Suan


suba

Umetan pikondoaren azpian esertzen ginen, eta, handik, begi bat itxita eta bestea zabalik begiratzen genion suari. Itxitako begiarekin amets egiten genuen, egunsentian botere berezi batek superheroi bilakatuko gintuela edo. Irekitako begiarekin, aldiz, ganbaratik atera genituen trasteek su nola hartzen zuten begiratzen genuen. Tokia egin behar zen ganerrean, udako uztarentzat, zela etxaldeko belar ondua, zela kamioiak ekarritako lastoa eta alpapa. Anaiak eta auzoko lagunak aritzen ginen mandiotik barrena trasteak ateratzen, eta festa egun bat zen guretzat; ikastolako oporrak ere egun horretan hartzen genituen, San Joan bezperan, nahiz eta baserriko lanek opor gutxi eskaintzen ziguten udan.

Baina gau hori magikoa zen guretzat, hor hasten zen dena. Ez zen suak txarra eramateko gaitasuna zeukala, ezta gure amesgaiztoak berari eskaintzen genizkiola ere, ez; zen, pikondoaren azpian erritual propioak asmatzen genituela udako gaurik luzeenean. Gustuko neskak muxu emanen zigula, adibidez, edo betirako maiteminduko zela gurekin baldin eta erretako lehen trastea guk hautatutakoa bazen. Mutilak gustuko zituenak ez zuen fitsik erraten, beste garai batzuk ziren haiek, baina harro aldarrikatzen du orain, behar den bezala. Eritasunak sendatu, autoak eta motoak erosi, oinetako berriak ekarri, denerako ahala zuen suak, eta gure imajinarioan dena kabitzen zen. Hizketan pasatzen genuen gaua, suari beha, ametsetan. Egunsentian, elorri zuriak gure desirei babes emango ziela jakiten genuen, arantzuri ahalguztidunak.

Ez dakit noiz utzi genion pikondoan elkartzeari, baina badakit eskuetan geneukala zoriona orduan, beste askok bezala, SanJoansuaren suan.

GARA egunkarian argitaratua (2015-06-23)
sua

Glaziazioa


esfingie-

Elur iraunkorrek estali zuten lurra orduan, eta izotz pusketa bat bihurtu zen ur zorua, hotza bezain zuria, isila bezain mingarria. Hor amaitu zen aitzineko gizadiaren aberastasun guztia. Gunz prezio baxuko hegaldien adiktu egin zen, Mindel pornografiaren yonki, Riss, aldiz, garagardoak edaten ibili zen glaziaziotik glaziaziora eta Wurm, karrikan biolina jotzetik bizi izan zen. Danubio zen desagertu zena, itzulerako bidea oroit zezan lurrean utzitako ogi apurrak galduta. Gainontzeko bizidun guztiak animaliak ziren, lepo batekin burua gorputzari josia zeukaten izaki arruntak. Pleistozenoaren etxe miragarrian bizi ziren denak, Holozenoarekin larrutan egin nahi zuen filosofoaren jauretxean. Aurretiaz, eskuetan eramaten zuten bihotza bi hankakoek, berdin emeek, berdin arrek. Bazekiten nor zen parekoa. Ikusten baitzuten bestearen bihotza, eta ezagutzen zuten bizidun bakoitza. Inteligentzia talaiatik beha. Baina garaiak joan ziren aldatzen, eta Paleolitotik Mesolitora futbol zelai bat agertu zen, telebista pantaila bat, banku erraldoi bat ordenagailuari lotuta, sare erraldoi batean preso hartzeko denak. Eta animaliek okupatu zituzten aurrekoen arkitekturak, beroaldian munduari eman zioten ostiko, gerrarako harrizko pilota zelakoan, eta txikle zatitxo bat bilakatu zen ludia, unibertsoaren orpoari itsatsia. Beldurra hazi zen jardinean, egolatria eta mesfidantza, eta agortu ziren harremanak, eta babesa, eta enpatia. Gorputzean babesten hasi ziren bihotzak; ezkutatzen, egungo lekuan kokatu arte. Taupadak gorde eta nehori ez agertzeko. Burmuinak agindu dezan tiraniaz, pentsatu gabe bezala.

Hauxe da logikarik gabeko gizakiaren historia logikoa. Eta animaliak gu gara.

GARA egunkarian argitaratua (2015-05-04)

babia

Lirioak


Lilium_concolor_06jl Lainoek gris kolorea dute jostorratzeko begitik beha, eta haien artean ez da ostadarrik agertzen, ez da haizea sentitzen, beharbada, zure begiradaren tamaina baino ez da ikusten. Borobil handiago bat behar duzu begi eder horientzat, edo sinpleki, sinistea begi ederrak dituzula. Fantasien moduko desira bat beste desira bati josteko. Lorpenen formakoa, eta ametsen neurrikoa. Agian, aski da zeure buruarekiko ulermen gehiago izatea, satisfazio gehiago hartzeko; zu izateko besteen beharrik ez duzula ulertzea. Edo, itxurak egiten bizitzea alferrikakoa dela erabakitzea bestela, arantzak ezkutatuta lirioak nahinori erakutsiaz bizi zarelako. Eta bide horretatik ez zara inora joango, ez behintzat toki alaiagoetara. Goizero erraldoi ikusten dituzu pertsonak, mendiak bailiran, eta haien azpitik igaro ohi zara apalki, horma eta harri gogorren artean ezkutaketan bazenbiltza bezala; azpian egonda haien isuriak baino ez dituzula biltzen jakinda; eta ez duzu busti nahi, hezetasuna gorroto duzu, lirioak toki hezean sortzen direla dakizun arren, arantza artean baino ez direla hazten, eta kostata loratzen direla, hargatik maite dituzu. Hori bai, ez duzu muxu gehiago nahi, errazegi eman dizkizute orain arte, eta haiek ematean plazer hartzen dutenek ez dakite masailean itsatsita gelditzen zaizkizula, bihotzaren abaroan kanpatu, eta okupak bailiran bizi direla zugan. Ailegatu da ordea hautatzeko garaia, zure alde bozkatzekoa; hauteskundeak direlako zure baitan, eta horiek irabaztea ezinbestekoa duzu, bestela, galduko zara. Betirako.

GARA egunkarian argitaratua (2015-05-24)

 lilium-canadense-fl-ahaines

Baina


baina

Arrazoi duzu, baina ez duzu horrela jarri beharrik.
Beraz, ez duzu arrazoi; bueno, agian bai, baina… «baina» horrek aurreko guztia ezbaian jartzen du, erauntsia bailitzan, aurrez errandako guztia arrastan eramateko boterea du. Edo, behintzat, aipamena kontraesan elegante bat bihurtzeko.

Twitterren aste honetan gora eta behera ibili da hitz hori, «baina», eta askotan bezala Mikel Pagadik piztu du metxa bere «mutil ona da, baina edan egiten du» idatzita. Bainarekin esaldiak jartzea proposatu zituen jolas gisa, eta jendeak bere zizpa eskaini zion deialdiari.

Denak ezin ekarri hona, baina maitatu ditudan gutxi batzuk bai, egileen izenekin espazioa bete gabe, ordea; barkamena haiei, ez aipatzearren. «Ez gaizki hartu, baina soineko horrek tripa markatzen dizu», «arrazoin duzu, baina ez da horrela», «Soraio ez, baina gainontzean bertso osoa ulertu dut», «ez gara fededunak, baina familiagatik elizan ezkonduko gara», «ertzaina da, baina ofizinakoa», «ez da guapa, baina oso maja da», «euskalduna naiz, baina me explico mejor en castellano», «maite zaitut, baina lagun bezala», «dantza… baina zertara dedikatzen zea?», «urruti, baina gertu», «ez dabil burutik ondo, baina ez du laguntzarik onartzen».

Eta burutazioen zerrenda amaigabea da, baina esaldi jenialek baino, jendearen parte hartzeak harritu ninduen gehiago, eta elkarrekin jolasteko gogoak, ideiak partekatzeko beharrak, elkarrekin irri egiteko desirak. Irriek beste interes bat ematen baitiote bizitzari, baina beti ezin da irri egin. Edo bai?

GARA egunkarian argitaratua (2015-06-08)