eguzkiak lainorik gabeko urdintasunean bere erregetza aldarrikatuagatik ere, gure baitan beltza baino islatzen ez dutenak. Gustave Flaubertek idatzi zuen hegalena, beti zeruari behatuko bagenio hegalak ukaiten bukatuko genukeela, eta beti zalantza ukan dut onerako erran ote zuen, edo zentzu txarra eman nahi ote zion idazleak «Je crois que si l’on regardait toujours les cieux, on finirait par avoir des ailes» erran zuenean; zalantza. Ihes egiteko, edo askatasunez bizitzeko balioko ote zuten hegal haiek, ez baita gauza bera. Inguruan haizea ere eskas denean, arazoak bata bestearen gainean pilatzean, edo beldur urrunen hurbiltasunak dardaraka jartzen zaituenean, gorantz behatzea baino ez baitzaizu gelditzen, eta han berantegi da zeruak kolorea baduenetz jakiteko. Erorialdian zaude, baina gorantza beha, eta hegalak irtengo ote zaizkizun pentsatzeko garaia baino ez da agian, hargatik opa dizut zeruari argitasuna nabarmentzea. Biderik aldapatsuena ibilitakoan, galduta aurkitzen zaren tenorean, zeharka eta aldizka gauza onak etorriko zaizkizula pentsatzea. Beharbada, izarrak ahaztu, eta burua izara pean sartuta, beste egun batek noiz argituko duen itxarotea besterik ez da.
4687493091_6f4c0c0d79_o

(GARA egunkarian argitaratua 2016-2-1)

ARGAZKIAK: Alejo Moreno

Kristalezko beldurrak


7c4277d0a427c71025ad97e2bdeab7fd

Bakardadearen paretak
hausten ote dira inoiz
zure besoen artean galduta
egunsentia hausten den bezala?

Isildutakoak,
esan gabeko adierazpenak
ez ote daude
pentsamenduaren bide galduan
etengabe hizketan?

 Kristalezko beldurrak dira

behatz puntetan ditudanak

denborak hautsiko dituen

iraganen edalontziak

bailiran

Eta etzaidazu esan gaua denik
esaidazu berriz: gaua pasa da.

Donibane Lohizune, 2015

patxukonice2

Harriak


arrokirroki

Harri astuna da geldirik dagoena, bazterrera kendu ezin duguna, eta, ikusezina izanagatik ere, zapaltzen gaituena.
Katez lotutakoak askatasunaz dakien bezala, harriaren azpikoak baino ez daki zama zer den; kanpotik beha dagoenak kalkula ahalko du zenbatekoa den neurria, dimentsioa, eta zenbat hotz islatzen duen igneoa, metamorfikoa edo sedimentarioa den harritzarrak. Baina arrokaren ertzetan minbera sentitzen denak erranen dizu zenbat beltzune dituen haren itzalak, eta zein luzea den muinera, harriaren bihotzera ailegatzeko bidea. Oztopoaz baitaki hark, zuloaz, hutsuneaz.
Inork ez zuelako zehaztu «laster arte» bat noraino luzatzen den, zenbat irauten duen zalantzak, eta etxetik joaten denaren azken begirada horrek nolako iluntasuna daukan.
Inork ez zuelako frogatu maitasunaren absentziak lehen orduetan baino min gehiago sortzen ote duen hurrengo egun, aste, hilabete eta urteetan.
Probatu, aldiz, askok, gehiegik.
Etxean zain dagoenak baino ez baitaki zenbatekoa den desira, nekea eta hura gainditzeko ahalegina. Eta baita kartzelako atearen danbatekoa ere, betaurrean bezala bizkarrean, ixten den bakoitzean zauriak irekitzen direlako supituki, zornerik zer den ezagutuko ez duten zauriak. Mugitzeko garaia da, ordea, harri horiek bidetik ken daitezkeen jakiteko ordua.
Mugimenduaren aroa da.
Eta horretarako ez da sekulako indarrik behar, agian, ezta burdinagarik, zizelik eta pikatxoirik ere, beharbada, gogoa baino ez da behar.

arro

GARA egunkarian argitaratua (2016-1-4)

Mugitu harriak


Entzun kanta: urkolore

Ahoko sabaian errotu diren hitzentzako
pentsamenduak eta begirada
urte luzetan oihukatutako:
«Euskal Presoak Euskal Herrira» da

          Ez
Ez dago harririk
mugi ezin denik
ezta Euskal Herririk
galdurik
seme-alabarik
kartzela batean
utziko duenik

Erlojuaren orratzek diote
etengabe
denbora gehiegi iragan dela
bidean
harri handiak daudela
eta handik kentzeko garaiz gaudela

        Ez
Ez dago harririk
mugi ezin denik
ezta Euskal Herririk
galdurik
seme-alabarik
kartzela batean
utziko duenik

Fresnesen… etxetik ehunka kilometrora
La Santé, Puerto eta Navalcarnero
Alcalá, Alacant edo Albolote…

               Kartzelak ixteko garaia da

Zulatu, apurtu, baztertu, kendu, mailukatu
harriak astunegiak baitira
zizelkatu, mugitu, edo tira
ekar ditzagun etxera, herrira

Ez
Ez dago harririk
mugi ezin denik
ezta Euskal Herririk
galdurik
seme-alabarik
kartzela batean
utziko duenik.

sare

Donibane Lohizune
2015eko larrazkena.

spota:

Parise


torrea

Etsigarria da Parisekoa, mingarria bezain amorragarria. Eta sentiarazi digunarekin lotuta, adjektiboekin luzea izan liteke jarduna. Kaosa da nagusi, samina, negarra. Eta hor, sufritzen ari direnekin enpatia, gutieneko zerbait da.

Baina gertakarien atzean erantzuleak daude, arduradunak, errudunak. Eta hor sortzen da lehen zalantza, egileak ote diren erantzukizunak dituzten bakarrak, edo ez ote diren behinola gerra jokoa indartu eta gudazelaia handitu nahirik, Ekialde hurbileko lurretara joatea aholkatu zieten zerbitzu sekretuak, militarrak, politikariak, manera bateko eta besteko agintariak.

Boterearen hariak maneiatzen dituzten frantsesek, heien usterako batere baliorik ez zuten frantsesak bultzatu zituztelako Siriara, formakuntza eta bizi esperantza handirik gabeko gazteak, gerrarako peoiak, Al-Assad agintetik kentzeko edozerk balio zuelako, hiri handien auzuneetako nahaspilatik hautatu zituzten gazteak, armak eman zizkieten, hiltzeko entrenatu zituzten, eta hiltzen ikasi dute. Haiekin du arazo larria Frantziak, eta badu aspaldi zer egin behar den ez duela asmatzen, gaindituak daudela haize horiek harrotu zituztenak.

Bestalde, edo haritik, Egiptotik Iraneraino, Turkiatik Yemeneraino, bonba hotsez bete da Ekialde hurbila, hildakoz, gerraren errurik eta ardurarik ez zuten jendeen gorpuez. Eta Mendebaldetik eramandako bonbak dira, Mendebaletik sortutako erasoak. Mendebaldar agintarien ulertzeko maneran mundua mendebaldarron ondasuna delako, gure autoa, gure oporrak, gure merkatua, nahi dugunean erosi, eta saldu, joan, eta etorri, eta hartu eta eraman dezakeguna, gure nahieran.

Eta bitartean gu, les citoyens, hor gaude, zer egin ez dakigun gehiengo gisa, gertatzen ari dena onartzen dugun masa potoloa bihurtuz, agintzen gaituztenei besteen agintari izaten uzten. Eta tira, ohartuko bagina behintzat… ezen, agintari horiek hain ongi egin dute beren lana, lobotomizatuak gaudela, zer gertatu den jakiteko iphonizatuegiak, telebistari beha spotify entzuten. Eta hurrengo oporrak non pasako ditugun pentsatzen, munduaren mapa hartu, eta zipriztinduko ez gaituzten liskarrak sahiestuta toki paradisiakoa hautatzen.

Hori bai, ez daitezela gurera etorri horroreari ihesi dabiltzan gizakiak. Haien arazoa ez da gurea, desberdinak gara. Iduri baitu gizaki izateari utzi eta izaki bilakatu ginela soil-soilean.

Gerra da kanpora eramaten duguna, eta gerra jasotzen dugu, kanpoan piztutako gerrek etxean egiten digute eztanda.

Eta bakeari aukera bat emango bagenio? Bakearentzat borrokatuko bagenu? Maitasunez, ulermenez, sentikortasunez, errespetuz.

Hasteko, gure agintariak beren botereguneetatik kenduz.

Ezinezkoa dirudi, baina ez da.

bake esku

Iparra galtzen


 

Demagun zu iparraldera zatozela eta hegoaldera noala ni. Sortuko zaigun lehen galdera, geografikoa izango da seguruenik, hau da, non kokatzen dugun bakoitzak iparra eta non hegoa; honela, katramilatsua izango da adostasuna lortzea.
Demagun noski, Euskal Herriko iparraz eta hegoaz mintzatzen ari naizela, batzuentzat ez baitira existitzen, sinpleki, puntu kardinal bateko lurrak Frantziakoak dira, eta bestekoak Espainiakoak.
Nekez ulertu baitut “Tú al norte y yo al sur” EITBko programa bere estreinalditik, harik eta bere baitan erabaki politiko bat dagoela ikusteraino, euskaldunen hego-iparrak estatu espainiarraren mugetan marrazteraino.
Reyes Pradosen balioa eta ahalegina utzi nahi nituzke aparte, nahiz eta iruditzen zaidan abiadura honetan, talentua duena denbora baino lehenago, erre baino kixkali egingo dutela telebista publikoan, ohiko duten modura. Baina programa ezinbizi bat da.
Demagun «Zu iparrera eta ni hegora» Euskal Herriko jendeekin egingo litzatekeela, ez ote litzateke atsegina batzuen eta besteen desberdintasun-berdintasunak ikustea? eta audientzia ez ote litzateke ona?
Demagun ordea, Bidasoaz bestaldeko lurrotan ez dugula oraino ulertu Urkulluk aipatutako «Nacion Foral Vasca» zer den, agian, nazio horren iparra ez baita gugana ailegatzen.

TuAlNorteYoAlSurGARA egunkarian argitaratua (2015-10-12)

Refugees Welcome


bi

Mundua ez da toki segurua, haizea kontra dutenentzat behintzat ez. Ez da toki segurua pobreziaren ihesi dabiltzanentzat, gose eta egarriari iskin eginda lurra abiapuntu bakar dutenentzat. Ez eta bortxaketen eta umiliazioen zapalkuntza saihestu nahirik bizitoki berri bat helburu dutenentzat ere.

Hauek ez dira sorterria uzteko motibo bakarrak, jakina, baina aski motibo badira. 1951. urtean Genevan Nazio Batuek errefuxiatuentzat estatutuak izenpetu zituzten, eta asilo eskubidea finkatu zuten harrera egokia emateko. Arazo anitzek ukan dute soluzioa geroztik, baina egun, munduan, nehoiz baino errefuxiatu gehiago dago. Kasu, ez immigrante, ez etorkin, ez iheslari; pertsona baino ez, zure eta nire gisako, eskubide bereko.

Ez dakit nori irakurri nion munduko tokirik seguruena besarkada bat dela, ziurrenik besotarte batek eskaintzen duen babesa ezer gutxik eskaini ahal duelako. Eta gurea, euskaldunona, betidanik izan da eskainia, beso zabalik hartzen jakin dugu nahinondik gurera etorri dena. Agian, gu ere hala hartuak izan garelako kanpoan.

Minari iheska dabiltzanak goxotasunez jaso behar genituzke, gure eskura daukagun hura eskainiaz, emanaz. Gure baitan zerbait aldatzen denean baino ez baitugu mundua aldatuko, amiñi bat bada ere, ttipia, ezdeusa den zerbait, aldaketa guk eragingo dugu, berritasuna gu izango gara, herritarrak, munduko herrietako herritarrak. Eta argia piztuko dugu orduan, ilunean, beharbada ilunik ikusten ez dutenak ere argi hori piztera animatuko baititugu, eta orduan, soilik orduan ukanen dute munduko herriek argia, beste guztia artifiziala izango baita, gezurrezkoa.

Etxean aterpetzen zaituenaren eskuzabaltasunak parekorik ez duela esatera ausartuko nintzateke, ekintza horrek bizitza aldatzen duela, batena, eta besteena; eta zerbait sortzen duela, betirako den zerbait. Ni hala jaso ninduten, eskuzabal, besoak parez-pare ireki zizkieten ene beharrei, sorterria uztea egokitu zitzaidalako halabeharrez. Eta niri, ahaztuko ez zaidan zerbait piztu zidaten aterpetu ninduten egun berean, noizbait sinismena galtzea eragotziko didan zerbait.

Badira urteak sortu zela, baina orain bazter orotan dabil Refugees Welcome aldarria, aldaketaren oinarriak piztuko dituen oihartzuna, Estatuak, politikariak eta legeak ailegatzen ez diren lekura gu ailegatu gaitezen, herritarrak. «Herriak bakarrik salba dezakeelako herria», bai, beharbada bai, baina pertsonek baino ez dituzte pertsonak salbatuko, guk. Piztu argia, eta zabaldu, besoak bezala etxeak.

biga GARA egunkarian argitaratutako testuarentzat idatzia (2015-08-31)

Hamarratza


hamarratza

Karramarroak oroitu ditu arroka azpian, hondartzako harea artean dabiltzala, uhainen hilerrian, harri gogorrarekin talka eginda itsasertzera ailegatutako olatuak emeki desagertzen diren tokian. Eta barekurkuiloek bezala, haiek ere oskola badutela oroitu du, barnean ezkutatzea ezinezkoa zaien arren.

Askotan desiratu du bat ukaitea, besteengandik babesteko eraiki dituen geruzen gainean, oskol erraldoi bat, bere beldur, kezka eta min guztiak han sartu eta babes sentsazioz itsasoan bidaiatzeko korrontearen aginduetara. Baina hamarratzak imajinatzen ditu orduan, hamar hatz luze dituzten olagarroak, eta haien aitzinean itsas karakolaren oskolak ez duela deusetarako balio pentsatzen du. Nahinoiz sartuko baita barnera hamarratza, aurpegia ukituko dio, pentsamendua gero, eta handik atera gabe mamuekin bizitzera kondenatuko du gordelekuan.

Dela maitasun galdua, dela bete gabeko desira, gaur gertatu balitz bezala iragana; ahantzi gabekoarentzat beti baita gaur.

Baina maite duen Matissen gisa naturari beha jarraitzen du halere, Le Cateau-Cambresiseko artistaren obra bati buelta ematen; geranioari ez baitzaio natura hil oraino.

Karramarroekin atzera egin eta argi du iraganeko esperientzia ez duela etorkizunean errepikatuko, Matissen odaliska bat izatetik urrun, ez duela bere gorputza esklabizatuko garaiz aurre, eta guttiago arima; izan behar dena izanen dela, hain zuzen. Hori du alde egunero ilusio berri batekin jaikitzeak.

karraGARA egunkarian argitaratua (2015-08-10)

pinpirina


pinpilinpauxaOhartu zen batzuk tximeleta deitzen zutela, lorez lore zebilelako alaitasunaren hegaldia marrazten. Baina mitxeleta izateko zerbait falta zitzaiola aspaldi zekien berak. Benedettik esan zuen pinpilinpauxak ez zuela ahanzten behinola beldar izan zela, nolabait, jatorria beti presente balu bezala, gogoan.
Eta bera, nor zen ahantzita bizi zen, besteek nahi zutena baino berak nahi zuena izanda.
Bazekien Silvio Rodriguezek gudarien arimarekin parekatu zituela pinpirinak, kantatzen eta maitatzen zuten izakiak bailiran, une oro eztarrian sortu berriak. Etsairik ez duenak alferrik ditu gudu-zelaiak, ordea. Zintzitoila deitu zion norbaitek, eta bazkalondorako txirulirua besteak, buruan printzesa ipuinak baino ez zeuzkan mitxoleta azkenak. Belardiko inguma batzuek, basoko kalaputxia bestetzuek.
Izen piloa izaki berarentzat.
Eta dena, ez zeukatelako jabetzan. Desiratua zelako agian, baina ez maitatua; seguru.
Berak bazekien ordea, koloretako mitxirrika anitz gelditu zirela zorionaren bidean, hegalak astintzeko aukerarik izan gabe. Eta narrasti gisa bukatu zutela beste anitzek, lurraren biraldien menpe. Tristurak gorputz osoa ilunduta, hegalaren ahultasunari nekaduraren kolorea margotuta preso hartu zituenaren erruz. Grisarena alaike.
Txiribiri izateko desira zeukan halere, udako tximirrika, ilunabarreko jainkoilo eta goiztiriko txoleta. Baina tripetan sentitzeko, ez hegan egiteko. Eta bitartean, kolekzionatzera utzi gabeko sorgin-oilo izango zen, irribarrea sortzeko apex, zirrara pizteko matxita, maitasuna sentitzeko txilipitaina.
Azken finean, farfaila izatea maite baitzuen.

txime
GARA Egunkarian argitaratua (2015/08/03)

Zerupean


zeru

Zeru horiek ez ziren hain urdinak, ez ziren zabalak, ez ziren arinak, sinpleki, guk imajinatu genituen hala. Heldulekuak falta direnean, edozer gauzak balio baitu oraleku izateko, itxaropena hari lotu, eta aurrera egiteko motiboak xerkatzeko. Zuriz jantzitakoak iragarri baitzigun beltzena. Eta koloreak galtzear geundenean ikasi behar izan genuen margotzen. Harritu gintuen halere gure itxaropenak, jakin gabe, barnean geneukalako soberan, bi zentzutan; hargatik atera genuen barnetik, eta atera, eta atera, eta lokarri gordiar bat eginda etorkizunari lotu genion. Eguzkiari eskaini genion aurrena, mendiari ondoren, eta itsasoari gero, baina gaztetan irakurri genuen liburuak aipatzen zuen bezala, itsasoak ez du esperantzarik. Eta han ito ziren gureak, igeri egiten saiatu baino lehen. Orduan borroka planteatzen baikenuen, eta etsaia ttipia zen, behintzat ez genuen hain handi ikusten, nahiz eta jakin gupidagabea zela, eta sega zorrotza zeukala, arraitzen beharrik gabe bekaizkeriaz zorroztua. Bestalde, itzal beltzaren arnasa sumatzen zela abisu ematen zigutenei ez genien kasu egiten, zertarako. Eta gaur, gure hortzen karraka baino entzuten ez dela ohartzen garenean ohartzen gara denborak ekarri gaituela atzera, berriro, zalantzara, ezinbizira, dena malko eta min den zerumuga ilun hartara. Gu, aurrera gindoazela usteta. Beharbada, denborarekin ulertuko dugu berriro, beste aterabiderik ez geneukala, eta egin genuen bezala egin behar genuela, berriro parada suertatuz gero, gainera, manera berean egingo genukeela. Apika, beltzak begi niniak iluntzea baino hobe baita zerua urdin imajinatzea, nahiz eta gero, buru gainera eroriko zaigun, ezin imajina genezakeen pisuaren pisuz.zerurdin

GARA egunkarian argitaratua (2015-07-27)

Suan


suba

Umetan pikondoaren azpian esertzen ginen, eta, handik, begi bat itxita eta bestea zabalik begiratzen genion suari. Itxitako begiarekin amets egiten genuen, egunsentian botere berezi batek superheroi bilakatuko gintuela edo. Irekitako begiarekin, aldiz, ganbaratik atera genituen trasteek su nola hartzen zuten begiratzen genuen. Tokia egin behar zen ganerrean, udako uztarentzat, zela etxaldeko belar ondua, zela kamioiak ekarritako lastoa eta alpapa. Anaiak eta auzoko lagunak aritzen ginen mandiotik barrena trasteak ateratzen, eta festa egun bat zen guretzat; ikastolako oporrak ere egun horretan hartzen genituen, San Joan bezperan, nahiz eta baserriko lanek opor gutxi eskaintzen ziguten udan.

Baina gau hori magikoa zen guretzat, hor hasten zen dena. Ez zen suak txarra eramateko gaitasuna zeukala, ezta gure amesgaiztoak berari eskaintzen genizkiola ere, ez; zen, pikondoaren azpian erritual propioak asmatzen genituela udako gaurik luzeenean. Gustuko neskak muxu emanen zigula, adibidez, edo betirako maiteminduko zela gurekin baldin eta erretako lehen trastea guk hautatutakoa bazen. Mutilak gustuko zituenak ez zuen fitsik erraten, beste garai batzuk ziren haiek, baina harro aldarrikatzen du orain, behar den bezala. Eritasunak sendatu, autoak eta motoak erosi, oinetako berriak ekarri, denerako ahala zuen suak, eta gure imajinarioan dena kabitzen zen. Hizketan pasatzen genuen gaua, suari beha, ametsetan. Egunsentian, elorri zuriak gure desirei babes emango ziela jakiten genuen, arantzuri ahalguztidunak.

Ez dakit noiz utzi genion pikondoan elkartzeari, baina badakit eskuetan geneukala zoriona orduan, beste askok bezala, SanJoansuaren suan.

GARA egunkarian argitaratua (2015-06-23)
sua

Glaziazioa


esfingie-

Elur iraunkorrek estali zuten lurra orduan, eta izotz pusketa bat bihurtu zen ur zorua, hotza bezain zuria, isila bezain mingarria. Hor amaitu zen aitzineko gizadiaren aberastasun guztia. Gunz prezio baxuko hegaldien adiktu egin zen, Mindel pornografiaren yonki, Riss, aldiz, garagardoak edaten ibili zen glaziaziotik glaziaziora eta Wurm, karrikan biolina jotzetik bizi izan zen. Danubio zen desagertu zena, itzulerako bidea oroit zezan lurrean utzitako ogi apurrak galduta. Gainontzeko bizidun guztiak animaliak ziren, lepo batekin burua gorputzari josia zeukaten izaki arruntak. Pleistozenoaren etxe miragarrian bizi ziren denak, Holozenoarekin larrutan egin nahi zuen filosofoaren jauretxean. Aurretiaz, eskuetan eramaten zuten bihotza bi hankakoek, berdin emeek, berdin arrek. Bazekiten nor zen parekoa. Ikusten baitzuten bestearen bihotza, eta ezagutzen zuten bizidun bakoitza. Inteligentzia talaiatik beha. Baina garaiak joan ziren aldatzen, eta Paleolitotik Mesolitora futbol zelai bat agertu zen, telebista pantaila bat, banku erraldoi bat ordenagailuari lotuta, sare erraldoi batean preso hartzeko denak. Eta animaliek okupatu zituzten aurrekoen arkitekturak, beroaldian munduari eman zioten ostiko, gerrarako harrizko pilota zelakoan, eta txikle zatitxo bat bilakatu zen ludia, unibertsoaren orpoari itsatsia. Beldurra hazi zen jardinean, egolatria eta mesfidantza, eta agortu ziren harremanak, eta babesa, eta enpatia. Gorputzean babesten hasi ziren bihotzak; ezkutatzen, egungo lekuan kokatu arte. Taupadak gorde eta nehori ez agertzeko. Burmuinak agindu dezan tiraniaz, pentsatu gabe bezala.

Hauxe da logikarik gabeko gizakiaren historia logikoa. Eta animaliak gu gara.

GARA egunkarian argitaratua (2015-05-04)

babia

Lirioak


Lilium_concolor_06jl Lainoek gris kolorea dute jostorratzeko begitik beha, eta haien artean ez da ostadarrik agertzen, ez da haizea sentitzen, beharbada, zure begiradaren tamaina baino ez da ikusten. Borobil handiago bat behar duzu begi eder horientzat, edo sinpleki, sinistea begi ederrak dituzula. Fantasien moduko desira bat beste desira bati josteko. Lorpenen formakoa, eta ametsen neurrikoa. Agian, aski da zeure buruarekiko ulermen gehiago izatea, satisfazio gehiago hartzeko; zu izateko besteen beharrik ez duzula ulertzea. Edo, itxurak egiten bizitzea alferrikakoa dela erabakitzea bestela, arantzak ezkutatuta lirioak nahinori erakutsiaz bizi zarelako. Eta bide horretatik ez zara inora joango, ez behintzat toki alaiagoetara. Goizero erraldoi ikusten dituzu pertsonak, mendiak bailiran, eta haien azpitik igaro ohi zara apalki, horma eta harri gogorren artean ezkutaketan bazenbiltza bezala; azpian egonda haien isuriak baino ez dituzula biltzen jakinda; eta ez duzu busti nahi, hezetasuna gorroto duzu, lirioak toki hezean sortzen direla dakizun arren, arantza artean baino ez direla hazten, eta kostata loratzen direla, hargatik maite dituzu. Hori bai, ez duzu muxu gehiago nahi, errazegi eman dizkizute orain arte, eta haiek ematean plazer hartzen dutenek ez dakite masailean itsatsita gelditzen zaizkizula, bihotzaren abaroan kanpatu, eta okupak bailiran bizi direla zugan. Ailegatu da ordea hautatzeko garaia, zure alde bozkatzekoa; hauteskundeak direlako zure baitan, eta horiek irabaztea ezinbestekoa duzu, bestela, galduko zara. Betirako.

GARA egunkarian argitaratua (2015-05-24)

 lilium-canadense-fl-ahaines

Baina


baina

Arrazoi duzu, baina ez duzu horrela jarri beharrik.
Beraz, ez duzu arrazoi; bueno, agian bai, baina… «baina» horrek aurreko guztia ezbaian jartzen du, erauntsia bailitzan, aurrez errandako guztia arrastan eramateko boterea du. Edo, behintzat, aipamena kontraesan elegante bat bihurtzeko.

Twitterren aste honetan gora eta behera ibili da hitz hori, «baina», eta askotan bezala Mikel Pagadik piztu du metxa bere «mutil ona da, baina edan egiten du» idatzita. Bainarekin esaldiak jartzea proposatu zituen jolas gisa, eta jendeak bere zizpa eskaini zion deialdiari.

Denak ezin ekarri hona, baina maitatu ditudan gutxi batzuk bai, egileen izenekin espazioa bete gabe, ordea; barkamena haiei, ez aipatzearren. «Ez gaizki hartu, baina soineko horrek tripa markatzen dizu», «arrazoin duzu, baina ez da horrela», «Soraio ez, baina gainontzean bertso osoa ulertu dut», «ez gara fededunak, baina familiagatik elizan ezkonduko gara», «ertzaina da, baina ofizinakoa», «ez da guapa, baina oso maja da», «euskalduna naiz, baina me explico mejor en castellano», «maite zaitut, baina lagun bezala», «dantza… baina zertara dedikatzen zea?», «urruti, baina gertu», «ez dabil burutik ondo, baina ez du laguntzarik onartzen».

Eta burutazioen zerrenda amaigabea da, baina esaldi jenialek baino, jendearen parte hartzeak harritu ninduen gehiago, eta elkarrekin jolasteko gogoak, ideiak partekatzeko beharrak, elkarrekin irri egiteko desirak. Irriek beste interes bat ematen baitiote bizitzari, baina beti ezin da irri egin. Edo bai?

GARA egunkarian argitaratua (2015-06-08)

Erbestea


Txikitako argazkien usaia du erbesteak
hala jakin nuen muga pasa nuenean
maiteminduak
esan gabe utzitako «Maite zaitut» bakoitzaren
sentsazioa izan nuenean.
Ordu ezkero
hutsunez beteta dago
nire absentzia hau
eta halere,
bere barnean
bizitzea dagokit,
desira dudana
desira ote dudan
zalantzarekin bizitzea.
Zalantza baita etorkizuna ereiteko
eskura dudan hazi bakarra.
Hemen
distantzia da errealitatearen erloju-orratza,
atzeraka baino eramaten ez nauena.
Azken finean
amak besoetan hartzen ninduela oroitzea,
hori da erbestea,
berriro ez nauela hartuko jakitea.

IMG_6564

Protesta


morin

Umetan ikasten dugu protestatzen, gustuko ez dugunaren aitzinean desadostasuna agertzen. Protestarekin zerbait lortzen ote dugun beste kontu bat da. Heldu bilakatzean, protestatzeko gogorik gelditzen ote zaigun, beste kontu bat den bezala. Baina badira desadostasuna agertzeko manera originalak oraino. Haietako bat da, otsailean, Bizi mugimendu altermundialistak HSBC bankuaren Baionako egoitzan egindakoa; zerga iruzurra salatzeko, diru ebasle legalen egoitzan sartu eta altzariak eraman zituzten beren egoitzara, ilegala omen den ekintza burutuaz. Oihartzun zabala ukan zuen protestak, eta gurpilak, segida ukan du; aulkien xerka dabil polizia, eta haiek gordetzeko eskaintzen diren ospetsuen zerrenda handitzen doa. Edgar Morin filosofoak, Parisen agertu zuen aulki bat apirilaren 8an; 94 urterekin mundu mailan ezaguna den komunista aulki gainean irribarretsu ikusteak ez du preziorik. Bestalde, egun batzuk berantago, argiaren hiri horretan ikusi zen beste protesta original bat, apirilaren 12ko maratoian; Siabatou Sanneh emakume gambiarrak ibilbidea buru gainean ur bidoi bat zuela egin zuen. Bi esaldi zeramatzan soinean, «Afrikan, emakumeek, distantzia hau ibiltzen dute egunero uraren xerka joateko», eta «Lagundu distantzia murrizten», justuki «Homme-sandwich» deitutako publizitate teknikarekin, eta Siabatou «femme» da, ur garraioan Afrikan dabiltzanak bezala. Egun berean, «Water for Africa» GKE-ak antolatuta Uraren Munduko Foroa hasi zen Hego Korean. Ni, aulkitik altxa, ura edan, eta «Giraldillaz» oroitu nintzen, «Itoitz»-ez, eta oraino, sortzeke dauzkagun protestez.
-

GARA egunkarian argitaratua (2015-04-20)

Odisea


Diaspar da gizakiek eraikitako azken hiria. Beste guztia basamortua da. “The City and the Stars” liburua irakurtzen baduzu, kokagune horretan aurkituko zara. Halere, mila milioi urte barru gertatuko da hori.

Arthur C. Clarke izan zen argudio horren sortzailea, idazle handia. Kontakizunean, Diasparren zeuden munduan gelditzen ziren gizaki guztiak; nora ezera konfinatuak zeuden. Atomoetatik sortzen zuten janaria robotek, desagertutako objektuak berreskuratzen zituzten, ahal zuten maneran historia berregiten zuten. Nehork ezin zuen hiri hartatik atera halere, inork alde eginez gero, gizaki guztien gainean eroriko baitzen herra berriro. Baina hor zebilen Alvin gaztea, tunel zuloen xerka, eskapatu eta gizadi berri bat sortzen saiatzeko.

Urte batzuk geroago, 1968an, “2001: A Space Odyssey” idatzi zuen Clarkek, fama filmaren zuzendari Stanley Kubrickek eraman bazuen ere. Bi liburuak dira fikziozkoak, eta bietan kontatzen dena, 2015. urtean, gure herri zaharraren soinera josi daiteke.

Adibidez, Oier Oa donostiarra adibide hartuta. Apirilaren 4an irten zen kartzelatik eta Hauts-de-Seine departamenduan asignatu dute, Saint-Germain-en-Laye hirian; egunean hiru aldiz sinatu behar du polizia-etxean.

Aurrez beste askok sufritu dute halakorik, egun, betirako zigorrekin kartzela zuloetan konfinaturik daude beste asko. Eta, zulo ilun horretarik irten, eta gizadi berri baten sortzeko tunela aurkitzea gero eta beharrezkoago bilakatzen ari zaigu.oier

GARA egunkarian argitaratua (2015-04-06)