Gurekin


photo 1

«Jaia irria eta poza, badaukagu nola goza, tristuraz dugu hala ere, nahigabe, bihotza». Hauek izan ziren doinu bati josi nizkion lehen hitzak, laster beteko dira 20 urte, geroztik dozenaka idatzi izan ditut, baina honek badu zerbait berezia enetzat. Euskal Herriko plaza anitz dantzan jarritako Etzakit taldeak eman zuen argitara, 1998an, bere lehen diskoan sartu baitzuen «Gurekin» izenburuarekin.
Baina abestiak, ordurako, urteak zeramatzan bueltaka, herritar askoren ahotsak probatuak zituen, jaietan txosnetako bafleak eta asteburuetan ostatuetakoak. «Herriko seme direnak, herritik urrun daudenak, nahi ditugu elkarrekin, gurekin, denak». Zergatik ez ote nuen «herriko seme-alabak» idatzi? Galdera hori sarritan ukan dut gerora, silaba berak zeuzkan, agian ez zuen «daudenak» eta «denak» hitzekin errima egingo, baina urteotako ene damu eta lotsa puntu bat ezabatuko zukeen horrek.
«Zuk barrutik nik kanpotik tira, herria indartzen ari da, lehenbailehen ekarri behar dira, presoak, Euskadira». Egun, «Euskal Herrira» oihukatzen baita, baina lehenengo banderolak garai hartan agertu ziren, eta haiek «Euskadira» zeramaten idatzia. Baina tira, aldatzekotan, hau ere aldatuko nuke. «Dispertsioaren kastigu gogorrak badakizkigu, zein diren eta nola dan, zeldatan, gatibu. Aizu mutil, aizu neska, aldarrikatzeko presta, pare-parean dago ta, borroka ta festa». Hor aldiz, ez nuke fitsik aldatuko, bere horretan utziko nuke;
eta hitz hauek gogora ekartzean ohartu naiz zein gutxi aldatu diren gauza batzuk gure herri honetan, 20 urte luzeotan leku berean jarraitzen baitute herriko seme-alaba askok, Euskal Herritik urrun, eta beste asko urte horietan zehar kartzelatu eta urrundu dituzte. Sufrimendua baino ez zaie eragin, haiei, senideei, lagunei. Aspaldi ez dut abestia entzun, eta ez dut uste askorik entzungo denik lehengo toki haietan, baina zuetako nehork berriro entzuten badu, jakizue, aldatuko nukeen gauzarik garrantzitsuena ez dela lerro hauetan aipatu dizuedan ezer.

Abestia entzun:

photo 2

GARA egunkarian argitaratua (2014-09-15)
Argazkiak: @Erreharria

Zumeta Baionan


gernika

Margoekin hitz egiten du margolariak, hura da bere adierazteko manerarik natural eta libreena, eta bere sorkuntza hitzekin azaldu behar duenean preso sentitzen da, aipamen bakoitza neurtu behar balu bezala, edo bere gogoaren kontra hizketan jardun beharrean bestela. Eta Jose Luis Zumeta esaldi horren adibiderik garbiena da. «Niri ez galdetu noiz sortu nintzen, non eta halakoak, e?». Irribarre batekin hasi eta irri karkaila batekin amaitu du bere lehen esaldia Usurbilgo artista handi honek GARA Baionako Frédéric Bastiat karrikan jaso ostean.

Ostatu bateko terrazan kafe kikaren artean atzeman dugu margolaria, karrika bereko Le Carré aretoan dago bere erakusketa, eta guri azalpenak ematen hasi aitzin, BlackBasque jaialdiaren sortzaile izan zen Jules-Édouard Moustic frantses umorista ezagunaren bisita ukan du, harekin ari da hizketan, edo hari entzuten behintzat, Zumeta Parisen bizi izan baitzen denboraldi batez, 1959. urteaz geroztik, eta oraindik garaian ikasitako frantsesa menperatzen duela iduri du. Umoristak plazer ukan du margolaria ezagutzean, pinturen artea biziki maite duela aitortu digu, musikarena bezala, bada aspaldi irrati propio bat duela, arrakastatsua gainera, nahiz eta Canal Plusen 1990. urtetik aitzina ikusgai den programaren karietara egin zen ezagun Frantzian, eta kontent da berak sortutako jaialdiaren egitarauan Jose Luisen margoak erakusgai daudelako.

Abuztuaren 5ean zabaldu zuten margolariaren erakusketa Baionan, eta irailaren 21a arte publikoaren gozagarri izanen da, nahinorentzat ateak zabalik baititu sarrera ordaindu gabe. Ipar Euskal Herriko Zumeta zaleek, gainera, ez dute usu ukan artista handiaren obra ezagutzeko parada. «Uste dut hau dela bigarren aldia Ipar Euskal Herriko lurretara natorrena nire margoekin, aurrez Biarritzen egin bainuen erakusketa bat, baina orain dela asko izan zen hori, aspaldi, ia ahantzita daukat. Deitzen didaten tokietara gogotsu joaten naiz, eta BlackBasque jaialdia iaz ezagutu nuen, mural batean zerbait marrazten aritu bainintzen, ez zen gauza handirik izan, gainera; Gonzalo Etxebarria pintorearekin batera egin nuen hura, baina aurten jaialdiaren barnean nire erakusketa sartu nahi zutela-eta, gonbidapena luzatu zidaten Baionara etortzeko; hemen nago».

Black And Basque, jaialdi abangoardista

Arte garaikidearen espresio desberdinak, arte grafikoa, argazkiak, zinema eta musika barnebiltzen dituen jaialdia da BlackBasque. Laugarren edizioa beteko du aurten eta irailaren 11tik 13ra ditu finkatuak ekitaldi nagusiak. Ekitaldi horiek biziki jendetsuak izaten dira, hiriko harresi inguruetan eskainiak, La Poterne deituriko gunean; ordea, Zumetaren erakusketari egokitu zaio osotasun horren aurkezpen bandera izatea aurtengoan, eta biziki kontent dira antolatzaileak publikoa ematen ari den erantzunarekin.

Frédéric Bastiat karrikako bederatzigarrenean dagoen Le Carré galerian sartu gara eta erakusketaz arduratzen den Christellek bere poza adierazi digu lehen-lehenik. «Uros ginen Zumetak gure gonbidapena onartu zuelarik, ez baikenuen sobera ulertzen bere mailako artista batek zergatik ez dituen gehiagotan erakutsi bere artearen emaitzak inguru hauetan, eta erantzun bikaina izaten ari gara jendearen aldetik. Gainera, kolorea da jaialdiaren oinarri, eta zer hobe, margolari honek bere obrekin agertzen duen koloreen bizia baino».

Margolariak jarraitu du hizketan hari horri tiraka. «Niri iruditzen zait Hegoaldekook hartu-eman gutxi daukagula Iparraldearekin; beraiei ere antzera gertatzen zaie Hegoaldearekin, edo behintzat, niri iruditzen zait ezagutzeko daukagun lur misteriotsua dela Iparraldea, asko daukagula sakontzeko. Nire lanean zentratzen naiz, ez naiz aritzen zer korronte dabilen edo zer gauza sortzen den beha. Diziplina askotan nabarmentzen direnak ezezagunak zaizkidan gisa, artean ere berdin pasatzen da, pertsonalki Gonzalo Etxebarria ezagutzen dut hemen eta Christine Etchevers ere bai, baina beste margolari gutxi, eta, haien lana, gutxiago».

Asteko egun bat izateko, eta arratsaldeko lehen ordua, aretoan jende anitz dabilela aitortzen diogu orduan, eta hori ikusita zer sentitzen duen. «Poza, noski, poz ematen dit, baina harrituta nago bestalde. Erakusketara jende asko hurbiltzen ari dela esan didate, egiazki, ez nuen espero, inaugurazioan ere jende pila egon zen, eta gero ere hala ibili omen da, ez nuen uste ezaguna izango nintzenik hemen», eta momentu horretan bi emazte hurbildu zaizkio hitz egitera. Grabagailua pause moduan jarri dugu eta haien buruak aurkeztu dizkiote Jose Luisi. Itxaro Borda idazlearen ahizpak dira, hark ezin zuela hurbildu eta bere agurrak jasotzeko esan diote, hunkituak daudela bere margoak ikusi ondoan, eta eskerrak luzatu dizkiote bere erakusketa Baionan jartzearren. Irribarre bat marraztu da orduan margolariaren aurpegian, begiak erdi itxi, eta eskerrak eman dizkie bi emazteei.

Gernika, Oi Bihotz, Dokumentala…

Erakusgai jarri dituen lanak azaltzen hasteko eskaera egin diogu margolariari gero, eta galeriaren goiko zatian hasi dugu bisita. Eskailerak igo ahala elkarrizketatzaileak ordez elkarrizketatuak sentitu gara, badirudi interesatuago dagoela gurekin bere bizitzaren berri ematearekin baino. Talentuz jositako artista baten umiltasunaren zantzua iruditu zaigu hori. Usoa alabarekin batera egindako «Oi Bihotz» liburua dago goialde horretan, serigrafiak dira, 38 orotara, Arrasateko Santa Ageda ospitale psikiatrikoan zeuden pertsonen testuetan oinarrituta egindako lanak. «Egia esan ez dakit nola definitu serigrafia horiek, non heldurik ez daukate ilustrazio bezala, hau da, ezinezkoa da testuak esaten duen hori irudiarekin agertzea», eta, lagin gisa, halako baten aitzinera eramaten gaitu. Testua gazteleraz idatzia izan da sorreran eta hala irakurtzen digu: «Siento que mi corazón no se abre como si el invierno prohibiera salir el sol que aún sigue dormido». Ondoren euskarazko itzulpena irakurtzen dugu: «Sentitzen dut bihotza ez zaidala zabaltzen oraindik lo datzan eguzkiari neguak ateratzeko debekua jarri balio bezala». Ingelesezko itzulpena ere ageri du serigrafia horrek, gainontzeko guztiek bezala, eta publikoarentzat liburuxka bat osatu dute frantsesez, esaldi bakoitza Itxaro Bordak itzuli duelarik.

Monika, bere beste alabak talde batekin batera egindako «Izenik gabe 200×133» filma ere ikusgai dago Le Carré galeriako gaineko aldean, Jose Luis Zumetak nola lan egiten duen ulertzeko material ezinbestekoa. «Ordu eta erdi irauten du pelikulak, eta han ikus daiteke nire tailerrean nola aritzen naizen, zer ordutan egiten dudan lan eta abar».

Goiko zatiaren izarra, hala ere, 1967an Euskal Pinturaren Sari Handia irabazi zuen «Gernika» da. «Picassok egindako `Guernica’ obraren neurri bera dauka nik egindakoak, baina ez da haren kopia bat, horrek ez bailuke zentzurik, koadro haren interpretazioa baino ez da nirea. Oroitu behar da, bestalde, espazio itxi batean egin zuela Picassok, eta nirea kanpoan egina dela, bonbardaketa bat irudikatzeko, aldaketa eman nahian sartu nion kolorea, eta kontu mitologikoak erabili ordez errealitateko elementuak baliatu nituen».

Munduan, egun, bere «Gernika»-k agertzen duen bonbardaketak eguneroko ogia direla aipatu diogu orduan, eta Gazan, Sirian eta beste hainbat lekutan gertatzen ari direnen aitzinean zer pentsatzen duen galdeturik zehatz erantzuten du. «Gauza originalik ez dut pentsatzen horren inguruan. Gerra da gauzarik okerrena, bizidunak hil behar hori… situaziorik gogorrena da. Gizakiak asmatu duen gauzarik itsusiena da gerra dudarik gabe, kolorerik ilunena daukana».

Azpira jaitsi gara azkenik, eta han dauzka teknologia berriak baliatuz egin dituen lan batzuk. «iPad bidez, marrazkiak egiteko aplikazioekin egindako marrazkiak dira», dio. Azken bi urteotan egin dituen lanetako batzuk ere han daude; zer ordenetan jarri dituen galdetzen diogu, eta zergatik. «Espazioaren arabera jarri ditut, baina ez Oteiza eta halakoek esandako espazioaren arabera, e? Metafisikarik gabe, egokien zeudela iruditzen zitzaidan eran», irriz erantzuten digu, umorea aldi oro baliatzea maite duela erakutsiz.

Haur bat hurbildu zaio orduan, 10 bat urteko neska, haren amak aitarentzat eskaintza lerro bat idatz dezakeen galdetu dio eta neskatilak galdera zailago bat luzatu dio, ea paretako margo batean agertzen dena arrano bat den. Zumetak eskutik hartu du neskatila, eta margoaren parera joan eta baietz erantzun dio. Elkarrizketa amaitzera gerturatu da ondoren, eta guk ezer erran aitzin. «Hegazti harrapari baten burua da, forma hori du margoak, bai, askotan haurrek errazago antzematen dituzte nik egindako irudiak. Freskoagoak dira haurrak, garbiagoak daude, hau da, zuzenago ikusten dituzte gauzak, naturalago», azaldu digu berak. Agurtzerakoan, etorkizunari nola behatzen dion galdegin eta galdera bukatu aitzin erantzun du: «Pintatzen jarraitzeko asmoa daukat, hori egin behar baitu pintore batek hil arte, pintatu».

CULTURE

GARA egunkarian argitaratua (2014-08-31)

Baionari kolore gehiago ezarri dio Zumetak

Abuztuaren hastapenetik Jose Luis Zumetaren margoak daude Baionan ikusgai, eta irailaren 21a arte izango da haiek ikusteko aukera Lapurdiko hiriburuan. Artistari buruzko filma, bere margo esanguratsuenak, «Gernika» barne, eta «Oi Bihotz» serigrafiak dira erakusketaren ardatz. Arrakastatsua izaten ari da erakusketa eta margolaria kontent bezain harriturik ageri da.

Houellebecq beti Houellebecq


jean-louis-aubert,M146536jean-louis-aubert-et-michel-houellebecq_4878259

Michel deitzen da eta aitaren amarengandik jaso zuen Houellebecq abizena, hark hazi eta hezi baitzuen. Batzuek, bere lehen eleberriarekin ezagutu zuten: «Extension du domaine de la lutte», ordaindutako publizitatearen eta kritikaren laguntzarik gabe, Frantziako mugak gainditu zituelako irakurtzearen irakurtzez. Ahoz ahokoa izan zen fenomeno haren bultzatzaile, liburuak nazka eragin zienen aipamenak, eta baita maitemindu zituen haienak ere, anitz zirela. Eta karrikak Houellebecqen izaera misogino eta erreakzionarioaz eztabaidan jarraitzen zuen hartan «Les Particules élémentaires» iritsi zen, bi anaiorderen istorioa biltzen zuen liburua, Michel eta Brunorena, bata biologo eta bestea Literaturako irakasle, amak abandonatu zituenak, eta biak ala biak erreprimitu sexualak.

1968. urteko maiatzaren askatasun espresioei egurra emateko baliatu zuen eleberri hura Houellebecqek, baina batez ere bere egiazko ama publikoki zigortzeko, eta hari mezuak bidaltzeko, hippie endekatu eta ama txar deituta. «Lanzarote» idatzi zuen gero, astebeteko opor batzuetan belgikarren kontra egiteko, edo Pam eta Barbara baliatuz, lesbianen aurka bestela. Islama lotsagarri uzteko «Plateforme» heldu zen gero, mundu osoko islamiarren irainak jaso zituena, eta epaitegiko ateak zeharkarazi ziona. «La Possibilité d’une île» ere polemika sortzera ailegatu zen, eta baita bere azken lana den «La Carte et le Territoire» sariztatua. Denbora tarte horretan badira poema liburuak, iritzi artikulu edo elkarrizketetan erran dituenak. Eroa, arrazista, erreprimitua, pornografoa… gisako adjektiboak josi dizkiote, baina bere idazkera zuzen, sinple eta polemikoa maite dutenak milaka dira. Amak, Lucie Ceccaldi, «L’Innocente» idatzi zuen, bere semearen akusazioen aitzinean babestu eta semea gezurti bat zela aitortzeko, hilik zegoela aipatu baitzuen idazleak. Idazleak, publikoki aitortzen zuena baino bi urte gehiago zituela aipatu zuen amak, berak ukan zuela sabelean, eta bazekiela noiz erditu zuen, utz ziezaiola zinema antzezteari. Ama bati bere semea munduko ederrena dela entzutera ohituta egonik, bitxi egin zuen Luciek bereari egoista, parasito eta itsusi erraten ikusteak. Jean Louis Aubert kantariarekin musika mundutik agerpena egin bazuen, orain, Arte telebista katearen eskutik «L’enlèvement de Michel Houellebecq» fikziozko dokumentalean aktore gisa aritu da; gezurrezko bere bahiketa bati buruzkoa da, 2011n hedabide anitzetan zabaldu baitzen Al-Qaedak bahitu zuela egun batzuetan desagertuta egon zelako; parodia surrealista bat da, zurrumurruak umore bilakatzeko. Zinema areto gehienetan estreinatzen ari da uneotan; ikusi, eta gizon hau maite edo gorroto duzun jakin ezazu.
Jean Louis Aubert[5]6976727-video-jean-louis-aubert-chante-du-houellebecqmaxresdefault

 

GARA egunkarian argitaratua (2014-09-01)

Argazkietan: Jean Louis Aubert eta
Michel Houellebecq