Kaxa hutsak


Kaxa_content

Kaxa hutsak», istorioz betetzeko, etxetik ihes egin behar izan duten euskaldun askoren historia haien barnean kabitzen ote den jakiteko. «Kaxa hutsak», estalkia kendu, eta barnean behatzeko, iluntasunari argia ezartzeko. Tabuak, tabu izateari utz diezaion, misterioak, xarma ematen dion sufrimendua gainetik ken dezan. Debekatutako hitzek ez ditzaten ahoak bete. Jakin-nahiak jakitate bilaka daitezen. Ahanzturak lurperatutako eremuetatik memoria berreskuratu eta errealitate baten kontakizunaren lagin bat baita «Kaxa hutsak», korapilo baten ertzak erakusteko ahalegin xumea. Erbesteari hitzak jarri bazaizkio ere, aurpegiak ere jarri behar zaizkiolako.
Bostok Photo Agency dago ekimenaren atzean, begiekin ikusten dutena izozteko gai diren argazkilari euskaldunen agentzia. Euskal iheslari politikoen esperientzia agertzeko moduaren xerka dabiltza. Helduko dira proiektu gehiago, ezinezkoa baita hainbeste jenderen bizipenak eduki bakarrean agertzea. Baina laguntza eskatu dute proiektua aurrera eramateko; diru eske dabiltza. Ene hitzak izan daitezela haren lortzeko publizitate.

«Exílio é se esconder num armário com medo de que alguém o abra e com medo de que ninguém o abra nunca mais», Joseba Sarrionandiaren «Propostas para o definiçao do exilio» poematik ateratako hitzak irakurri ditut proiektuaren atal batean. Eta Mikel Ibargurenen «Deserriko karrikak» liburuko olerki batekin oroitu naiz:
«Barda, bakardadeak behatu zintuen bi begiokin.
Sudurra kristalaren kontra zapaldurik zuela, liburu bat hartu, eta ohean sartzen ikusi zintuen.
Horixe baino ez da exilioa: bakartasunean ohera daramazun liburua, eta liburuan ageri den ohe bakartua».

Eta idatzi honen argiak itzaltzerakoan, argitaratu gabeko ene poema bat ere gogoratu dut:

«Amak besoetan hartzen ninduela oroitzea,
hori da erbestea.
Besoetan
berriro
ez nauela hartuko jakitea».

Gaur, erbestea, «kaxa hutsak betetzea» ere badela idatziko nuke.

kaxa_hutsak_corwfounding_azalekoaGARA egunkarian argitaratua (2014-10-21)

Argazkiak: Bostok Photo Agency

6A_O9vl2n

Koloretako igandez


IMG_4098

Haize hegoak epeldutako igandez, berdez tindaturik agertu ziren Bilboko iturriak, eta kolore horrekin bat egiten zuten euskal jende anitzek, euskal errepublikaren aldarrikapenei kamiseta berdea jantzi eta independentziaren aldeko indarrak elkartzeko dei eginda. Askatasunezko etorkizunaren berdea. Oraina bilakatzeko esperantzaz. Hori bai dela itxaropena. «Verde que te quiero verde. Verde viento. Verdes ramas. El barco sobre la mar y el caballo en la montaña» hitz horiekin hasi zuen Federico Garcia Lorcak bere «Romance Sonámbulo» poema, baina «guardias civiles borrachos, en la puerta golpeaban» idatzi zuen amaiera bidean, lo-ibiltariak baino loaren galarazleak direnei aipamen eginaz, bere amaiera ere guardia zibil horien berdeak ekarriko zuela jakin gabe. Eta atzokoan, Intxaurrondokoen berdeak festa zeukan, 1913tik urriak 12ko eguna baita haien ospakizun, sufrimendua baino eragin ez duten kasernetatik atera eta horditzeko eguna benemeritoentzat. Hispanitatearena, Amerikako indigenek espainolen krudelkeria deskubritu zutena, Lorcak idatzi bezala: itsasontziekin itsasoz, eta zaldiekin mendian; urre kolorea ekarri eta odol kolorea han uzteko. Askoren ustez hori delako Espainiako bandera, konkisten urrearen koloreko eta garaileak eragindako odolarena. Atzo, Bartzelonako Plaza de Catalunya-n ehunka batzuek faxismoz agertu zutena. Eta Madrileko zeruan hegazkinek, herritarren dirua haizearen opari bihurtuz. Dena Pilarika egunean, Sant Iacob apostoluak, jarraian ahoskatzearen ahoskatzez Santiago bihurtu zenak, amabirjinaren agerpena izan zuelako Caesaraugustan, egungo Zaragozan, eta harrinabarrezko zutoin bat utzi ziolako honek agerpenaren froga gisa, «El pilar» deitua. «Y cierra España». Nagusiki gorria den harrinabarra, jaspea, baina berdea ere badena, elkartuko gaituen zutabearena, independentista euskaldunena.

p003_f02

GARA egunkarian argitaratua (2014-10-13)

Erbesteratua


3414 001

«Budista naiz, nire ahuldadeaz ohartzen naizelako, kristaua naiz, nire ahuldadea onartzen dudalako, judua naiz, nire ahuldadeaz barre egiten dudalako, musulmana naiz nire ahuldadea kondenatzen dudalako, ateoa naiz, jainkoa ahalguztiduna baldin bada». Atiq Rahimiren esaldia da hori, idazle afganiarrarena, baina azken urte luzeetan Parisen erbesteraturik bizi izan dena, Sorbonako unibertsitatean goi mailako ikasketak bukatu zituena, bere nobelak zinemara arrakastaz eraman dituena, eta bera zuzendari gisa jardunda gainera. Kabulen sortu zen 1962an, Afganistan monarkikoan. Aita gobernadorea zuen, beraz, boterea eta dirua bazen bere etxeko bazterretan; hargatik ukan zuen formakuntza lizeo frantses batean. 1979an, ordea, gerrak eztanda egin zuen eta lehenik Pakistanera egin zuen ihes, eta ondoren Frantziara. 1984an errefuxiatu estatutua onartu zioten galiarrek, eta geroztik bi nortasun agiri dauzka. Bere anaiak ez zuen ihes egin nahi izan, komunista zen, borrokalaria, eta Atiqek urtebeteko berantaz jakin zuen hil egin zutela. 2000. urtean argitaratu zuen bere lehen eleberria, «Khâkestar-o-khâk», lurra eta errautsak, persieraz idatzia, farsieraz; hizkuntza horretan idatzi zituen bere lehen eleberriak, «baina beste hizkuntza bat behar nuen, nire tabuak bazterrera utzi, eta autozentsura gainditzeko»; hargatik idatzi zuen lehen aldiz frantsesez «Pierre de patience» 2008an, «pazientziaren harria», guztiaren aparte, zauritutako senarra zaintzen bizi den emakume baten historia. Harekin irabazi zuen Frantziako literatura sari garrantzitsuena, Goncourt, urte horretan berean. «Nire liburuetan emakumeak libreak dira, baina gizartean ez, munduan ez». Biarritzeko zine latinoamerikarraren lehiaketan epaileen buru izan da. Han ezagutu dut, umore handiko gizon on gisa, egindakoaz, bizitakoaz, harro, errekonozimendurik falta ez, eta nahinon, errespetatua. Eta momentu batez, halatsu irudikatu dut Joseba Sarrionandia.

atiqbat

GARA egunkarian argitaratua (2014-10-06)

Ikasten


uigures

Kristo aurreko hamazazpi mila urte, ez dira urte gutxi; aspaldi da hori, oso aspaldi. Eta garai horretan lortu zuen Uigur inperioak bere distira, Pazifikotik hasi, Asiatik barrena ibili eta Europako iparreraino iritsiz. Behintzat halakorik aipatzen dute Ekialde urruneko kontakizun eta legenda askok. Lemuria, ustezko kontinentearen garaiak dira horiek, ustezko Atlantidarenak, betirako itsasoaren sakonean desagertutako lur zati haienak. Legenda horien arabera, Asiako ipar-ekialdeko Gobi desertuak hiri ederrak zeuzkan, eta ederrena hiriburu: Kara Khota. Arkeologo errusiarrek, tektonikoki sortutako eta munduko sakonena izateaz gain, ur gozoaren bosten bat gordetzen duen Baikal lakuaren hegoaldera atzeman zituzten Kara Khotaren aztarnak. Honela jakin zuten uigurrek matematika nozioak zituztela, astrologia, literatura eta baita medikuntzarenak ere. Hortik aurrera, fikzioak sortutako hamaika istorio topa daitezke liburutegian uigurrei buruz, Googlen errazago seguruenik, baina tira, liburutegiek beste xarma bat daukatelakoan nago. Egun, Txinako Herri Errepublikaren menpeko Xinjiang eskualde autonomoan bizi dira uigur gehienak, K2 mendia punturik altuena duen lurraldean. Turkiar herrien arimari atxikiak, Budistak lehen, gaur musulmanak, Han etniaren parean (edo aurka) bizi direnak. 1933an lehen errepublika osatu zuten, eta 1949an Txinak bere mendean hartu zituen berriro. Asko exiliatu ziren, eta gelditu zirenek Mao Zedongek gidatutako Iraultza Kulturalaren errepresioa jasan zuten. Independentziaren alde segitzen dute hala ere, eta askok diote CIA dagoela horren guztiaren atzean, AEB nolanahi ere, eta Txinak ere irmo segitzen du haien aurka, azken biktima Ilham Tohti izan delarik, 44 urteko ekonomialaria, Beijingo minorien unibertsitateko irakaslea, pasa den astean bizi osorako kartzela zigorrera kondenatua separatismoa bultzatzearren. Ikasteko gauza gehiegi, gaur ere gatazka latz bat izan baitut irakurgai, gatazka bat, geografia, kultura, historia, politika… ikasten laguntzeko.

tumblr_mbs6ftwVOs1r2d3v2o1_500

GARA egunkarian argitaratua (2014- 09- 29)