Biziki


adaska

Marrazki bizidun bat bailitzan bizitza, kolorez jantzia, eta fantasiaz betea.
Walt Disneyren edozein pelikula aurpegi aitzinean agertuko balitzaizu bezala sentituko zara orduan, gauzak ondo dihoazkizula nabaritzen duzunean;
ez da hala izaten tristezia uneetatik ihesi, bakardadeari heltzen diozun aldi bakoitzean, halakoetan, zorionaren sentsazioa norbere itzalari segitzearen antzekoa dela ulertzen baituzu, haren bila jardunez gero urrundu egiten dela, beraz, ihes egitea besterik ez zaizu gelditzen gibeletik segika etor dakizun bera.
Halere, marrazki bizidunetako bizitza asteburuetakoa iruditzen zaizu, edo oporretakoa, ez behintzat lanegunetakoa, aro horrek gris ilunak baino ez dituelako zure begientzat, eta thriller aspergarri baten zantzuak atzematen dizkiezu egunei, ezustekorik ez da haiengan, badakizu noiz eta nola heldu diren, eta baita nola joanen diren ere.
Gainera, eguraldi txarra egiten duenean okerragoa da, ilunegiak dira zeru-lurrak, eta zaporerik ez dute orduek, gatzik gabeko itsaso baten antzera, eta uraren kontra naufrago zabiltza, denboraren joanean galduta.
Beraz, laburbiltzeko garaia iritsi da, ez baituzu ondorio argirik aterako nehondik, ez eta zure hitzak bata bestearen atzean lerratu eta haietarik zeozer konprenitzeko itxaropenik baldin baduzu ere.
Energia da gakoa, energia da dena, zu ere hala zara. Ez aztertu dena, sentitzea da gakoa, maitatzea, ezustekoei bidea libre uztea. Eta lurrari baino gehiago zeruari behatzea.
Denborak ez du axola, eta ez ezazu jakin gero dela gero, utzi etortzen, eta utzi joaten, eta bitarte horretan, bizi.
Biziki.

bigaGARA egunkarian argitaratua (2014-04-28)

Argazkiak: Garuna Bor-Bor

Esperantza


Gari Garaialde / Bostok Photo

Barnean loratu zitzaien grina itxaropena deitzen zela jakin zutenerako, mendi tontorrera ailegatzeko esperantza galdua zeukaten. Ulertu zuten joan beharrak norabait joatea eskatzen ziela, ez edonora, gogoak eramaten zituen lekura baino ez. Eta ametsak eta fantasiak ez direla motxila batean kabitzen, hori ere bazekiten, hegoburuko zelai berde batean ardi zurien artean dabiltzan behitxorien moduan zebiltzalako, galdu samarrik anitzen usterako, iparrizarren xerka, baina hegazti haien hegaldi bakoitzean desira bat gauzatzen zutela, eta zerua herdoilgaitz ageri zela beren buruen gain, besterik ez zuten pentsatzen eurek. Gauza nahasiak, abstraktuak. Nehori idatzi gabeko gutunen, edo, norberari idatzitako oharren zirriborroek daukaten arrazoi moldea zen haiena agian. Sustantzia jakin ez eta konsistentziarik gabekoa beharbada, baina plazerez josia, bizitzaz betea. Eta herrian erotzat zeuzkaten, edo bai behintzat, arrarotzat. Jakina baita, herri ttipietan, aurrekoen ohiturak eta bizi manerak segitzen ez dituztenek kolore desberdin bat dutela, besteengandik bereizi eta aparte sailkatzeko zeinu bat balitz bezala. Hiru mutil ziren, hiru lagun, eta beti, hirurak elkarrekin. Ez aurre eta ez atze, herritarrenganako juzkurik gabe bizi ziren hiru gazteak, beraienganako ordea, aieru guztiak ziren libre. Eta epaitua izatea zer den, eta begiratua, inbidiaren ertzetan, edo jelosiarenetan. Baina bakantza garaietan herritik ospa egiten zuten, ongi kateatutako planari segida emanaz, eta beren kateetarik apur batez askatzeko. Azken oporlekuan, ordea, herritar askorekin egin zuten topo, eta haiekin gurutzatu zirenetik, etxera sartzeko desira baizik ez zuten ukan.

Gari Garaialde / Bostok PhotoGARA egunkarian argitaratua (2014-4-21)

Argazkiak: Gari Garaialde

Trena


 

trena

Berdin du goiza, eguerdia edo arratsaldea den; garrantzitsua ez da denbora, espazioa baizik. Eta espazioa da justuki trenetik jaisten zarenean zuri falta zaizuna; askotan, gehiegitan. Berdin du trenera sartzeko bost pertsona egotea zain, edo hogei izatea, ez dira erditik kenduko, ez zara haien artetik pasatuko, edo behintzat, ez dizute mugimendurik erraztuko. Zuri. Trenera sartzeko premia eta antsia, biak bat eginda, trena Oropo balitz bezala, Beozia eta Atikak bereizitako hiri zaharra. Bakegunerik gabeko Peloponesoko gerra da hau, eta bidaiariek trenak aldegingo dien beldurra baino ez dute, irabazirik gabeko galerarik ez baita gelditzen haien esku ahurretan. Horregatik, trena geltokian sartzen delarik, eta abiadura mantsotzen, zonbien modura jarraitzen diotela, hori ikusiko duzu goitik, eta parean atea egokitu arte ez direla geldituko. Baina hau ez da Esparta, ezta Pariseko metroa ere, Euskal Herria baizik. Eta Euskal Herria ez da salgai. Agian, trenak, geltokiko bazterretan gelditu ez, eta horrexegatik aitzina jarraitzen du. Bidaiari berriak ageri dira hala ere zerumugan, apika, hatza jaso eta barnera sartu nahi dutenak. Baina geltoki ttipi hauetan, trena non geldituko ote den asmatzea zaila da. Eta kalean, paretek oihuka jarraitzen dute, aldarrikapenez josita, jende denek ez dituzte ikusten, baina haiek jende denentzat ageri dute mezurik, akaso, harpidedunik falta da, eta haiek pilatzeko kontzientziazioa. Hainbeste urtetan, ez ote da mezua zaharkitu, paretak bezala; kezka hori ere pausatu zaizu buruan. Eta bitartean, treneko leihatilatik kanpora beha segitzen duzu. Paretak teilatuaren aipamena egin dizu gero, «un toit un droit», teilatupe bat ukaitea eskubide bat dela alegia, bestalde, droit eskuina da, eta aspaldidanik etxeak haien eskuetan daude, bai, esku eskuinarekin helduta gaude. Non bizi ez badakigu, nola jakingo dugu norekin bizi behar dugun! Baina lasai, geldituko da trena eta, hori bai Huangpu ibaiaren bi alboetan segituko ote duzuen kezka nagusituko zaizu, batzuk trenera igo nahian, eta batzuk handik jaitsi ezinik. Baina Euskal Herria ez da Shanghai.

uretara

GARA egunkarian argitaratua (2014-04-14)

Bikaina


Gari Garaialde / Bostok Photo

Non harremanak iruten diren, eta nehoiz guti eztabaidagai izandakoak artoa bezala zuritzen diren, alez ale. Ezagutzera iritsi gabeko lagunez beteta dagoela mundua. Hori ere bai. Eta plazera belardietan ezkutatzen dela, sorgin-belarren artean, muinean nektarra gorde eta erleak noiz etorriko zain dagoen bitartean. Berariaz, eta berari ez, baina begira egoten dela. Gau hartan, dena izan baitzen ustekabekoa. Eguzki argiaren denbora arranguraz bete zitzaion, oilar kantutik beretik. Elkartean afaltzeko plana zeukan egina, afalkide batzuk ez zituen ezagutzen ordea, beste batzuk bai, baina haiekin elkartzeko ohitura handiegirik ez zuenez, gaualdia zer moduz joango zen kezkarekin igaro zuen eguna. Ttipitan galderak egiteko ohiturei eusten diegula, hori pentsatu zuen, baina ailegatzen dela momentu bat non galderak egiteari uzten diogun, eta badirudien jadanik dena dakigula, fitsik ez dakigula badakigun arren. 27 urte emanak zituen kartzelan batek, eta besteak urte gutxitan kartzela gehiegi paseak. Eta halako pertsonei galderak egitea burutik pasatzen den lehen pentsamendua izaten da. Nola aurkitu ote zuten sorlekua itzuleran, zein ziren aldaketa nagusienak, erraietako lurrikarak, iraganaren ordaina eta modernizazioaren faktura nola pagatzen den, eta horrela. Hiru afalkide iheslariak ziren, egunero bizitzeko motiboei estuki hertsiak, eta egunero irri egitekoen lemazainak, esperientzien itsasoan igeri.
Iritsi zen gaua, baina ez zen galderarik agertu. Zertarako aurretik kezkatu, zertarako hizketagaiak prestatu. Sozialismoa, aberria, metafisika, eta literatura, itsasertzak eta munduaren bazterrak. Denak izan zituzten aipamen. Ardo onarekin bustita, eta txuletekin lehortuta. Irribarreekin hasi, barreekin bukatu. Bikaina izan zen. Eta horrela ohartu zen zein onura dakarren errutinatik irteteak, hizketagaiak aldatzeak, ezezagunak ezagun bilakatzeak, eta, oro har, planifikatu gabeko bizitza bizitzeak.

Gari Garaialde / Bostok Photo

GARA egunkarian argitaratua (2014-4-7)

Argazkiak: Gari Garaialde BOSTOK PHOTO Agency

Eskerrik asko


bisaiUmetan «eskerrik asko» erraten zenuenean bezala, hala sentitu zara, aipamena inertziaz aipatuta, eta sentitzen duzuna jakin gabe, baina ozenki erran diozu saltzaileari «milesker», zuk emandako diru paperaren truke txanponak itzuli dizkizunean. Ez da xahututako diruaren minik zugan, Marion Gaumen ahotsarekin nabarmentzen den «Mesparrow», eta Cabadziren «Digère et recrache» diskoak besapean hartuta pozarren atera baitzara dendatik. Baina oroitu duzu, nola ttipitan, goxoki edo opari bat jaso, aitak edo amak beti erranarazten zizutela «eskerrik asko», eta zuk ez zenekiela eskerra zer zen, gutiago zenekiela «asko» zenbat izan zitekeen. Agian, horrela, ongi hezten ari zintuztela erakusten zioten zure gurasoek parekoari, gizartearen hobe beharrentzat prest izanen zinela handitzean. Karrikan, etxera heldu bezain laster musika entzungo duzula jakinik, jasotako «eskerrik asko» ederrenetakoa, Parisekoa izan zela oroitu duzu. Metroko Châtelet les Halles geltokian izan zen, edo Saint-Sulpicen bestela; lekuaren izena ahantzi duzu, ez gertaera. Kordak erdi hautsiak zeuzkan gitarra zahar batekin kantuan ari zen gizonak erran zizun «eskerrik asko» hura, aurrez, zuk, begirada konplize bat eskaini zenion, txanponik ez zeneukala adierazten saiatu zinen, eta irribarre gozo bat luzatu zenion; hari heldu zion gizonak, irriño hura aski txanpon bazela aipatu zizun, eta «eskerrik asko» erran zizun gero, irriño hura berari oparitzeagatik, eguneko memento alaiena une hartan sentitu zuela eta. Marion Gaume entzuten jarri zara; eta pentsatzen; zein gutxitan erraten diezun «eskerrik asko» gurasoei, bizitza eman zizutelako, hazi eta hezi; zein gutxitan hurbileko jendeari, eta zein gutxitan, zerbait berezia ematen dizuten guztiei, eta zenbatetan, eta zein erraz, trukean ezer eskaintzen ez dizutenei. Eskerrik asko, zein gutxi, eta zein asko.

lihoaGARA egunkarian argitaratua (2014-03-31)

Argazkiak: Jon Hernaez