Malkoei begira


 

zuhaitzabaroa

Malkoari begiratzen zion haurrak, bere begietatik nola irten zen ulertu gabe. Ezkerreko begitik atera ote zen, edo eskuinekotik, zalantza ukan zuen hasieran, baina duda efimero horri erantzunik eman gabe, tanta heze distiratsu hura berea zela jakin zuen. Ez zekien zergatia, ez eta jatorria ere, baina nabaritu zuen irteten ari zela, masailak alderik alde zeharkatu zizkiola, eta jolas mahaiaren gainean pausatu zenean, haurrak, atentzioa osoki eskaini zion. Baina begirada altxatu orduko memento haren mistikak alde egin zion, jendea begira zeukala ohartu zuen, eta hor, malkoak, berea izateari utzi zion. Ur tanta gazi hari buruz besteek hitz egingo zuten nahinoiz, eta berak aldiz, nehoiz. Nerabea izan zen negarrari ekin ziona behinola. Mela-mela zeuzkan masailak. Bat. Ikaskideek ez zutela errespetatzen. Bi. Maiteminduta zeukan neskak ezezkoa eman ziola. Hiru. Erakusleihotik ametsetako jantzia desagertu zela. Lau. Gasolinarik gabe errepide bazterrean utzitako scooter berriaren xerka joan behar zuela. Bost. Eta sei. Motiboak zeuzkan ehunka. Eta okerrena, nehori ez zitzaiola axola bere malkorik. Abenduko bigarren ostiralean negar zotinka aurkitu zuten 50 urteko emakumea supermerkatuko parkingean, eta jendetza hurbildu zen haren ingurura, batzuk morbo hutsagatik, beste batzuk zer gertatu zen jakiteko. Eta gertatu zena ez zekiena emakumea zen. Zena, zekiena, zen. Laguntzarik behar ote zuen, galdera hori entzuten zuen behin eta berriz. Eta nola erraten da lagundu? Batez ere zer behar duzun ez dakizunean. Azaltzeko baino ulertzeko konplexuagoak diren sentimenduen artean malkoek igerian dakitelako. Eta zahar etxeko bakardade partekatuan, urteko azken egunean, negarrik egiteko motiborik izango ote duen pentsatu du aitona zaharrak. Badu aspaldi bere begiak ez direla umel ageri. Zerbait sentitzen ote duen galdegin dio zentroko zuzendariak. Begiak bustitzen zitzaizkionean baietz, orduan sentitzen zuela. Hori erantzun dio.

ontzilunakGARA egunkarian argitaratua (2013-12-30)

Argazkiak: Garuna Bor Bor

 

 

 

 

 

 

 

 

Iturri agortua


putzua

Munduaren adina galdetu genuenean zaharra zela erantzun ziguten, aspaldikoa, eta sotilki kontatu ziguten irudikaezinak bihurtu zitzaizkigun garaietatik bueltaka ziharduela, baina izan zen aipatu ez ziguten gauzarik, eta horiek, denborarekin ikasi genituen, gure begiekin ikusi ondoren. Zabor artean gosaltzen baitu miseriak egunero, gosea ogiaren eske ibiltzen den tokietan, eta bitartean Gabonetako argi pean distiratsu promenatzen da elkartasuna, nori eta noiz irribarre tipi bat eskaini jakin ezinik, indarge ageri den alaitasuna baino ez den jestu ñimiñoa bezala. Baina urtean behin zintzoak izaten ikasi genuen, desirak urteko garai jakin baterako uzten, fantasiari itxoiten. Eta geometria irakatsi ziguten, aritmetika, eta historia, dena mundu bakarrean bilduta. Gure ametsak ordea karratuegiak ziren borobiltasun horrentzat, batura sinpleegiak eduki nahi eta ezin duenarentzat, edo, soberan duela ere ez dakienarentzat, eta oharkabean, zaharra zen mundua zaharregi bilakatu zitzaigun. Agortutako iturri baten gisako zerbait. Barnea gauzarik premiazkoenez hustua geneukalako ulertu genuen hutsunea zer zen. Bakardadea, samina, eta tristezia. Lehen ikustaldian maitasuna sortzen dela erran zigutenoi, halakorik lehen ukituan ere sentitzen dela agertu zitzaigun, lehen lurrinarekin maitemindu gintezkeela ulertu genuen, desberdinegiak ginela, eta justuki desberdintasun horietan zetzala aberastasunak. Maitasunak baino ez zeukala ahalmena gizartearen zutabeak pitzatzeko, eraikitakoa deseraiki, eta sentikorrago eta justuago den jendarteari hats berria eskaintzeko. Hargatik utzi genuen mundu hura bazterrean. Eta haren xerka abiatu ginenean ohartu ginen mundu berririk badela, samurtasuna zelarik gure bizkar gaineko motxila bakarra, hura sentimenduz bete, ulerkortasunez, eskuzabaltasun eta laztanez, eta mundu berri hori gure barnean dagoela ikusi genuen. Beste mundurik ez delako existitzen.

putzugarden

GARA egunkarian argitaratua (2013/12/23)

Argazkiak: Txapis Otegi

Laranja


ohekoliburua

Hartu laranja bat eskuetan, eta hasi hatzekin zuritzen mantso-mantso; azala kendu arau, mami zuria agertuko zaizu begien aitzinean. Ura pilatzen zaion presa bailitzan sentituko duzu ahoa, eta fruituaren aleak banan-bana hartuaz, arrapaladan janen duzu laranja, plazerez. Halako zerbaitekin konparatu izan duzu Durangoko azoka, denbora gehiago behar baita prestakuntzan hura jaten baino. Halako zerbaitekin. Are, denbora. Tempus fugit. Eta badatoz trenak bueltan, autobusak, eta autoak. Zeruratu da zubia. Asteburua euskaldunon historia garaikidearen orrietan inprimatzen ari da. Patrikari lehen kolpea eman zaio, baina pozik, lorpena izan baita, arrakasta. Zaila dirudi urtero adjektibo berriak aurkitzea. Euskal kulturak behar gaitu. Eta argitaletxeek. Idazleak eta sortzaileak beranduago datoz. Zuk prestatu mahaia. Eta Durangoko ostatuetan giroa omen, sekulakoa. Ahotsenea ederra, bai, eta zu ahots lakar horrekin. Eztabaida eztabaidagarriak, intelektualak batzarturik, eta aski konspiratu da. Azokako iazko zuzendaria non da? Hura zen ona, ez ahantzi, biziki ona. Eta sare sozialetan lurrikara, baina eraikitzailea. Kabian da @. Ez nahaspilatu, eta oroitu negua autoezkoiztu behar duzula. Behatu karrikan, entzun jendeari, gehienek saskiak beteta dakarzkite. Durangon gaztetxoen amets batzuk bete dira, denok baitaramagu barnean bat, gainera, nehork ez du zaharra izan nahi, ezta gramatikako hiztegiek ere. Irratian uneoro entzuten dira disko salduenak. Tartean, analisi bat, zergatik hainbeste eta zergatik hain gutxi, soziologia. Eta argitaratu berritik erosi berrira pasatako liburuak zain daude logeletan, maitasuna marrazten den lekuetan. Apalen imana saihestu dute behintzat. Komikiak baziren, eta izan direlako izango dira. Domaia, egunkari bat gutiago bidean. Antzerkia ez da teatroa. Hori bai, inperioaren hizkuntzak inbidiaz, halakorik ez dute haiek. Zer den ahulago izatea. Baina iritzian aberatsak gara, eta behin zoriontsuak izan ginen errateko adina badaukagu. Hurrengo urtean laranja gehiago. Eta gazian, dena izango da gozo.

oheliburua

GARA egunkarian argitaratua (2013-12-9)

Kolorez


kalatxoriak

Goizeko kafeak eskemak apurtu dizkizu. Batzuetan hala izaten da, norbaitekin landutako hizketaldi bat aski zaizu eguneko pentsamenduak baldintzapean ukaiteko. Eta zuk, dena koloretan ikusten duzun horrek, gaurko eguna zuri-beltzean pasa duzu. Lehen, begiak itxi eta itsuekin alderatzen zinen, haiek mundua nola kausitzen duten ulertzeko, baina fribolitate gehiegizko zerbait iruditu zitzaizunetik ez duzu berriro halakorik egin, denbora labur batez zuk sentitutakoa bizi guztirako kondena modura baitu itsuak. Zarena zara, eta daukazuna daukazu, mundua ulertzeko manera bat, zurea. Hargatik, kolore desberdinez irudikatzen dituzu momentuak: goizak gorria du ohikoan, laranja izpiak nagusitzen zaizkionean ezik, eta horiak ez dio protagonismorik kentzen nehoiz. Berdin du euri edo hotz, egun ilun eta gris, edo eguzkitsu, zuretzat gorri hasten da eguna, denborari aurpegia eman eta iraultzarako prest zaudelako beti. Gosariak urdina du, bazkariak babarrun kolorea, eta askariak azukrearen okrea agertzen dizu batzuetan eta zuria besteetan. Lagunarteari arrosa sumatzen diozu, lanari ubela; presatua zabiltzaneko denbora tartea zilarkara eta zilarraren txandaketa baino ez da, nehoiz gutitan bilakatzen dena urre. Arrea hautematen diozu hautatutako bakardadeari, eta borgoina bilakatzen da desiraz betetako kidearen ondoan. Sexuak halere izokinaren haragia ispilatzen dizu, ketu aitzin gorditasun naturalenarekin agertzen zaizulako, baina beixa bilakatzen da gero, pasioaren lehen kolpetik, eta albertxikoa bigarrenetik, limoi koloreko agertu izan zaizu nehoiz, edo baita anbarra ere, baina eskuarki gorrindola da, zeru-kolorez amaitzeko beti. Eta gauez, sutondoan, kolore guztiak bat-batean errepasatzen dituzu, egunari adio erran aitzin. Baina berak erran dizu ametsek ez dutela kolorerik, zuri-beltzekoak direla. Amets guztiak, bai, denak. Eta orain, nehoiz ametsik egin ote duzun galdegiten diozu zure buruari, edo bestela erranda, ametsik egin nahi ote duzun.

kostarakolorez

GARA egunkarian argitaratua (2013-12-2)
Argazkiak: Jon Hernaez