Besteren ogia


kolyma6Besteren ogia zen hura, ez berea. Lankidearena zen, edo, lagun eta lankidea zen harena, atal hau ez baitzitzaidan oso argi gelditu Varlam Shalamoven errelatoa irakurtzean, nik, «compañero» leitu nuelako, eta izenordeari ez niolako atentzio gehiegirik eskaini. Lan txandaz aldatu zuten lankidea ordea, eta berarengan konfiantza osoa zeukan, horrexegatik utzi zion ogia, zaintzeko. Eta bera, lo egiteko tokian zegoen, artean, besteak, literetan zeuden, eta bera, ogiarekin hasi zen borrokan. Gose baitzen, gose. Kutxa errusiar batean zegoen ogia, krokodilo larruz estalitako kutxa txiki batean. Lotsaz, inork ikus ez zezan, isilpean, kutxa ireki eta ogia usaindu zuen, askatutako ogi apurrak esku ahurrean batu zituen, miazkatzeko. Ogi mamiari hatz ttipiko azazkalaren neurriko hiru zati kendu zizkion. Ogia burura zetorkion bakoitzean zatitxo batekin asebete, eta lasai egin zuen lo, lankidearen ogia ez zuelako jan. Nehoiz ez baitzuen lasai egingo bestela. Halako zerbait iradokitzen du Shalamov idazle errusiarraren Kolymako errelatoetako batek. Egiazko gertakarien isla dira errelato horiek, troskismoaren alde aritzeagatik derrigortutako lanetara kondenatua izan baitzen idazlea heriotza zuriko lurra deitutako eremuan, Siberian. 30 urte zituen orduan, eta aurrez, 22rekin, hiru urtez bete zuen kondena Ural mendien iparrera dagoen Krasnovishersk-en, Leninen testamentua banatzeagatik, Stalinen aurka. Gulag-a ederki probatutakoa, hotza, bakardadea, gosea, tifusa, denak gainditu zituen Shalamovek, nahiz eta 17 urte igaro zuhaitzak mozten edo mehatzeko jardunean, 3 milioi pertsona baino gehiago hil ziren tokian. Mugako egoeran, oinarrizko guztia falta denean, maitasuna, adiskidetasuna, solidaritatea, eta ulerkortasuna zalantzan ematen dituzten ehundik gora errelato, gorrotoa baino kabitzen ez den giza gorputzean. Kolyma, Shalamov. Eta gure gizartean, oinarrizkoa falta ez zaigun tokian, adjektibo horietatik zenbat falta zaizkigun pentsatzen pasa dut eguna. Edo besteren ogia zenbatetan jaten dugun bestela.
kly

GARA egunkarian argitaratua (2014-11-24)

Katedrala


nottre

Antzerkigintza klasikotik urrunduta, erromantikoari eutsi zion Victor Hugok 1830ean «Hernani» antzerkiaren estreinaldiarekin. Iskanbilatsua izan zen gainera, erromantikoak eta klasikoak elkarri mokoka jardun baitziren nor gailenduko. Hamalau urte berantago, Venezian estreinatu zuen Giuseppe Verdik Hugoren sorkuntza, «h»-a kendu, «Ernani» izena eman, eta opera bilakatuta. Inoizko idazle frantsesik onenetakoak, artean, ez zuen Euskal Herria ezagutzen, umetan, aitarekin igaroak zituen euskal lurrak Madrilerako bidean, eta 1843an, bigarren bisitan Pasai Donibanerekin maitemindu eta Euskal Herriaren maitale bilakatu zen. Aitzineko ezezagutza horrek eramango zuen ziurrenik, Hernani, deserritutako bidelapurra, eta Doña Solen maitasun istorioa Aragoin kokatzera. Zernahi gisaz, argitaratze uneko iskanbilak mingotsa sortu zuen bere baitan, Adèle emaztearekin bereizi zen bestalde, eta tristurari aginterik eman gabe, bere obra ospetsuenetakoa den «Notre-Dame de Paris» eleberria idaztera jarri zen. 1831n eman zuen argitara. Bertan, estilo gotikoa duen katedralean babesturik bizi den konkordun gor baten istorioa lantzen du, Quasimodorena. Mozorro gau bat profitatuz, Esmeralda dantzari ijitoak katedralera iristea lortzen du, Parisen sartzea debekatua zuten bera bezalakoek, baina Quasimodoren laguntza ukan zuen, eta biek artxidiakonoarena. Eliza katolikoa ahulenen alde ageri da hor, baztertuekin.

Baionan, XXI. mendean, Sainte-Marie katedralaren aitzinean, Erromako elizarena den tenpluan, etxe gabeko pertsona bat hil da pasa den astean. Zeruaren hurbil infernua bizita. Elizako ateak itxita zeuden gauean. Erre zenetik erromaniko izateari utzita, Parisekoaren gisa estilo gotikoa du katedralak, garai bertsuan berreraikia izan baitzen. Victor Hugok baluke zer idatzia. Eta tokiko agintari frantsesek kasu gehiago egingo liokete gaiari, seguruenik.

ona

GARA egunkarian argitaratua (2014-11-17)

L’escriptora dels somnis


amets berdeaAmetsen idazlea. Montse Flores Pallarès. Hitzen jostuna, emozioen sortzailea. Ikasketaz filologoa eta lanbidez hizkuntza irakaslea bigarren hezkuntzako zentro batean; boluntarioki, integrazioan lan itzela egiten duena. Bestalde, FC Barcelonaren La Masian, Centre de Formació Oriol Tort-en, literatura kudeatzen du. Berriki, Gaumin argitaletxeak bere «L’aigua del Rif» argitaratu du euskaraz. Horra irakurtzeko gonbita. Aspaldiko laguna dut, eta estimu handia diot. Atzo, sentitu zuena idazteko eskatu nion, egun berezia baitzen beretzat, eta bere hitzak dakartzat hona euskarara itzulita: «Gaur, lan egiten dudan institutuan bozkatu dut. Langile auzo batean. Nire aitaren familia etorkina beso zabalik hartu zuen hirian. Zoriak nahi izan du irakasgai gehienak eskaintzen ditudan gelan bozkatu izana. Ikasgela horietan, ikasleei beren kabuz pentsatzen laguntzen diegu, kontzientzia kritikoa piztu eta ahots propioa duten hiritar gisa bizi daitezen. Gudu zelaia eremu askotan aurki daiteke, baina borroka gure baitatik sortzen da. Nire seme zaharrenak lehen aldiz bozkatu du, eta bozkatu nahi zuten asko jadanik ez daude. Denetarik entzun dut aste osoan. Errespetua agertu didate batzuek, nire inguruko jendeak harridura ere agertu dit ordea, pertsona solidario eta konprometitua naizela esaten didate, eta ez dute ulertzen ni hausturaren alde egotea. Gaur, bozkatu egin dut, ordea. Borrokan arima utzi zutenen alde. Borrokatzeagatik kartzelatu eta hil zituzten ene senitarteko guztien omenez. Desobedientziarekin herri bat eraiki zutenengatik. Demokrazia berriro balorez betetzeko egin dut. Inork ezin du herri baten ahotsa isilarazi. Dei nazazue ameslari, edo zoro. Zorotasunak ematen didan argitasunak bizirik sentiarazten nau. Beldurrak geldiarazten gaituela ikasi dugu, eta guk ez dugu beldurrik. Munduari erakutsi nahi diogu aske izan nahi dugula, edukazioz, elkarbizitzatik, poztasunetik. Desiratzen dugun guztia, aurrez, amestu egin behar dela».montse1

GARA egunkarian argitaratua (2014-11-10)

soS.O.S


01-sosos-san-juan-de-luz-ander-ramon_foto960Ez dut ohiturarik telebistako emankizunen kritika egiteko, baina «La costa de Iparralde. El lujo de una gastronomía» EiTBko «No es país para sosos» saioan ikusi dudanetik, sentitzen dudan auzo-lotsa kendu ezinik nabil, eta pentsamendu batzuk ekartzea erabaki dut lerrootara. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek Lapurdiko kostan (ez Iparraldekoan) zer ez den egin behar egokitasunez azaltzen dutela iruditu baitzait, nora ez den joan behar ere bai, eta batez ere nola. Bidasoa iragaiteko ez baita smoking bat behar, eta ez pentsa etxe nahiz ostatuetan Edith Piafek «Non, je ne regrette rien» kantatuko dizunik ere, agian, aurkezleek Parisen zeudela uste izan baitzuten. Baserritarrez jantzita agertu balira, mezu bat igortzen ari zirela pentsatuko genukeen, smokingarekin halatsu gertatzen da. Turistek, tren ttipiak baliatzen dituzte, bai; herritarrek ez, ordea.
Horrela idatzi zuten telebistako pantailan, baina ez da San Juan de Luz existitzen, Donibane Lohizune bai, bertan bizi naiz ni, izen ofiziala Saint Jean de Luzekin partekatua duen herrian. Justuki, garaiotan, Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko gazte anitz ari dira herrien euskarazko izenak aldarrikatzen, eta aldarrikapen horrek poliziaren eta legearen aitzinera eraman ditu babesgabe. Ramonentzat ipajalde, Anderrentzat Francia, hemengo euskaldunei trufa eta irri, ahoskeragatik, kolonizazioagatik, betikoa. Berea ez den abesti batekin fama egin duen artista bat gonbidatu gisa, Anne Etchegoyen, urte luzez bazterrak artez bete dituzten sortzaileak dozenaka dituzunean hiru herrialdeetan. Serge Blanco eta bere negozio pribatuen publizitatea, allez eta oui bertakoen esamolde gisa agertzea, Ttoro, Axoa, Gateau Basque, piment d’Espelette… turista batek eramaten dituen produktuak erakusgai. Ipar Euskal Herria hori ere bada, baina ez hori soilik. Berriki, France 3k, frantses telebista kateak, Iparretarrak talde armatua ardatz, hemengo arazoei buruz eginiko dokumental bikaina eskaini du, EiTBn aldiz, euskal telebista publikoan, topikoz jositako programa mingarri hau eskaini digute, prime time-an. Hori da aldea.

09-sosos-ander-anne-hendaia_foto960

GARA egunkarian argitaratua (2014-11-03)