Printze Txikia


eroa

Beste askotan bezala, maite zaitut esanda eskegi duzu telefonoa. Eta gutxitan bezala, arrotz bat hasi zaizu hizketan, treneko eserleku ondoko emakumea. Badira esaldi antologikoak, memorian iltzatzen zaizkizunak, filmetan, kantuetan, eta liburuetan atzematen dituzunak. Bizitzaren isla direla, ispilua bailiran, hala iruditzen zaizu zuri. Lerroan ezarritako hitz bakan horiek, batzuetan, azkenaldiko gertakarien azalpen bilakatzen zaizkizu. Antzinako zauri eta orbainen lekuko bestela.
Eta etorkizuna kausitzen duzu hitzokin beste batzuetan, edo behintzat, eman beharreko urratsak aurreikusten dituzu, hartu beharreko norabidea. Halako bat jaulki dizu ondoko emakumeak, maitatzea ez dela kasualitate bat esanda.
Maitasuna ez dela norbaitekin egon nahi izatea, edo haren babesa desiratzea. Libre egiten zaituela maitasunak, horretxegatik dagoela diferentzia maitatzetik maitatzera. «Aimer» erabili du emakumeak, frantsesa baita, eta telefonoz agurtzean esan duzun maite zaitut hori nola kristo ulertu duen pentsatzen jarri zara, hizketan horregatik hasi zaizula iruditu baitzaizu. Antoine de Saint-Exupéry hegazkinlariak idatzitako «Le Petit Prince» etorri zaizu burura orduan, arrosari maite duela nola esaten dion, eta arrosak, berak ere maite duela erantzuten diola, baina bere maitatzeko manera desberdina dela esaten diola azkenik Printze Txikiak. Eta hor, bien maitatzeko manerak desberdintzen dituen azalpenekin lotzen da printzea. Gaztelerazko «querer» eta «amar» artean egon daitekeen diferentzia agertzen. Emakumeak hizketan segitu du, zuk, begiekin jarraika sortutako hari mehe gisa entzun baduzu ere, baiezkoen imintzioka zeniharduen bitartean urruneko lekuetan ibili baitzara. Iritsi da trena geltokira, Gabon on batzuk opaz emakumea agurtu, eta telefonoa hartu duzu berriro, Gabonetan mezu bat igorriko diezunei begirada bat bota diozu, maite duzula nori esango diozun ziurtatzeko.

tele

GARA egunkarian argitaratua (2014-12-22)

Argazkiak: Ikor Kotx

Hozitzen


Etzan
harizpean
erreka bazterrean
Ikusi
ur korrontea
nola baretzen den
Entzun
txoriak kantari
Hartu
orbelak eskuetan
Usaindu
hozitzen ari diren kimuak
Arnastu
larrazkeneko haizearen freskoa
Eta ulertuko duzu
zein gutxirekin
izan zaitezkeen
zoriontsu

Esne Beltzaren ‘Lucharemos’ kantuko olerkia
2013ko larrazkena

 

Abendura


ikor

Abentura bat da beretzat abendura iristea, baina, hilabete horretan sartzen garen aldioro bihotzean zimiko bat sentitzen du.
Urteko beste hamaika horietan ez bezala, hilabete osoan festa bailitzan bizi delako jendea.
Karrikek poza darie, asfaltoko urratsek abiadura desberdin bat daukate, eta dena dago sentipen, sentimen eta sentikortasunetik hurbilago; bai. Sentitzen dakigun seinale.
Behintzat, hitza bere soilean hartu, eta abenduan zenbat lekuetan entzungo den estatistikari erreparatu, inkesta soziologikoak egin bestela, baina huts-hutsean, sentitzea, adjektibo ona dela aitortuko dizute guztiek. Gaizki sentitzen direnek salbu.
Hutsuneak hutsune, eta urrunak urrun, zuloa beti baitago betetzeko zain. Baina gertukoan, dena piztuta dago, argitsuago, distiratsuago. Izaiak denda atarietan, erakuslehioak garden, eta koloreak oparietan, plaza erdian arbola handi bat, bere bolatxo eta guzti. Berdin dio etxe askotan argia mozten ari badira, kaleargietan jadanik ez dela lehen bezainbeste gastatzen aitortzen baitu politikariak, eta aberatsek etxe-kanpoak apaindu dituzte bonbila ttipiekin; ustez, herriak ezin duela gehiago eman, haiek abisua jaso dutela, eta testiguari irmo helduta, neguko izpiritua aitzina eramanen dutela. Bueno, aberats ez diren askok ere bai, argi klixkariak kondizio eta klaserik gabeak direla ezin ahantzi.
Eta bera, zirkoaren erdian, poz-pozik, edo pozik agertu nahirik, abendua maite duen gizaki arraro gisa. Beharrik publikoan ez duela aitortu beharrik. Politikoki zuzena ez den zerbait bilakatu baita abenduko izpiak maite dituzula erraitea. Eta eliza atarian jartzen da goizean goizik, karitatea biltzeko, ezker eta eskuin. Goi eta behe. Hilabete hau bere sasoia da, turistalekuen abuztuaren parekoa, honela, pobrearen bentajak aprobetxatuko ditu, ohikoan baino txanpon gehiago eskuratuta, beste hamaika hilabetez pobre izaten segitzeko.

mm

GARA egunkarian argitaratua (2014-12-15)

Argazkiak: Ikor Kotx

Indioaren Kazooa


krahesabina

«Tú decir que si te votan,
tú sacarnos de la OTAN,
tú convencer mucha gente.
Tú ganar gran elección,
ahora tú mandar nación,
ahora tú ser presidente».
Hitz horiekin hasten zen «Cuervo Ingenuo» abestia, 80ko hamarkadan Javier Krahe musikari madrildarrak Felipe Gonzalez presidenteari eskainitako satira musikatua. Kopla haiekin ekidistantzia egozten zion, presidente izan aurretik egindako promes guztiak zakarrontzira bota izana presidente izanda. PSOE alderdiak ez zuen gustuko izan Kraheren kritika, ordurako, publizitate agentzia bateko lana utzita La Mandragora aretoan hasitako bardoa, Georges Brassens handiaren antzekotasuna zeukana, biziki ezaguna zen, eta jendartea zeukan zain eta adi, zer esango. Aldaketa garaiak ziren Espainian, diktaduraren agurra eta trantsizioaren etorrera; baina desira bizien artean aldaketa gutxi ikusi zuten artista eta intelektual batzuek; sistemari beren pentsaera saldu ez ziotenek kezkak plazaratzen segi zuten, eta boterearen zapalkuntza astintzen; gehienak ustezko demokraziarekin lerratu baziren ere, Javier krahe, ez. Alderdi sozialistaren eskutik, TVE telebistan zentsuratu egin zuten abestia. 1986ko otsailaren 23an emititu behar zuten Joaquin Sabinaren kontzertu batean grabatutako doinua, igande batez, eta NATO bai edo ez, erreferenduma zegoen martxoaren 12an; beraz, interes gutxi PSOErentzat egiak aurpegira esaten zizkion abestia entzungai emateko.
«Tú detener por diez días,
en negras comisarías
donde mal trato es frecuente:
ahí tú no ser radical,
no poner punto final,
ahí tú también muy paciente»,
euskaldunentzat hain ezaguna egin den esaldi hau ere bazuen kantuak. Krahek ez du laguntza publiko askorik izan geroztik, areto txikietan kantatzen jarraitzen du, hori bai, haiek leporaino bete, eta norbait izaten. Orain gutxi, berarekin kantatu du Pablo Iglesiasek kantu madarikatua, Galileo Galilei aretoan, musika instrumentu txiki bat eskuetan, kazoo bat (ez turuta); ederki asko moldatu da. Iglesias presidente izan daiteke laster, eta Krahek, «Cuervo Ingenuo» kantatu ahal dio gero. Kasu.

iglesias-krahe-b-14-11-14

GARA egunkarian argitaratua (2014-12-01)