Euskal Herria Zu zarenean


gaztelu

Egunotan kanpindenda bat izanen da Lekorne, eta uneotan, haren oihal artetik alaitasuna baino ez da ateratzen. Gainera, barne horretan, arroparik kendu gabe maitasuna marrazten ari dira Bidasoaren bi aldeetako euskal gazteak, egindako lanaren izerdia lehortu ondotik elkarri eskutik helduta. Bestalde, Euskal Herriko musika jaialdi zaharrenak, bere ehunka ate eta leiho, zabalik ditu oro nahinongo jendea jasotzeko. Eta Garroko gaztelua harro ageri da bitartean, teilatuan ikurrin bat daukala, nehoiz baino ederrago, nehoiz baino jauregiago. Iduri du haizeari eskaintzen diola hiru koloreko oihal zatia, berak ikusten ari den ilusio hori guztia Nafarroa Garaiko erriberaraino eraman dezala eskatuko balio bezala, Arabako lautadetara bestela, edo Bizkaiko lurmuturrak Kantauri itsasoari agur erraten dion lekuraino. Baina XIII. mendeko jauregi ederraren harrizko hormak bizitzaz bete dira berriro, garrotarrek Nafarroako Erresumaren gune estrategiko gisa eraiki zutenean bezala. Eraikin zaharra gogoeta gune bilakatu dute euskalherriazuzeneandarrek, armiarma sareak haritz egurrezko zutabeetatik kendu gabe oraino, zoruko hautsak eta lohiak erratzarekin pasa eta eserleku erosoekin txukundu ostean eztabaidak pausatuko dituzte gazteek bertan, populu autoktono eta zapalduei buruz aritzeko, emazteen eskubideen aldeko borrokari eusteko, autodeterminazioari bide egiteko edota ingurugiroaren eta inguruaren etorkizunari gaurdanik heltzeko.

Atzotik landa, askatasun eremu ñimiño bat taupaka baitabil munduarekin batera. Bueltaka. Lekornen, Lapurdin, Euskal Herrian. Eta zuzenean. Atzokoan eguzkiak ere ongi profitatu zuelako aukera, goizean goiz irten baitzen oles egitera. Eta haurrak izan ziren lehen bisitariak Lapurdiko ekialdean Nafarroa Beherearekin muga egiten duen herri ttipi honetan. Ikastoletako hazien fruituak ziren irri, jolas eta kantuz ttipien EHZ sortu eta osatu zutena. Dagoeneko, bizitako abentura heien gurasoei kontatzen ibiliko dira, eta agian, egunen batean heien bizitzakoa bilakatuko da jaialdia bera. Festa ordea arratsaldeko bostetan hasi zen ofizialki, eta show-ak argiz josten ditu bazterrak geroztik. Tenore horretan azken ukituak ematen zituzten muntaketa lanetan kartsuki jardun diren laguntzaileek, eta boluntarioak urduri antzean zeuden, defendatu behar duten lubakian soldaduak nola, baina gerra egin ordez probetxugarriagoa den beste edozertan aritzeko asmoarekin. Garagarno aparrak edalontzian gainezka egiten ziola, zurezko txosna ekologikoen artetik agertu zen aita bat, hiru bat urteko alabari pentzean lokatza zegoela abisu emanaz, oinak zikinduko zituela erraten zion ozen, bizitzan zehar gauza bera zenbat aldiz errepikatuko duen pentsatzera jarri gabe. Eta hiru neska haien ondoan, esku bakoitzean edalontzi bat eta ahoan kantuak zituztela, gazte, aske. Eta halako poz ukituak, halako adibideak, luzearen luzez, hamarka, ehunka, milaka. Ilunsentian, musika agertoki erraldoiaren hurbil, harat-honat zebilen jendea, tokiari egin eta tokia hartu nahirik bezala. Guztiak ez ziren gazteak ordea, ez, tartean-tartean ikusten zirelako buruzuriak ere, edo ilerik gabeko buruak ere bai; nahiz eta festa giroak denbora makinan sartu dituen Lekornera hurbildu diren eta haien burua zahartzat duten horiek denak, eta atzeranzko bidaia baten ostean nehoiz baino gazteago atera diren handik, gogo bihotzen izpiritua arras indarturik. Gerezieta, Garrobi, Basoita, Garroa edo Xerrenda, hala izendatu dituzte jaialdiko guneak. Eta han daude denak, eta baita falta direnak ere, ihesi joan gabe argazkitan hartuak, edota bihotzean preso. Hau da Euskal Herria Zuzenean, Euskal Herria zu zarenean, eta zure izenean egiten denean. Zatoz.kanpin

GARA egunkarian argitaratua (2014-06-28)

 

 

 

Stoker


Stokerhasiera

Zertarako zaren egina, zerez, eta baita nolakoa zaren ere. Zergatik nik zurekin bai, eta zuk, nirekin ez duzun nahi. Baina denak garela berdintsu, agian, «tsu» horrek edo «berdin»-ek, biek bereizten gaituztela. Eta lagunak lagun direla. Familia, familia den gisa. Zer zen zer eta zer ezer zen. Eta zer den dena. Ere bai. Hautatu gabeko bizimoldea, hil arte bizi beharko duzun hori. Ezagutzen joanda, eta ulertzen hasita zaudena. Baina nehori fitsik zor ez, eta, nehorengandik fitsik jasotzeko esperantzari heldu gabe. Batez ere, zehaztu ezin duzunari buruz pentsatzera jarri gabe.

«Besteek entzuten ez duten hori entzun dezakete ene belarriek, eta jendeek ikusten ez dituzten gauza ttipi eta gordeak ikus ditzaket nik; zentzumen horiek desiraz betetako bizitza baten fruitu eta ondorio direla erranen nuke, eta erreskatatua izatearen desira dela nirea, osorik sentitzeko premia. Gona batek haizearen beharra dauka puzteko, eta ni, gauza askorekin osatua nago, nireak ez diren gauzekin; gaur, aitaren gerrikoa lotu diot amaren blusari, eta oinetan osabak oparitutako zapatak daramatzat. Lore batek bere kolorea hautatzen ez duen gisa berean, izaten bukatzen dugun pertsona horren arduradunak ez gara gu; eta hori ulertzen duzunean soilik izan zaitezke libre. Eta, jakin behar duzu, heldutasunera iristea, libre izatea dela».

Esaldi horrek ematen dio hasiera Chan Woo Park korearrak zuzentzen duen «Stoker» filmari, eta, hamar bat aldiz ikusita, ahapaldi bakoitzari zentzua hartzea ez da hain zaila. Beraz, ikusi, entzun, eta berriro ikusi eta entzun; gero, hitz egingo dugu. Denbora duenak hala eginen bailuke. Filmak ikustea, denbora galtzea edo irabaztea ote den zalantzan jarri gabe.

stokerfra2

GARA egunkarian argitaratua (2014-06-17)

Harri


 14189754260_cb764a0ee1_z

Lur zahar honek hitza izan du mendeetan bere ezaugarri.
Batak besteari emana, antzinakoen oroigarri, eta oraingoen bizigarri, belaunaldiz belaunaldi kateatu den argi izpi itxaropentsuena balitz bezala.
Izandako bizitza baten memoria eta izango denaren segurantzia.
Bizi manera bat auzo bakoitzean, bizi lege bat herri bakoitzean, elkarrekin adostua eta elkarrekin babestua.
Eskua ere eman izan diogu elkarri, ez fedearen hitz hutsalen euskarri, baizik eta elkarrekiko konfiantzaren iturri;
eskua, gure besoen muin eta oinarri, gogoak hala aginduta luzatu izan dioguna honi, hari, eta horri.
Ez baikara historiako orri, nahiz eta jakin noizbait izan ginela herri, baina ez horregatik soilik, agian, horregatik ere behatzen diogu itxaropentsu geroari;
badakigulako herritarrak garela edozeren neurri, bai behintzat askatasuna libreki biziko bagenu beti.
Atzo, Durangotik Iruñera halatsu izan baitzen, bereizten gaituena aldera utzi eta elkartzen gaituenari elkartuago eutsiaz. Eskubideak errepidea izan zuelako aldarri, politika herriaren zerbitzura jarri.
Eta ibilbide horretatik kanpo gelditu ziren herritar zein herriak ibilbide horretan batuta: Bildoze-Onizepean Uhaitzandi ibaiak bustitako lurretatik Bidaxuneko agramondarren gazteluari beha. Harrobik mugatzen dituen Haltsu eta Jatsu gogoan hartu eta Pasai Donibaneko Gabirian oles eginaz Victor Hugori. Lanestosako Erdi Aroko hirigunea ahantzi, egungo hiribildu gisa oroitu, eta Zuian ganboatar eta oinaztarren gatazka haien aztarnak ehortzi.
Eta kanta dezala Tafallak Erribera, Baztan, edo Baldorba. Kanta dezala Euskal Herria.
Zazpi herrialde herri bakarrerantz oinez, zazpiak eskuz esku, bat eginik.
Harat-honat bizi den herria baita gurea, bazatoz eta bazaude, baldin bazoaz eraman, baina berriro zurekin ekarri.
Atzo, hitza eman zitzaion hitzari, eta sentimenduak izan ziren anitz jenderen lokarri.
Hausturarik gabe, zatiketarik gabe. Zerbait eraiki, zerbait jarri.
Izan dadila etorkizun eder horren lehen harri.

14189584020_551b581e39_z

 

GARA egunkarian argitaratua (2014-06-09)

Argazkiak: Gure esku dago

 

 

Muxu


diga

Badira non sortu diren ez dakizun pertsonak, ez eta nondik heldu diren ere, eta gutxiago noren seme-alaba diren. Baina egia erran, ez zaizu axola. Eta buruari haien jatorriari buruz galdegiten badiozu, beste galdera batzuk nabarmenagoak direla ohartuko zara, hala nola, zergatik sartu ote diren zure bizitzan, zerk lerrokatu zaituen haiekin, eta zergatik bilakatzen zaizkizun hain hurbileko. Haiek, bihotzeko anai-arreba bezala ikusten dituzu, odoleko lagun gisa. Eta haietako bakar bat oroitzean, kausalitaterik ttipiena oroitzen duzu kasualitaterik handiena bailitzan, ezagutu zenuen une beretik hasita. Eta zu, Aitor Renteria, Txato jauna, halako bat izan zinen, barkatu, halako bat izango zara. Zergatik hurbildu ote zinen zigarreta pizteko su eske bertso batekin? non eta, Baionan egonda, Santutxuko karrika kantoi batetik edonork entzuteko maneran, boza kantu bihurtuz, eta nehoiz entzun ez nuen doinu arraro batekin gainera. Gero erran zidaten ihesian ailegatu zinela honat, zeren ihesi ordea, ordurako, kontu guztiei aurpegia ematen zeniela ulertua neukan eta!. Eta hau ez zenuela deserri, bihotzeko herri bat baino ez, maitasunezko istorio batek premiazkoa duen lur zoru. Eta euskara zenuela ardatz, euskaldunon egunkari berria, bertsoa, politika, eta festa. Arrosako zolan kantu zirimolan, eta Larraldean ere bai, Onintzarekin, Estitxurekin, Iñaki, Bus, Enekoitz, eta beste zenbatekin! Baina Baiona ttipiko zaindari zu, lantokitik munduari so. Enekorekin lehen, Norarekin bestela, eta Jenofarekin orain, kazetaritzarekin beti. Gure irratian kazeta punto info. Zernahi eta nonahi lur zahar honetako hizkuntza eta kultura zokoratuei arnas emateko. Ipar Euskal Herrian gorputza, bai, baina hego, eki eta mendebaldean arima. Eta bertsotan Ortzirekin, Ellande tentatzeko, edo Karlos, lehenago Xanti bezala, edo Aitor, Ekhi eta Eneritz, eta… Ametsekin zergatik ez ba? Sustrairekin bestela, eta Odei, ze ona. Bertsularien laguna. Baina Josunerekin bidea ibiltzen, Amaiurri begira. Eta Itziarrekin Bakiora itzuli; urte anitz izan dira. Anitzegi. Eta konponbidean sinistuz. Beti. Eta herri bat badela. Eta izango garela. Bihotza handiegia zeneukala, onegia, bigunegia, horregatik gelditu zaizula, zu ere, gure bihotzean geldituko zaren bezala. Ezin baitzara joan, ez behintzat azken agurreko bertsoa kantatu gabe. Muxu.

txato

 

GARA egunkarian argitaratua (2014-06-02)

Argazkia: Berria.info