Etsigarria da Parisekoa, mingarria bezain amorragarria. Eta sentiarazi digunarekin lotuta, adjektiboekin luzea izan liteke jarduna. Kaosa da nagusi, samina, negarra. Eta hor, sufritzen ari direnekin enpatia, gutieneko zerbait da.
Baina gertakarien atzean erantzuleak daude, arduradunak, errudunak. Eta hor sortzen da lehen zalantza, egileak ote diren erantzukizunak dituzten bakarrak, edo ez ote diren behinola gerra jokoa indartu eta gudazelaia handitu nahirik, Ekialde hurbileko lurretara joatea aholkatu zieten zerbitzu sekretuak, militarrak, politikariak, manera bateko eta besteko agintariak.
Boterearen hariak maneiatzen dituzten frantsesek, heien usterako batere baliorik ez zuten frantsesak bultzatu zituztelako Siriara, formakuntza eta bizi esperantza handirik gabeko gazteak, gerrarako peoiak, Al-Assad agintetik kentzeko edozerk balio zuelako, hiri handien auzuneetako nahaspilatik hautatu zituzten gazteak, armak eman zizkieten, hiltzeko entrenatu zituzten, eta hiltzen ikasi dute. Haiekin du arazo larria Frantziak, eta badu aspaldi zer egin behar den ez duela asmatzen, gaindituak daudela haize horiek harrotu zituztenak.
Bestalde, edo haritik, Egiptotik Iraneraino, Turkiatik Yemeneraino, bonba hotsez bete da Ekialde hurbila, hildakoz, gerraren errurik eta ardurarik ez zuten jendeen gorpuez. Eta Mendebaldetik eramandako bonbak dira, Mendebaletik sortutako erasoak. Mendebaldar agintarien ulertzeko maneran mundua mendebaldarron ondasuna delako, gure autoa, gure oporrak, gure merkatua, nahi dugunean erosi, eta saldu, joan, eta etorri, eta hartu eta eraman dezakeguna, gure nahieran.
Eta bitartean gu, les citoyens, hor gaude, zer egin ez dakigun gehiengo gisa, gertatzen ari dena onartzen dugun masa potoloa bihurtuz, agintzen gaituztenei besteen agintari izaten uzten. Eta tira, ohartuko bagina behintzat… ezen, agintari horiek hain ongi egin dute beren lana, lobotomizatuak gaudela, zer gertatu den jakiteko iphonizatuegiak, telebistari beha spotify entzuten. Eta hurrengo oporrak non pasako ditugun pentsatzen, munduaren mapa hartu, eta zipriztinduko ez gaituzten liskarrak sahiestuta toki paradisiakoa hautatzen.
Hori bai, ez daitezela gurera etorri horroreari ihesi dabiltzan gizakiak. Haien arazoa ez da gurea, desberdinak gara. Iduri baitu gizaki izateari utzi eta izaki bilakatu ginela soil-soilean.
Gerra da kanpora eramaten duguna, eta gerra jasotzen dugu, kanpoan piztutako gerrek etxean egiten digute eztanda.
Eta bakeari aukera bat emango bagenio? Bakearentzat borrokatuko bagenu? Maitasunez, ulermenez, sentikortasunez, errespetuz.
Hasteko, gure agintariak beren botereguneetatik kenduz.
Ezinezkoa dirudi, baina ez da.
Arrunt ados zurekin! Horregatik Euskal Herrian ere eta lotsarrik gabe Ekialde Urbileko Erresistentzia babestu behar genuke mendebaldeko propaganda borrokatuz. Eta gaur egun Erresistentzia, Al Assad deitzen da.
Badakigu Iparraldeko frantses kolonoak frantses ikurriñekin atrako direla negar eginez Charlie-ren hilketarentzat bezala, ez gaitezal tranpan errori. Frantsesen gatik zenbat Arabiar eta beste egunero erahilak dira hango herrietan?
Milesker zure testua idazteagatik, ikuspegi argia duzu!
Atsegin dutAtsegin dut