Bitartean


kandel

Kontraesanez betetako sortzaile izatea zer den. SGAEren aurka egonda SGAEren barnean hogei urte luzez egotea zer den. Musika idazle baten ttipitasuna, zalantza eta kezkak handitzen dutela sentitzea zer den. Monopolioen aurka egon eta monopolio batek zure garun eta eskuetatik irten denaren kontrol osoa nola hartzen duen ikustea zer den. «The creative process is a process of surrender, not control» aspaldi esan zuen Julia Cameron sortzaile handiak, alegia, sorkuntza errendizioa dela, eta ez kontrola; ez zuen ari naizenarekiko esan, baina ederki datorkio. Zer den esaten luze segituko bainuke, nik eta ni bezalako askok bizi dugunari buruzko kontrol gehiago banu. Edo, adierazteko, kontzientzia lasaiago banu behintzat bai. Agian bai.
Kontua da SGAEn jarraitzen dudala; kontua da Elizaren zerrendan bezala erraz sartzen zaren ate bat dela egileen eskubideak Espainian zaintzen dituen elkartea, baina nekez irteten zarela handik. Kontua da emandako dirua isil-isilik sartu dudala patrikan. Kontua da, bat gutti ez, eta ipar Euskal Herrian egindako lanak SACEM frantsesak ere jabetzan dituela. Kontua da urte luzetan itxaron dudala antzeko euskal elkarte baten sortzea, zuzenagoa, gardenagoa, gureagoa; laguntzaileagoa. Eta beltzatu nahi duen larruazalari eguzkiak sortzen dion ilusioa piztu zidan EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoak orain hilabete batzuk, baina geroztik ez dut haren berririk, ez dakit nola jarri harremanetan, ez du webgunerik, edo telefonorik bistan. Ni bezalako batzuekin hitz egin dut gaiari buruz, ezagunak ditudalako, ni bezalako asko ataka berean egongo direla ere pentsatu izan dut, ezezagunak ditudalako. Eta bitartean, idazten jarraitzen dut, ilunpean argia topatu nahian. Bitartean. Otsailaren 26an SGAEn izango diren hauteskundeetan aurkezten direnen kexu formako proposamenek e-posta betetzen didaten bitartean.

kandelak

jentilizatzen


telebistannTelebistako gizon hark askotan deitzen zion idazle bati «el galo», frantsesa zela azpimarratzeko-edo, uste baitzuen galiar jentilizioak publikoari ulertaraziko ziola frantsesa zela. Baina ez zen hala. Prezio berean, belgikarra, suitzarra edo Italiako iparrekoa izan baitzitekeen, galiar jatorria lur horietan ere kokatzen baita. Beste batek «el luso» baliatzen zuen futbol jokalari bat izendatzeko, eta ondokoak, «lusitano» erran behar zuela egin zion ohar. Biek ala biek Portugaleko jatorriarekin lotu nahi zuten, baina beren historia eta geografia jakintzak ez zirela sakonegiak ohartu ziren orduan, horregatik «lo vamos a dejar en portugués y ya está» erran zioten elkarri. Informatiboetako aurkezleak «el presidente de Norcorea» aipatu zuen ia segidan, iparrekoentzat Norcorea eta hegokoentzat Surcorea karrikako gazteleran baino ez dela baliatu behar jakinda, hedabideetan behintzat Corea del Norte hobetsi behar delako. República Popular Democrática de Corea behar luke egiazki, baina tira, Kim Jong-Un liderrari ez diote halako keinurik eginen kapitalismoaren zerbitzariek. Tertuliano askok ez dute ikasi oraindik islámico eta musulmán ez direla beti árabe, Iranen, Turkian edo Indonesian egon ez diren seinale. Edo Malaysian «el malayo» etnia edo hizkuntza baino ez dela, eta «el malasio» behar luketela erabili. Azkenik, gure telebista kate batean, «el jugador vasco-francés» entzun zen, eta vasco-español ez zela nehoiz erraten eztabaidan jardun ginen lagunartean, Francoren garaietan agian, vasco-navarro terminoak indarra zuenean. Agian. «Corrida vasco-landesa» irakurri aldiro Landetan txortan egin zuela oroitzen zuela; batek, umorera jo eta eztabaida bukatu zuen. En fin. Toponimo, exonimo, exotoponimo okerrak. Jentilizioen mundu galdua. Segi orain, zerrendan dituzunekin. Edo, femeninoan hain guti zergatik erabiltzen diren hausnartzen.telebi

GARA egunkarian argitaratua (2015-02-16)

Gazura


angumuseoaCharente ibaiaren altzoan dago Angoulême, 42 mila biztanleko hiri ttipia; kasualki, mila biztanleko, nazioarteko komiki jaialdiaren edizio bat, aurten, 42garren urtea bete baitu hiriari mundu mailako sona ematen dion Bande Dessinée, komikien, jaialdiak. Iraultza Frantsesaren garaian izena aldatu zioten hiriari, Frantziako erregeen Valois adarretik zetorrelako, eta «Montagne-Charente» ukan zuen bere naturari lotutako izen.
Euskal Herritik Pariserako bidean, trenez, askori egingo zaie deigarri hiria, bere eraikuntza historiko ederra ikus baitaiteke leihotik, baina batez ere, TGV supersonikoak, euskal agintari batzuek goraipatzen duten abiadura handiko trenak, Angoulêmen ez baitu abiadura berezirik hartua oraino; Hendaiatik Poitiersera iristeko tren arruntak adina denbora behar du. Paisaia politak bistaratzeko manera bakarra bestalde, alferrik litzateke bestela.
Aurten, «Charlie Hebdo»-k zentralizatu du jaialdia, baita sektorearen kezkak ere, gero eta zailagoa baita sorkuntza bide honi eustea, dela salmenten beititzeagatik, dela instituzioen laguntza ezagatik. Milaka komikiren artean antzeman zitekeen Fermin Muguruzaren azken lana, «Black is Beltza», han aurkezteko ahalegina egin duelako euskal artista handiak. Euskaldun batzuk joan-etorrian, komikien maitaleentzat galdu ezinezko zita bihurtu da Angulemakoa, ez hainbeste euskal argitaletxeentzat, nahiz gero eta gehiago diren hara begira jarriak, agian, Euskal Herrian komikigintza indartzen ari dela iduri baitu, behintzat, lurrikara kulturala sortu du «H28» euskarazko hilabetekari satirikoak gure lurretan, eta luzarako izan dadin baino ezin zaio desira. Orain urte batzuk, Dani Fano komikigileari irakurri nion «zainketa berezien gelan gaude, gazura tantaka hartzen» kezkagarria. Gelatik horretatik ateratzeko, ordea, sormenaz gain, AHT bezalako proiektu munstroei zuzendutako laguntza ekonomikotik zerbait beharko da.korto

GARA egunkarian argitaratua (2015-02-09)

Kontakizun


goiz

Badira istorioak ahoz aho kontatzen hasita lurmutur batetik bestera salto egiteko gai direnak. Gero, ikusteke dago, ahoz-ahoko bidaia horretan zenbat galdu duten hasierakotik edo zenbat gainjarri zaien bestela, baina denborak erlojuko orratzei begira diharduenetik, on egiten digun zerbait da besteei gertatua entzutea; askotan, irudimenaren leihoak zabaltzeko manera gisa; bestetan, kontseilu edo itxaropen uneen eskean gabiltzanon helduleku bezala. Uruguaitik iritsi zait istorio hau. Bertako lagun batek kontatu dit, eta Kanarietan gertatu zen. Tartean, euskaldun bat zegoen, nola ez. Gure lurretan famatua den norbait. Kanaria Uharteetan oporretan omen zebilen gure euskalduna, eta, desagertzear zeuden espezieen inguruan egiten ari ziren lana azaltzen zien gidak txango batean. Txangoan, bost urteko mutiko batek beste mutiko bati gazteleratik katalanera itzultzen omen zizkion gidaren azalpenak. Haur hori komunera joan zenean, gidak aitari erran ei zion ea ez zuen lotsarazten haurrari gazteleraz ez erakutsi izanak, horrek eragozpenak baino ez zizkiola-eta sortuko bizitzan. Haserre bidean entzun omen zituen hitz hauek gure euskaldunak, baina eztabaidan parte hartu nahirik, ikuspegi positibo batetik egitea erabaki omen zuen, maitasunaren aldetik, gidak hobeto ulertuko zuelakoan.
Aipatu zion, momentu batzuk lehenago, pasioz azaldu ziela zein premiazko lana egiten zuten desagertzear zeuden espezie eta landareekin, esfortzu handi batek etekin gutxi izaten zuela, eta zein miresgarri zen ahalegin hori. Beraz, jar zedila landare eta espezieen babesleen paperetik hizkuntzarena ikusteko, haur horren gurasoek erabaki baitzuten ahula babestea lehenbizi, indartsua geroago ikasteko aukerak ehunka izanen zituelako. Gidak sekula ez zuela alde horretarik behatu baieztatu zion, eta, halaber, eskerrak eman. Alde baikorra, maitasunaren aldea, beti izango da gehi, positibo, beti izango da akusazio eta zigorrarena baino baliagarriago. Distiratsuago.

ilunabarGARA egunkarian argitaratua (2015-02-01)

Argazkiak: Alejo Moreno Sainz