Gaur


Portuan

Hazi nahi ez zuten haur ttipi batzuk baino ez ginen. Eta orduan, denbora gure laguna zen. Orduan bizi ginen ordulariari begiratu gabe. Komikietako marrazkiak irakurtzen genituen, ez letrak. Gure fantasiak ez zuen mugarik, eta txoriek hegan egiten zuten, hego beltzez eta grisez,  handitutakoan zer lanbide ukanen genuen irudikatzen genuen artean. Eta arkupeetako pilota soinuaren oihartzunak belarriak astintzen zizkigun. Begiak zabalik geneuzkan beti, tentazio adina jolas bihurtzen zelako ikusten genuen oro, are gehiago ukitu ahal genuen hura. Ez genuen Mark Knopler ezagutzen oraino, guk Dire Straits entzuten genuen, eta musika talde famatu hark gure herriko plazan jotzen zuen. Festetan. Tarteka, liburu eder bat heltzen zen gure eskuetara, eta errealitatean oinarritutako kontakizun bat zela erraten ziguten mundu honetan guk baino denbora gehiago zeramatenek, eta jakinduria haiena zenez, liburuaren azalari begiratzen genion soilik, baina nobela bat zer zen erakutsi ziguten horrela, eta eleberriak gero etorri ziren, ele guztiak zaharregi bilakatu zitzaizkigunean. Zurrumurruen ehiztariak ginen, eta nehori erran ezin zaizkion pasadizoak gurekin batera azal zimurtzen joan ziren. Iritsi ziren egunkariak gure begi aitzinera, eta hatzak belzten zizkiguten orrialde haiekin erraz aspertu ginen, ‘periodikuan’ ez baigenuen irrigarria zen gauzarik topatzen; gauza, bai, hala da, ezer erran ez eta dena errateko balio duen gauza bakarra. Antzokiko pantaila erraldoian maitaleek elkarri emandako musuen zaporea irudikatzen genuen, filmeko protagonista gu ginela pentsatuta. Eta gure nortasunaren hutsunea diskotekan betetzen genuen, desiratutako pertsonarengandik urrun, metro bakarrean kilometroak zeudelarik. Oroitzen hasteko lauso eta nahasiegia den oroitzapen bat baino ez zen oraina. Orduan. Oihuka deitzen gintuzten mahai ingurura, eta gu non ote geunden, hori da galdera. Eta gaur, bide hori guztia alderantziz egiten ari gara.

itzulbidea

GARA egunkarian argitaratua (2013-11-25)

Argazkiak: Garuna Bor-Bor

Hotza


Hotzabi

Uzkurtu egiten zaitu hotzak, eta, halakoetan, berriro ohera sartzeko gogoak astintzen zaitu. Han, izara pean, haur ttipi zineneko usaiak etortzen zaizkizu memoriara, baita oroitzapen batzuk ere, ederrenak, besteak ahanzteko ahalmena oharkabean eskuratu duzula ohartu baitzara, eta babestua sentitzen zara, aski baitzaizu gorputzaren baitan kiribiltzea horretarako. Gauean, lertxun hauskarak entzun zenituen, zeru gain ‘v’ hizkia egiten zutela irudikatu zenuen, eta gezi bat bailiran hotzaren ihesi nola doazen ikuskatu zenuen, edo hotz gehiago dakartela pentsatu zenuen bestela. Zure gorputzean hotz gehiagorik ez dela kabitzen badakizu ordea, eta hotza maitatzeko manerarik kausitzea zail gertatzen zaizu, halako egunetan jende anitzekin gogoratzen baitzara, haiekin denekin enpatizatzen duzu: karrikan noraezean dabilenarekin, goizero kartoiak estalki gisa dituztela esnatzen direnekin, kartzela zuloan bakardadeari aurre egiten diotenekin, edo, sinpleki, bihotzeko hutsuneak hotza barnerago sartzen dion harekin. Etorriko da beroa berriro, askori entzun diozu azkenaldian, baina kontsuelo hori urrunegi zaizu.

Zure hotza patrikan hasten da. Badu denbora bat ez duzula lanik atzematen, laguntza sozialen bidez juxtu-juxtu ematen diozu aurpegia hilabeteari, eta zure bakardadean daramazu hori guztia, euskaldunak ez baitu sufrimendua azaleratzeko biderik, lotsak hormak eraikitzen ditu, eta intimitatearen blindaje moduko bat da gertatzen ari zaizuna ez partekatzea. Ostiral gauean lagunak zinemara joan ziren, eta zuk goxo-goxo etxean gelditzeko desira adierazi zenien, larunbatean aldiz ondoezik zeunden, horregatik ez zinen joan haiekin afaltzera, eta igandeko antzerkia ez zitzaizun erakargarri suertatu, karrikatik itzuli bat egitea nahiago zenuela erran zenien lagunei, dendetako erakusleihoak ikusiz gabonetako opariak sailkatu behar zenituela. Eskerrak ez zutela plana aldatu eta arratsaldea zurekin pasako zutela erran. Gaur, astelehena da, eta astea nola pasa baino, kezka gehiago duzu hurrengo asteburuan ez ateratzeko aitzakia atzemateko. Eta bitartean, hotz gehiago heldu da.

hotza

GARAn argitaratua 2013-11-18

Argazkiak: Ikor Kotx

Badaukagu


Udazkenatxapis

Baduzu lagun bat, bai, denok badaukagu bat. Eta maite duzu harekin hizketan aritzea, are, hari, hizketan ari delarik, plazerez entzuten diozu. Txunditu egiten zaitu, biziki ongi komunikatzen baitu, eta argi ditu ideiak, edo argiago plazaratzen ditu. Baduzu beste lagun bat, bai, denok badaukagu beste bat. Eta egunaren hogeita lau orduak zeinen ongi administratzen dituen maite duzu harengan. Lanpostua bete, umeak ikastolan utzi, eta ogitartekoak eskuetan dituelarik punttu-punttuan jasotzen ditu beti. Etxea distiratsu dauka, ordenatuta eta garbi-garbi, han, dekorazioan, ez duzu ezer sumatzen soberan, eta ez zaizu ezer ageri faltan. Musika entzuteko, telebista ikusteko, eta irakurtzeko denbora, hirurentzako dauka bere egunerokoan. Urrun bizi den lagun bat ere baduzu, aspaldi ikusi ez duzuna, bai, denok badaukagu bat. Usu joaten zaizu gogoa harengana, maiz ukaiten duzu buruan, eta zertan ibiliko ote den irudikatzen duzu. Maite duzu haren izateko manera, bere izpiritu abenturazalea. Miresten duzu haren gaitasuna, harremanak kokatzeko orduan, esperientziak bizi eta haiei buruz hitz egiten duenekoan, libre sumatzen duzu, mugarik gabeko haizearen gisa, aurreiritzirik gabeko pertsona gisa. Baduzu beste lagun bat, ez hain hurbilekoa, baina laguna beti ere, bai, denok badaukagu bat. Eta hura jakintsua da, horregatik maite duzu. Malcolm Gladwellen «David and Goliath» liburuaz jardun zitzaizun azkenekoz ikusi zenuenean, eta Ryan Goslingen «Only God forgives» aipatu zizun gero, eta bien arteko loturan gizartearen analisi bat egin zizun. Eta zuk, ispiluari begiratzen diozun horrek, lausotuta ikusten duzu zure burua, txikiegia zara han distiraz agertzeko, hala ikusten zara, lagun horietatik guztietatik zerbait ukanen bazenu desberdin litzatekeela usteta. Halako sentsazioa ere, denok badaukagu bat.

alientxapis

Badaukagu: GARAn argitaratua (2013-11-11)

Argazkiak: Txapis Otegi

Lokarriak


lokarriak1Debekuekin sortu
debekuekin hazi
jakinik ezin dela
beti zigor pean bizi.

 Mehatxuak batetik
mendekuak bestetik
balorez hustutako
gizartearen aldetik.

Ez dut nahi zu
eta ez dut nahi zuek
nire modura bizitzea.

Izatea
Zuek izatea
Badatorren gizartea.

 Bete zizkiguten belarriak
Hitz ederrekin, hitz faltsuekin
Kendu zizkiguten lokarriak
Lotzeko kate batzuekin.

Esne Beltza – Lokarriak –

Azkaine, 2013ko Larrazkena
zuri, langabetu, eta langile

Bideoklipa:

lokarriak2

argazkiak: Jon Hernaez