Irudikatzen


zuhait

Irudika ezazu kristalezko edukiontzi baten barnean zaudela, lotuta bezala, preso bezala. Zu ikusten zaituztela denek, eta zuk behatzen dituzula denak, kristalak hori baitu, gardena dela, erraz ikus daitekeela barnean zer dagoen, hauskorra dela era berean, eta agian, horrexegatik nehork ez zaituela eskuetan hartzen, fereka batzuekin konformatu behar duzula. Zure aitzinetik igarotzen dira denak, eta zutaz hitz egiten dute, baina nehoiz ez dizute zuri hitz egiten. Irudika ezazu zuhaitz bat zarela, lur ederrean landatua, adaxkak zerurantz begira dauzkazula, eta mendira, eta itsasora, nahinora; adaxka horiek zure besoak balira bezala, zabal-zabalik dituzula, norbait zugana hurbildu eta besarkada samur eta maitekor bat ematera helduko ote den zain zaudela beti. Ezin duzu mugitu, ordea. Joango zinateke besteengana, baina besteak zugana etorri ezean, haizeak baizik ez zaitu besarkatuko, eta bakardadearen sentsazioa baino ez dizu ekarriko berotu ordez freskatu egingo zaituen zirimola leunak. Irudika ezazu liburu bat zarela, ongi idatzia, irudimenez betea, fantasiaz, eta bihotz formako hizkiak dantzan ari direla zure orrialdeetan. Anitzen begiak pausatuko dira zugan, irakurriko zaituzte, zu ulertzen saiatuko dira, baina denbora jakin bat iraungo du horrek guztiak, haiek, apartean utziko dute liburua noizbait, eta zu, liburu geldituko zara beti. Irudika ezazu urritasunez jositako haur bat zarela, urritasun sentsorialak dituena, psikikoak bestela, edo fisikoak, eta dena sentitzen duzula, dena dela zailegi, dena dela mundu bat alderantziz egina, zuretzat, eta zu bezalakoentzat.

Eta irudika ezazu mundu hori aldatzea, maitasunez eta zentzuz betetzea, urrats eraginkorrez, hezkuntza eta hizkuntzatik hasita, zure esku ere badagoela.

urritas

GARA egunkarian argitaratua (2014-02-24)

Kontraesanak


kontraes

Kontraesanak edozein lekutan eman diezazuke ezustekoa, eta ez dakizu noiz harrapa zaitzakeen bere sareetan, baina egiten duenean, zer pentsatua eskaintzen dizu. Noizbait zure bizitzaren zati bilakatu zen, edo agian fabrikatik zenekarren, berezkoa den baina hor dagoela jakiten ez den zerbait balitz bezala. Izan daiteke haur bati ur putzutik urruntzeko abisua ematen diozunekoan gertatzen dena, zapatak bustiko dituela erranaz, ez dela polita halakoen gainean saltoka ibiltzea, eta oinak bustitzen baditu, gaixotuko dela adierazten diozu, gainera. Eta hor heldu da asteburua, larunbatetik iganderako jira amaituta etxerako bidea hartu duzu, hain alai zaude, hain kontent, putzutik putzura salto eginaz egin duzula bidea, eta oinak mela-mela dituzu oheratzerakoan. Astea letxean pasatzen duzu gainera, ez belozidadean, marmarka, egunak mantsoegi baitoaz lanean ari zarelarik, eta lehenbailehen ostirala hel dadin desira ukaiten duzu, pasa daitezela egunak fite. Eta gero, nahinoiz aitortzen duzu, bizitza tximista dela, azkarregi doala. Agian, arrautza batzuekin kontraesanen tortilla egin zenezake: Liburu bat irakurri nahi eta sofan etzan telebistari beha, dutxara sartzeko gogorik ukan ez, eta gero ezin irten handik, maskuria lehertzear maindirepean segitu, itsusiari polita deitu eta politari itsusi, eta polita zer den jakin ez eta itsusia zer den jakingo bazenu bezala bizi, eta besteentzat jantzi, eta ez zarela jeloskorra baina bai, eta inbidia sanoa dela, eta berekin ez duzula fitsik jakin nahi baina mezu bat bidali diozula Whatsappera, eta maite ez duzun musika taldearen kontzertura joan zarela, eta kirola egin ondoren garagardoa pitxerka edan duzula, eta kontraesan sentimentalak dituzula, eta kontraesan sexualak, eta teorikoak, eta praktikoak, eta zer ote zinateke kontraesanik gabe… Horrexegatik bizi behar duzu hala, bizitzari kontraesan gehiago oparitzeko eskatuz, lasterrago, arinago, ahal delarik, heriotzak baino lehenago.

kontrabi

GARA egunkarian argitaratua (2014-02-17)
Argazkiak: Garuna Bor-Bor

Ni ere – KURAIA-

Kartzelan


espetxetik_gutuna

Ziegan sartzeko tenorea da, eta egunero bezala, eman dute azken abisua galerian. Arratseko zortziak dira, eta ateak itxi aitzin ondoko ziegako kidearekin azken hitzak trukatu ditu, bihar, patiora ateratzean, kirol pixka bat egin behar dutela oroitarazi dio; denborari joaten uzteko modu bat da izerditzearena, eta denborak urrea balio du kartzelan. Eskua luzatu dio kideak agurtzeko, eta berak besarkada batekin erantzun dio. Ziegan sartu, eta ohitura bilakatu zaizkion egitekoei eutsi die; arropak erantzi, eta dutxatu egin da. Neguan, presondegiko hoditeriak ez dakar ur berorik, udan bai aldiz; freskoa behar den garaian beroa heldu ohi da, mundu bat aldrebes, azken batean, hori baita kartzela. Fruitu lehor batzuk ahoratu, eta hala nola eskuratu dituen barazki batzuekin entsalada eder bat egin du, esku batean plastikozko sardexka hartu du eta bestean atzo jaso zituen hiru gutunetatik bat, dagoeneko irakurria du hirutan, baina laugarren aldi bateko irakurketa ukaiten du kartzelan jasotzen den gutun bakoitzak. Afalostean erantzungo dio gutunari, eta berarenganako akordua eskertuko dio jaioterriko lagunari, eta kartzelako muxuak igorriko dizkio, desberdinak direla. Giltza puntarekin atea joz kartzelariek azken zenbaketa egin dute, ea preso guztiak hor diren eta bizirik ote dauden jakiteko, hilik ala bizirik atzeman haiek berdin kobratuko dute soldata. Orain, deskantsurako garaia da, eta bere sareetan oraino harrapatu ez duen liburua hartu eta koltxoi mehean etzango da azkenik, ziegari begira lokartzeko, bere gorputzaren parte bilakatu den tokia utzi, eta loaren ametsekin libre izateko asmoz.
Goizeko txirrinak jo du, pasa dira kartzelariak zenbaketarekin, eta patio ordua hasi da, eguneko lehen gauza etxera telefonoz deitzea izan da. Amarekin hitz egin du, eta zer moduz dagoen galdegin dio hark, `ondo, beti bezala’, erantzun dio berak; berri txar bat duela erran dio amak, Andaluziako kartzela batean Elorrioko Arkaitz hilik agertu dela, ez dakitela ezer gehiago. Telefonoa eskegi, eta amorruak hartu dio gaina, negarrak, saminak. Ziegako paretan duen olerkia oroitu du gero:
«Familia baten mina,
lagunena,
herri batena,
aberriarena,
hori da kartzela».

itzal

GARA egunkarian argitaratua (2014-0210)

Damuak


damu1

Badakizu denok daukagula arantza ttipi bat sartua. Ilunpeetan babesturik, kanpora ateratzeko tunelik aurkitzen ez duen zerbait ondo gordea daukagula, besteei ezkutatu, eta agertu nahi ez diegun zerbait; egindako garaia pasata, damu gisako sentimendu bilakatu zaigun zerbait. Eta batzuk, egiteko parada ukan, eta egin gabe utzi dutenaz damutzen direla, hala entzun zenuen, beste damu sentsaziorik ez dagoela, baina zuri, egindakoekin gertatzen zaizu halakorik. Izango da inertziaz funtzionatzen duzulako gehienetan, mementoan sentitutakoaren arabera, eta hor, pausarako astirik ez da, ez behintzat gauzak behar bezala pentsatzeko. Edo tira, nork daki, agian horretan datza bizitzaren sekretua, desira eta gogoko duzun hura egin eta plazeraren arropak soinean eramatean.

Kontua da noiz pentsatu behar duzun egin beharreko gauza oro, edo aitzinetik, edo mementoan, edo ondoren. Hirurak baitira posible, baina ez dute zama bera, eta ezta ardura bera ere. Pentsamenduek aldakorrak izan behar dute gainera, alferrik baita ideia eta asmo batekin luzaroan tematzea, hertsidurak ireki eta fermuki oratutako printzipioei aske izaten utzi behar zaie, sanoagoa da hori, zintzoagoa, halako irudipena daukazu batzuetan, baina ez beti, soilik batzuetan. Eta zalantzek gaina hartzen dizute eskuarki, hodei beltzenek irensten zaituzte, eta filosofatzen hasten zara, moralitateak gaztigua besterik ez duela ezartzen, eta tabuak ditugula hurrean, muga anitz barrunbeetan zehar, nahinoiz eta nahinon aurkitzen ditugun mugak, poliziaz josita, norbere agindupeko poliziez. Horregatik ez duzu fitsik egingo, desirak erreprimitu, eta zure horretan mantenduko zara. Baina zaude, zaude! Ez ote du honek guztiak erran nahi egiten dituzun gauzak ez dituzula zuretzat egiten?

damu2

GARA egunkarian argitaratua (2014-02-03)

Argazkiak: Garuna Bor-Bor