Jalgi


logoa_4

Jalgi festara
Jalgi Senpereko aintzirarat
Jalgi euskaraz

Ipar haize bezain iparrorratz:
Herri Urrats!

Jalgi festara
Jalgi euskaraz

 Katearen lehen begia
Ama-ikastola da
Lehen mailatik Kolegiora
Lizeotik karrikara
abiapuntua dugu helmuga

Jalgi euskaraz
Jalgi mundura

Atzoko herriak erran dio gaurkoari:
Eman euskara biharko herriari
eman segida euskararen kateari
eman segida gaurko gizarteari

Jalgi bidera
Jalgi airera

Eman euskara gaurko gizarteari

Jalgi ahora
Jalgi kanpora

Eman euskara biharko herriari

Kate honek ez du zigortzen
ez lotzen, ez itotzen
nire eskuetan hasten da
eta zurean bukatzen…

katea gaitezen
Herri Urratsen!

Kate bat gara. Kate luze-luzea. Argi dut halako zerbait osatzen dugula antzina euskaraz ari zirenen eta gure artean, eta egun, lur zahar honen luze-zabaleran euskaraz ari garenon ardura dela kate hori hausturarik gabe geroaren magalera ailegatzea. Conan Doylek erran zuen katea luzea izanagatik ere, katebegi bakoitza zela egiazkoa, garrantzitsua, haietako bakoitzak ezinbesteko funtzioa beteko balu bezala. Eta gutako euskaradun bakoitza, katebegi bat garela imajinatzea laket zait.
Aski ote den beste da, baina gure hizkuntzak aurka dituen haizeen kontra biziraupena segurtatzeko, hiztunon katea ez etetea oinarrizkoa da.

Gaur aurkeztuko dute aurtengo Herri Urratserako abestia, eta pozez bete nau haren hitzak idazteko paradak, prozesua festa horren piztaile direnekin partekatzeak. Seaskak osatzen duen hezkuntza katea delako Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrotan euskararen arnasa. Hargatik baliatu dut “katea” hitza kantuarentzat.

Bestalde, egunotan bolo-bolo ibili den Baionako Etxepare lizeoarentzat izanen dira Herri Urratseko etekinak, eta Frantziako baloratuena izatea pozgarri da, baina «euskaldun bat Frantziako» esaldian bada zerbait mingarri. Bai, ezta? Imajinatu gazte bat, italiarra, italieraz mintzo eta unibertsitaterako proba errusieraz pasatzen. Ez, ezta? ba hori gertatzen zaie lurrotan “Baxoa euskaraz” aldarrikatzen dutenei, euskaraz bizi nahi eta frantsesez biziarazten dituztela. Eta berdin herritarrei.
Horiek dira hautsi beharreko kateak.

GARA egunkarian argitaratua (2016-04-04)