Oskarbi ageri da zerua hegoaldean. Ortzimugan, laino bakan batzuek hari mehe bat marraztu dute, eta hatzak ahora eraman dituzunean, iparretik datorren haize hotzak ezpainak zartatu dizkizula ohartu duzu. Beharbada, harridura estaltzeko pausatu dituzu eriak ezpainetan, ikusitakoaren aitzinean inertziaz egindako mugimendu natural bat izan da bestela, baina sentitutakoa besteei ezkutatzeko saiakera bat egin nahi zenuen, eta okerrena da ez zaituela nehork behatzen, badakizula hori; aspaldi ikusezina bilakatu zinela paraje horietan. Itsas ertza utzi duzunetik denboraren erlojua da geldirik dagoena, eta zu, saltoka zoaz, hegan ia, zelaiak zeharkatu dituzu honela, hariztiak eta pagadiak gero, eta txikitako errekastoaren ondoan pausatu zara azkenik, han, sasiarrosa, intsusa eta hurritzen artean, zoriontsu sentitzen zara. Liluratuta bazeunde bezala, zure inguruetako soinu eta usainekin inguratuta. Okilak irudikatu dituzu zuhaitzetan, mokoarekin zulo tipiak egiten, eta amilotxak adaxketan, zapelatzek hegaka dihardute, baina haietatik nehork ez du sumatu zu hor zaudela. Eta ur korronteari segika hasi zara oinez, eta ondoren korrika, txikitan, harrapaketan jolasten zenutenean egiten zenuen bezala, hala oroitu duzu haltzadien artean ezkutaturik bukatzen zenuela beti. Baina euria hasi da bat-batean, eta hatzak ezpainetara eraman dituzu; garai hartako oroitzapen guztiak eraman dituelako hezetasun hotz horrek, eta ez da dimentsio hura izan galdu duzun bakarra, gaurkoan, bi dimentsio birtual pasa baititu esna amesteko daukazun joera horrek, zure txikitako lurretatik urrunegi baitzaude errealitatean. Baina desirek eta gogoek halaxe jokatzen dute zure kontrako partida, abisatu gabe oldartzen zaizkizu, eta haiek eskuratzen dute agintea. Hala ere, badakizu une guztiak bihurtzen direla oroitzapen, orduan hartzen dutela baliorik handiena, agian, horregatik dakizu bizitzen segituko duzula hori guztia jakinda.
Monthly Archives: urtarrila 2014
Boligrafo urdina
Ukan zenuen boligrafo urdin bat, eta urte anitzez erabili zenuen zure hatzen artean. Harekin hasi zinen marrazki landuak egiten, ordura arte, lauki eta borobil modukoekin marrazten baitzenituen animaliak zein eraikinak; harekin hasi zinen idazten lehen lerro zuzenak, ordura arte, idazten zindoazenaren azpian plastikozko erregela atxikitzen baitzenuen, eta arkatzaren ondoan beti agertzen zen borragoma. Arkatzaren aroa izan zen hura, haurtzaroa markatzen zuen hatzarteko makilatxoaren aroa. Baina boligrafoa lehen aldiz eskuetan hartu zenuenean heldutasunaren aroan sartu zinela ohartu zinen, amaitu zirela artifiziozko balak, jada, egiazko eskopeta bat zeneukala zure jabetzan. Eta arroilak marraztu zenituen harekin, errekak, ibaiak eta itsasoak, mendiko ataka hertsiak, galtzak eta uhalak, soineko eta minigonak, otsoak eta arranoak, etxeak eta etxaldeak, hiriak, eta baita haien karriketako jendeak ere. Eta idatzitako hitzekin sakondu zenuen marrazki haien sentimenduetan, barneak miatzen hasi zinen, lurrazala zulatzen, ur-azala bailitzan. Bakardadea eta adiskidetasuna, justizia eta injustizia sozialak, natura eta gizakia, ehunka kontu zure boligrafo urdinaren puntan. Eta heldu zen besteei buruz idaztetik, zure-zureak ziren gauzak idaztera pasa zinen garaia ere. Amodiozko gutunak, eta bete gabeko maitasunen ametsak agertu ziren orduan zure begien aitzinean. Gainera, garai horretarako, boligrafo beltzak pisua hartua zuen, eta baita gorriak ere; honek, zuzenketak egiten zizkizun, beltzak, aldiz, urdinaren gainean tatxoi handi bat egin eta orri zuriko erregea bera zela argi utzi zizun. Eta oharkabean joan dira urteak, gaur, ganbarako kutxa hezeen barnean zure boligrafo urdin hura aurkitu duzun arte, eta zalantzazko galderak besterik ez zaizkizu heldu burura, noiz egin ote zenion traizioa, noiz agertu ote zintzaion desleial, urte luzeak baitira hatzak teklatu baten gainean baino ez dituzula pausatzen.
Poeta hilezkorra

(Juan Gelman 1930-2014)
Hil da Juan Gelman idazle argentinarra, isildu da poeta, eta utzi dio hitzekin eraikitako sentimenduekin jolasteari, agian, orain, jainko eternoari egozten zion asperdura horretan aspertuko da bera ere, hilezkorra bilakatu baita. Buenos Aireseko Villa Crespo auzoan sortu zen 1930. Urtean, Ukrainatik Argentinara bizitza berri baten xerka joandako José Gelman eta Paulina Burichsonen hirugarren semea zen Juan, oinarrizko ikasketak amaitu ondotik kimikako ikasketak hasi zituena, eta haiek erdibidean utzita literaturari osoki emana bizi izan zena. Ideologia komunista besarkatu zuen gaztaroan, eta bere eremutik anitz egin zuen ezkerreko ideiak plazaratzeko, militante komunista olerkigileak bildurik “El pan duro” taldea sortu zuen 1955. urtean, berak erran bezala “Hitza, borrokatzeko tresna bat” delako. Baina ez zen soilik hitzetan gelditu, ekintzetara ere igaro zen, eta borroka armatuaren bideari ekin zion 1967. urtean Fuerzas Armadas Revolucionarias (FAR) gerrillari taldeko militante gisa. Artean, urtebete zeraman kazetari gisa lanean, eta bere burua Argentinako Iraultza leloarekin izendatu zuen diktadura militarrari aurkaritu zitzaion Peron eta Gebararen pentsamenduak barnebiltzen zituen talde gerrillariaren barnean. Berantago, 1973. urte amaieran, eta bere pentsamendu komunistak erabat baztertuak zituelarik, Montoneros talde gerrilleroarekin jarraitu zuen borroka armatuaren bidea. Barne idatziak sortuaz, eta kanporako agiriak idatziaz, beti eutsi zion idazkien munduari.
Montoneros talde armatuaren ordezkari gisa Argentinatik kanpo zebilelarik gertatu zen Isabelita Peron presidentearen aurkako kolpe militarra 1976ko martxoaren 24an, eta Argentinako hiru indar armatuetako komandanteek eskuratu zuten boterea, Jorge Rafael Videla, Emilio Eduardo Massera eta Orlando Ramon Agostik; Prozesua bezala ezagutzen den eta 1983 urte amaierarte iraun zuen diktadura hark Argentinako aro odoltsuenari hasiera eman zion; estatu terrorismoa nagusitu zen, atxilotu, torturatu eta hil egin zituzten milaka pertsona, desagerraraziak 30 milatik gora izan ziren, eta milaka haur gurasoei ebatsiak. Juan Gelmanek exilioa pairatu zuen garai hartan, eta munduko hiri anitzetan bizi ondotik Mexikon egonkortu zen. Exilio garaian, bizi borroka horri buruz anitz idatzi zuen, urruntasunaz, eta bakardadeaz, baina urte luzez ezer argitaratu gabe egon zen. Raul Alfonsinek 1983ko abenduak 10ean osatu zuen gobernu demokratikoak ez zion Argentinara itzultzeko aukerarik eman Gelmani, Montoneros talde gerrilariari egotzitako ekintzen zigorrek bere horretan segitzen baitzuten, eta 1988 urtean itzuli zen berriro sorlekura. Erbestea ez zen izan bere bizitzako minik handiena ordea, 1976ko kolpe militarraren karietara, abuztuaren 26an, bere seme Marcelo eta haren emazte Maria Claudia Garcia Irureta Goyena bahitu zituzten eta Automotores Orletti atxiloketa eta tortura toki klandestinora eramanak izan ziren, inteligentzia zerbitzuek El Jardin bezala ezagutzen zuten horrorearen toki hits hura, eta data horretatik aitzina desagertu egin zen bikotea. (Garage Olimpo Marco Bechisen zuzendaritzapean 1999. urtean eginiko filmak biziki ongi agertzen du halako toki batean eragindako sufrimendua)
Marcelo semearen berri 1990ean ukan zuen Gelmanek, Buenos Aires handiko San Fernando ibaian aurkitu baitzituzten haren hilotzaren arrastoak, zementuz jositako euskarri baten barnean, garondoan metro erdira emandako tiroz hila izan zela argitu zuen autopsiak. Maria Claudia zazpi hilabeteko haurdun zen bahiketa unean, eta Vaticanoko apaiz batek jakinarazi zion Gelmani 1978an haurra sortu zela eta norbaiti emana izan zela. Geroztik, biloba aurkitzeko saiakeran murgildu zen Gelman, baita nehoiz agertu ez den Maria Claudia errainaren bila ere. 1998an biloba Uruguaira eramana izan zela jakin zuen Gelmanek, eta hika-mika publikoa ukan zuen Julio Maria Sanguinetti garaiko presidentearekin, Gelmanek zehaztasunak eman baitzizkion biloba aurkitu zezan, baina honek ez zuen fitsik egin, eta katramila horrek biziki ezaguna egin zuen mundu mailan idazlea, babes anitz jaso zuelarik, pertsona ezagun eta ezezagunengandik. Azkenik, Uruguaiko presidente berriak, Jorge Luis Batllek 2000. urtean bilobaren berri eman zion, Andrea izenarekin polizia baten familian hazitako neska zen biloba, ADN frogak egin zizkioten Parisen, eta manera horretan frogatu zen bera zela Marcelo Ariel Gelman eta Maria Claudia Garcia Irureta Goyenaren alaba, Gelmanen biloba, eta neskak bere berezko abizenak hartu zituen, baita izena aldatu ere, geroztik Maria Macarena Gelman Garcia-Iruretagoyena da. Juan Gelman Bilobaren bila zebilelarik, hari idatzitako gutunak munduari bira eman zion.
Oparoa eta zabala da Juan Gelmanen obra, bai poesia arloan eta baita kazetaritza lanbide gisa zeukalarik ere, gogoangarria Marcos komandanteordeari eginiko elkarrizketa, eta baita honek bilobaren xerka ari zelarik idatzi zion gutuna ere. Heriotzari, maitasunari, haurtzaroari eta justizia sozialari idatzi zizkion poemarik gehienak. Sariak ere dozenaka bildu zituen Gelmanek, agian, garrantzitsuena 2007an jaso zuen Cervantes saria, baina ezin ahantzi Argentinako poesia sari nagusia, edo 2005ean jaso zuen Pablo Neruda saria ere.
Uruguaiko La Brecha astekari ezkertiarrean idazten zuen azkenaldian, han, zutabe bat zeukan iritziak plazaratzen segitzeko, 2013ko azaroan idatzi zuen azkena, non kapitalismoak eragindako krisi ekonomikoari buruz jardun zuen, eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) datuak baliatuz munduko langileek sofritzen ari zutenari argi pixka bat ezartzen zion. Honakoa handik itzulitako zati bat da: “Munduko aberastasunaren %41 jada ez dago aberatsen %1aren esku, %0’7aren esku dago baizik. Milioika langilek prekarietatea bizi dute lanean. Zenbaki borobilen hoztasunaren azpian gordetzen dena ikuskizun kezkagarri bat da, eta osotasun hori zatika hartu ondoren, are gehiago. Eta hori ez da guztia. Orduan eta adin gehiago, orduan eta aukera gehiago ditu langileak lanpostua galtzeko. Horren alternatiba lanpostua kosta ahala kosta mantentzea da, soldata baxuak kobratzea onartuaz, eta kontratuen iraunkortasun eza pairatuaz, jubilaziorik gabeko etorkizuna aurrikusiaz, deklaratu gabeko lanak eginaz, eta aurrerantzean familia mantendu ahalko duen galderarekin biziaz. Segurtasunik gabeko sentsazio baten menean biziko da gizakia beti, zeinak munduko milioika jenderengan beldur gehiago eragiten duen Al Qaedaren terrorismoak baino. Agian, horrexegatik zaindu nahi ditu botereak biztanleak, kontrol pean eduki, zein den haien sumindura jakin, nonoiz eztanda egin dezakeen kezkarekin.” Ezingo zaio irakurri tamainako hausnarketarik berriro, eta bere hitzekin sortutako figura erretorikoek ez diote magia gehiagorik piztuko bere irakurleari. Gizon samurra, gozoa eta nekaezina, menderakaitza agertu da heriotzeraino, injustizia ororen aurkako borrokalari handi bat joan da. Epitafioa ere idatzia utzi du bere poema anitzen artean, horra haren itzulpena euskarara:
Txori bat bizi zen nigan.
Lore batek bidaiatzen zuen ene odolean.
Nire bihotza biolin bat zen.
Maite izan nuen, edo ez nuen maite izan.
Baina batzuetan maitatua izan nintzen.
Ni ere pozten ninduten: udaberriak, elkartutako eskuek, zorionak.
Gizonak, izan behar duela erraten dut!
Hemen datza txori bat.
Lore bat.
Biolin bat.

Juan Gelman Macarena bilobarekin
GARA egunkarian argitaratua (2014-01-16)
“La tarea más laboriosa de los amantes no consiste en hacer el amor, sino en deshacerlo” Juan Gelman
“
Maitemintzen
Hamar bat aldiz maitemintzen zara egunean. Batzuetan, lehen eguzki printzekin batera, karrikan behera jeitsi eta bidean gurutzatutako anitzek, begiradarekin zerbait erran nahi izan dizutela ohartu duzu. Interesa piztu diezu, edo erakargarri atzeman zaituzte, horregatik behatu dizute xarmaz, hori da pentsatzen duzuna. Eta begi-niniak distiraren pean borobildu eta autoestimua goratzen den lekuetara eramaten zaitu memento horrek, urteak pasa arau zailagoa baita xarmatzearen merkatu horretan salneurri egoki bat ukaitea. Konkurrentzia handia dago, eta gizakiaren eboluzioa zure kontrara doa, geroz eta ederragoak atzematen dituzulako zu baino beranduago sortu direnak. Beste batzuetan, autobusean edo trenean sentitu izan duzu begiradak zugan pausatu direla, unea izoztu duen, edo, denboraren igaroa mantsoagotu duen intentsitate handiko zerbait sentitu izan duzunean. Eta jolas horretako protagonista zu zara; maite duzu desirak agerian uzten dituen gurpilari segida eman eta begiradaren fantasiak sortu duen erlazio labur horretan parte hartzea. Okindegian sartu izan zara besteetan, eta saltzaileak irribarre polit bat eskaini dizula ohartu duzu, eta orduan, zure begiradarik amultsuena oparitzen diozu trukean, eskerrak emateko manera bat balitz bezala, eta zuganako duen jarrera atseginari adeitasunez erantzun eta energia maitekor bat telepatikoki helarazteko intentzioarekin. Kiroldegian ere gertatu zaizu halakorik, zineman, supermerkatuan, eta baita egunero kafea hartzen duzun ostatuan ere. Maitagarri atzeman zaituztenez haiek maitagarri direla sentitu duzu hamaika leku desberdinetan. Horregatik guztiagatik zaintzen duzu bereziki itxura, besteek begiratuko zaituztenean eder agertzeko, agian, apain zaudelako begiratzen baitzaituzte. Eta orain beherapenen garaia da, sos anitzik ez baduzu ere arropa polita eskuratzeko garaia, behera penak eta gora bihotza, arroparik erosiko ez baduzu ere eguneroko begirada horiekin janzten segituko duzulako, maitemintzen segitzeko garaia baita.
Umeen fabrika
Umeen fabrika deitzen zioten. Ez zen haurren lantokia, ez eta haiek mundura ekartzeko lekua ere. Frantziara urrunetik heldutako bikote baten etxeak zeraman izendapen hura; heien hiru haurrekin Dordoina departamenduko Saint Germain des Prés herrira iritsi, lantegi zahar bat arraberritu, eta bizi berri bati hastapena eman zion bikote gazteak bostehun biztanleko herri ttipian. Han, begirada eta hitz guztiak haienganatu zituzten, eta gainditu beharreko azterketa bailitzan zaintzapean pasa zituzten lehen urteak. Herrian ez zen eskolarik, eta herritarrek Dordoinako Périgueux hiriburura eramaten zituzten haurrak, autoz ia ordubeteko bidaia eginaz. Bikoteak, ordea, heien haurrak etxean heztea erabaki zuen, eta langintza horretara osoki emanak bizi izan ziren urte luzetan. Erabakiarekin erosotasuna irabazi edo galdu ote zuten zalantzan eman bazitekeen ere, beren hizkuntza eta kultur moldeak haurrengan txertatzea lortu zuten nolabait. Shakespearen idatziak, Aristotelesen irakaspenak, Darwinen teoriak, eta jolasak, denetarik partekatu zuten haurrekin. Denborarekin harremanak sakondu zituzten herritarrekin, eta itxitako ateak ireki egin ziren. Hasieran, haurrak bilakatu ziren haurren lagun, ondoren, gurasoak. Lotara gelditzen hasi ziren ume batzuk, eta eguna pasatzen gero, irakaspenak jasotzen. Denbora gutxian herriko haur gehienek etxe hartan iragaten zuten eguna, eta baita hurbileko Excideuil, Saint Jory las Bloux eta Saint Martial d’Albarède herrietakoek ere; zoriontsu sentitzen ziren han. Arrakasta ikusirik, bikoteak eskola bat sortzea erabaki zuen, baina frantses administrazioak aukera hori eragotzi eta debekatu egin zien, ez soilik atzerritarrak zirelako, Parisetik kudeatzen delako hezkuntza Frantzian, ez beste nehondik. Goiz batez, umeen fabrikako ateak itxirik topatu zituzten herritarrek, etxea hutsik zen, bikotearen berririk ez, eta nehork ez zekien deus. Amets bat izan al zen? Dena? Denena?. Egun, lehen-hezkuntzako eskola dago Saint Germain des Présen, hurbileko herrietako haurrak biltzen dira han, eta handia da ezer ez zegoen tokian zerbait sortu izana, handia guraso anitzek irabazi duten erosotasuna, baina handiagoa da umeen fabrikaren hutsunea.
You must be logged in to post a comment.