Babi Yar


Babi Yar-74

Hogeigarren mendearen bezperetan, Errusiako Inperioaren kariz, Lituanian, Ukrainan, Bielorrusian eta Poloniako zati batean zeuden juduak. Vasily Grossman idazlearen aburuz, judu herriaren bihotza. Tsar handiaren eskutik jazarpen etengabea sufritu zuten. 1917ko iraultzarekin ordea, Leninek asimilazio eta integrazio politika ezarri zuen abian, Errusiako herritar bihurtu zituen, sinagogak nazionalizatu, eta judu aferak tratatzeko kontseilua sortu zuen. Judu belaunaldi berri bat sortu zen orduan, aurrerakoia; erlijioari fermuki atxikitakoek, ideia askatzaileagoak ukan zituzten, eta kultur aberastasuna ekarri zuen irekidurak. Baina 1941eko ekainaren 22an, «Unternehmen Barbarossa» izendatutakoarekin, alemaniarrek Sobietar Batasuna inbaditu, eta juduak eskubiderik gabe gelditu ziren. Stalinek ez zituen babestu, eta milaka hil zituzten alemanek, biluzik, fusilatuta, animaliak bailiran, zuloetan pilatuta. Hildakoak errusiarrak zirela adierazi zuen Stalinen propagandak, malkoa errazago bilatu eta alemaniarren aurkako herra indartzeko, ez ziren exterminatutako juduak, alde horretarik, ahaztuak izan ziren. Leninek errana zuen arte guztien artetik zinema zela garrantzitsuena, eta 1920tik 1930era, errusiarrek urtetarako ekarpenak egin zizkioten zinema munduari teknika nahiz sorkuntza aldetik, Medvedkin, Eisenstein, Pudovkin, edo Vertov, ikur bilakatu ziren. Stalinek, ordea, erasoko arma gisa ulertu zuen zinema, propagandarako tresna. Antzekoa egiten zuen Hitlerrek, eta garaiko zinemagile onenak baliatu zituzten biek ala biek elkarren kontra. Juduek, egun, zinemagintzan boterea dutelarik, Holokaustoari buruzko film bat aldiro dakarte plazara, munduak oroit dezan haiek sufritua, agian, aringarria izan dezan judu berek egun sortzen duten horroreak. Gutxitan aipatu dituzte Errusiako inbasio hartan hildako juduak;
eta orain, Hitler eta Stalinen zinemagileek jasotako irudiekin egindako filmei esker, juduek ahantzitako juduak ere bazeudela ikusten hasi gara.

Arratsaldeko sareak


loreLurrean lore bat pausatu, eta badoa. Hori da zure begiek ikusiko duten lehen imajina. Itzal bat hurbilduko zaio loreari, eta sandaliak dituen emakume bihurtuko da. Lorea eskuetan hartu eta eskaileretan gora abiatuko da, baina atea itxita aurkituko du, orduan, giltza zorrotik atera, eta lurrera eroriko zaio; barnean, aldizkari orriak ikusiko ditu lurrean, sofa bat, oker ezarritako koadroa, eta itzalitako tximinia kortina koloretsuen artean. Sukaldeko mahaiaren gainean kikara bat dago, eta ondoan, labana sartuta daukan ogi zatia. Begiratu orduko, mahaira erortzen da labana. Eskegitako telefonoa, hutsik dagoen logela, leiho ireki bat, eta dabilen haizea; disko aparailua itzali eta sofatxo batean etzango da emakumea, kristaletik beha lo hartzeko, amets egiteko. Guztiari zentzu bat atzemateko. Hau da «Meshes of the Afternoon» 1943an Maya Deren artistak filmatutako laburraren hasiera, 14 minutuko arte obra bat. AEBetan underground zinemaren aitzindaritzat hartutako emakumea Kieven sortu zen, ordea, Errusiar iraultzaren urtean, 1917an, Eleanora Derenkovskaïa izenarekin, beraz, abizenaren lehen hitzak baino ez zituen atxiki Sirakusan. Aita, Leon Trotskiren jarraitzaile zen, eta horrek eraman zuen familiarekin AEBetan amaitzera. «Poeta izan nintzen zinemagile baino lehen, biziki poeta pobrea nintzen, ordea; ikusitako imajinekin eraikitzen dut pentsamendua, eta poesiak imajina horiek testu bihurtzen laguntzen dit». Hala aitortzen zuen Maya Derenek, eta bere film labur ezagun horrekin garbi uzten zuen, eguneroko gauza arruntak zein misteriotsu bilakatzen ahal diren ametsetan. Zuk, ordea, aspaldian, inertziaz egiten duzula lo pentsatu duzu, amesteko desirarik gabe, hurrengo egunean esnatzeko helburu soilarekin. Jakinik, ametsak direla errealitateari beste dimentsio bat eskaintzeko modu bakarra. Eta alaiagoa.

Zertarako


chimbo

Batzuetan, iduri zaizu, munduaren lur eta ur azalak utzita, galdutako puntu urrunetan galduta zabiltzala. Norabiderik gabe alderrai, hegalik gabeko hegaldian. Gerta daiteke urte berriko asmoak zerrendatzen hastean. Adibidez.
Baina oinak lurrean izanda ikasi zenuen Lurraren erdigunetik urrunen dagoen puntua Chimborazo mendia dela, Ekuadorren, Andeetako mendikatean, eta aldi berean, aire espaziotik landa, kanpo-espaziotik gertuen dagoena ere huraxe dela; bertakoek badakite eguzkitik gertuen dagoen puntua dela beraiena, eta urte berri oro lurrera heltzen den eguzki galdak haien aurpegia laztantzen duela beste nehorena baino lehen.
Aspaldi, sumendia izan zen, bere su, eta bere ke; baina badira mila eta bostehun bat urte labarik isuri gabe isil-isilik dagoela, hain lasai eta hain hotz, non elurrak ere bere galdara inguratu duen. Izan zen garai bat, bere sei mila eta berrehun metroz goiti, mendizaleek, munduko garaiena zela uste izan zutena, honela, XVII. eta XVIII. mendeetan harat igo ondotik, konkistatzaile sentitu ziren maldagoizale nekaezinak.
Ez zuten arrazoi faltarik, Lurraren forma geoidea kontuan hartuta, eta neurtzeko ura ez den puntu bat hartuz gero, Everest baino altuago baitago hura, zerutik gertuago.
Simon Bolivar ere saiatu zen hura igotzen, eta poema bat behintzat eskaini zion sumendiari. Konkista da bestalde, inguru horrek ezagutu duena, bere magaleko Riobamba hiria espainolek Ekuadorren sortutako lehena omen da, eta deskonkista ere ezagutu du lurraldeak, espainolen kateak betirako hausten han hasi baitziren; Lizarzaburu abizenak badu garrantzia Riobamba berrian. Ekuadorreko emakumeen lehen altxaldia ere, hiri horretan izan zen, soldata baxuen kontrako grebari ekinaz, lan kontratuen alde.
Azkenik, oroitu duzu, Urtezaharrean, Riobamban ikusi zenuela Quino argentinarraren Mafalda, panpina bihurtuta, `Año Viejo’ ospatzeko erregai. Antza, espainolek (edo euskaldunek) eraman zuten hara gaur egun Ekuador guztian zabaldua den ohitura. Energia txarrak panpinekin batera erre, asmo txarrak atzean utzi, eta berrien xerka beha jartzeko. Galdera batzuk zeuzkan Mafaldak, eta haiek egin zitzaizkizun deigarri: Munduko gosea eta pobrezia amaitu dira? Arma nuklearrak desagertu dira? Beraz… zertarako aldatzen dugu urtez?

IMG_9299

GARA egunkarian argitaratua (2015-01-05)

Argazkiak: Joseba OiarzabalIMG_9300

Biziki eta oso


saint-jean-pied-de-port-le-pont-1400x350

Pasilloan korrika bizian, bere hanka zuztarrak agerian dituela, ‘ze erraiten dezu’ galdegin duenean etorri zaizu burura. ‘Erraiten’ lapurteraz esan baitu, eta ahoskeran ‘r’ indartu du gainera, baina ‘ze’ ere esan du, eta batez ere ‘dezu’, gipuzkeraz. Ama, lapurtarra, eta aita gipuzkoarra izatearen ondorioa, mestizajea; orobat kosmopolita, eta zerbait izatekotan, polita. Hizketan jarraitu du bi urte eta zortzi hilabete eskas dituen haurrak, ‘biziki kokina zea’ entzun baitu aitak esanda, bihurria, eta berak, honela erantzun dio: Hola ez! aitak ‘oso’ eta amak ‘biziki’. Aitak ‘trikua’ eta amak ‘sagarroia’ izan zitekeen, edo aitak ‘amona mantangorri’ eta amak ‘kattalingorri’, ‘azenayua’ eta ‘pastenarrea’ bestela, edo ‘katagorria’ eta ‘urtxintxa’. Baina burura etorri zaizuna da nahasketarena, ipar Euskal Herrian zenbat familia osatu diren egoera politikoak hala behartuta, agian, beste egoera batean osatuko ez zirenak. Eta kultur nahasketa nola eman den, eta zenbat aberastasun eratorri den hortik, hango eta hemengo, baina herri bereko; hori ere bururatu zaizu. Martxoan beteko ditu 3 urte Ekainek, eta toka-noka hitz egiten du, xuka gainera, Nafarroa Behereko toki batzuetan bizirik dagoen hizkera, eta gamartarra den bere ama Intzak mimoz eta artez irakatsi diona. Aita, Julen, oraintsu atera da kartzelatik, Pasaia Donibanekoa da, eta Intza kartzelara sartu nahi dute orain. Urtarrilak 17an manifa antolatu dute Donibane Garazin, kartzelatze hori atzera botatzeko. Ibaik 3 urte beteko ditu maiatzean, eta hilabete berean, 6 Artizek, anaiak dira, eta Larresoron bizi dira, ama hangoa baitute, aita berriz donostiarra, Oier, preso dagoena; otsailak 12an jakingo du familiarekin bizi ahalko den Lapurdin, eta hizkuntzarekin batera haur horien poz emozionala aberastuko ote duen ere bai. Badira gehiago, izan dira, baina batez ere, direnek, izan behar dute. Ez bakarrik aberastasuna ekartzen diotelako lur zahar honi, baizik eta, haur horiek, beren gurasoekin, trabarik eta debekurik gabe hazteko eskubidea dutelako.

GARA egunkarian argitaratua (2015-01-12)