Olatuei so


hondartza

Hondartza postal zahar bat bezalakoa da. Izoztutako irudi bat. Denborak aurrera egiten badu ere, beti, modu berean agertzen dena, hutsik neguan eta beteta udan; jenderik ez badu, bera ez da bakarrik sentituko, harea beti izanen baitu bidelagun, eta olatu bakoitzak fereka eginen dio kostaratu bezain laster, eta goxotasunez errandako «kaixo» balitz bezala hartuko du lurrak, itsasoari ongi etorria emanaz. Ez dakizu zuri halakorik egiten dizun, baina udan, ilunabarra azken ekiaren argiz margotzen den tenorean, hondarretan etzan eta zein gutirekin pozik sentitzen zaren probatzen duzu aldi oro.

Eguneko nahaspilak, nekadurak eta haserreak, denak eramaten ditu itsasoak berekin, eta zure konpainia maite duen zalantza ukaiten baduzu ere, zuri beharrezko zaizu bere presentzia. Indarberritu egiten zaitu uraren bazterrean kresala usaintzeak. Neguan ere halatsu egiten duzu, baina orduan ez duzu metro karratua partekatu beharrik, paradisu guztia zuretzako baita. Apika, txakurrarekin itzuli bat egiten duen pertsona bakartiren bat gurutzatu ohi duzu, eta eskutik helduta paseatzen duen bikoteren bat igual, baina bilatzen duzuna aurkitzen duzu han, sosegua.

Ez du aspaldi hondartzako jira bikotearekin egiten zenuela zuk ere, eta denbora igarotzen zenuten harearen gainean. Orduan, orduak labur ziren. Elkarren ondoan eseri, eta irriz egoten zineten, luzaz, edo elkarren gibeletik korrika ibiltzen zineten, jolasean, baina elkarrekin beti atzematen zenuten plazera. Betirako agur erran zizun arte. Eta galdetu beharrik gabe dena ulertu zenuen zuk, horregatik erran zenion itxarongo zeniola. Ez zenion besterik erran, erratekoak, itzuliko zen momenturako gorde nahi zenituela baizik. Eta geroztik, itsasoak bidalitako olatu bakoitzari behatzen diozu, ez bera ekarriko dizulako, baizik eta bera itzultzeko, olatu bat gutiago gelditzen delako.

Argazkiak: Jon Hernaez

GARA egunkarian argitaratua: 2013/08/31

Greziako ikastolak


20130826-191344.jpg

Agian teoria hutsal bat da, agian zientzia fikzioa, edo agian errealitatea, baina entzun zenuenetik buruan daukazu. Bueltaka. Europako azken indigenak zinetela entzuna zeneukan, askotan gainera, baina, manera horretan, nehoiz ez zenion buruari galdera pausatu. Zuek desagertzeko zeukaten interesaren azpian zer gordetzen ote zen. Berak erran zizun arte. Lehenik galdera egin zizun: «Euskaldunok zer daukazue berezia?». Eta pentsatzeko astirik hartu gabe, «hizkuntza!» erantzun zenion zuk. «Bai, posible da, baina hori herrialde guztiek daukate, bakoitzak berea», hala erantzun zizun. Eta hizketan jarraitu zuen: «Zuen altxorra ikastolak dira, adin guztietako jendeak, eta elkarturik, aurrera ateratzen duzuen proiektua, hura da ebatsi nahi dizuetena, hezkuntzaren ardatza, eta berena ezarri, hala egin zutelako orain milaka urte Europako indigena guztien hezkuntzarekin». Lehen kolpea hori, bigarrena, segidan. «Greziarrak ziren kulturaren ardatz Europan, musikan, matematikan, filosofian… aurreratuenak, eta, haiek, haurrak eskolara eramaten zituzten, eta, haurrek, harreman zuzena zuten heien komunitatearekin; arotza, okina, errementaria edo medikua bisitarazten zieten, haien polis hura ezagut zezaten, eta, handik, mundua ulertzeko. Helduek, zaharrek eta umeek, dena partekatzen zuten elkarrekin». Eta Europan erromatarrak nagusitu zirela erran zizun gero, eta haien bizimoldea ezarri eta besteena desagerrarazi zutela. «Eta gurutzearen ikurrekoek beren nagusitza inposatu zuten, eta, handik hona, egungo boterearen hezkuntzak hartu du indarra, umeak bahitu egin dituzte, eskolara eraman eta gizartetik urrundu. Han diziplina erakusten zaie, obedientzia, bakoitzaren formakuntza da garrantzitsu, eta indibidualizazioak hazkuntza du bertan». Eta honela, geroztik, ikastolak defendatzeko helduleku berri bat daukazu.
Gara egunkarian argitaratua, 2013/08/26

20130826-191820.jpg

Txoriñoa


Txoriñoa

Gure etxeko teilatu azpian ez gara soilik gu bizi. Duela aste zonbait, teila gorrien babesean habia egin zuten txolarre batzuek, eta bizitza gehiago ekarri zioten gure etxeari. Zoragarria baita goizero txorien kantuarekin esnatzea. Halakoetan, halakorik gozatu ezin dutenak heltzen zaizkit burura, ez hondeamakinen laguntzaz harrizko herri amaigabeak eraiki dituztelako txoriak haietatik urrunduz, baizik eta egoerarik okerrenetan bizitzera kondenatuak izan direnei halakorik bizitzea debekatu zaielako. Burura heltzen zaizkidan horiek ez dira txoriak bezain libre. Gauza da, orain egun batzuk, etxeko atea zabaldu orduko txoriño bat topatu nuela hankapean. Habiatik erori zen. Eta hor, hainbestetan ikusi ditudan filmak etorri zitzaizkidan oroimenera, baina galdera bakarra: «Zer egin txoriñoarekin?». Kanpoan utziz gero, banekien ez zela gai izanen bere kabuz aitzina egiteko; lurretik zebilen eta oraino ez zekien hegan, eta katuak hamaika dira inguruotan, naturaren legea da bestalde… Baina bihotz bigunegia dut naturaren legeetan sinesteko, eta nigana patuak hala nahita iritsi zela barneratu nuen; ez neukan argi, hori bai, biziarazteko gai izanen nintzen, sarri, nahia eta ahalmena ez baitatoz bat. Beraz, kutxa batean gorde, ogi apur batzuk jarri eta eguna eta gaua etxean pasa zituen. Goizeko lehen gauza izan zen ea bizirik zen ikustea; leihoak zabaldu eta bat-batean txioka hasi zen, kaxa barnean kanpora atera nuen, eta, nire sorpresarako, bere ama txoria agertu zen han denbora gutxira, mokoan ogi apur bat zuela. Amak ez zuen ahantzi, ez eta abandonatu ere. Honela pasa dira azken egunak, eta gaur hegan joan da, libre utzi dut. Agian, oroituko du gizaki batek zaindu zuela beharra zeukan garaian, edo, seguruenik, gizakiak eskutan hartu, kutxa batean gorde, harri-burdin artean giltzapetu eta egun batzuez bahiturik ukan zuela oroituko du.

2013-08-24

GARA egunkarian argitaratua:

Azken egunak argazkitan:

Lehen kutxa, azken egunetan, handira pasa aitzin

Lehen kutxa

Kanpoan haize pixka bat hartzen

gordeketan

Ogia esnearekin bustita, baina ez zuen anitz maite

haseran ogia esne bustia

Kanpoan, baina kutxa barnean, amaren zain

amaren zain

Ama heldu da!!

ama 2

Ogia dakar amak, mokoan

ama txori

Ama txoria ez da zuzenean sartzen kutxa barnean

ama 3

Kanpoan haizea hartzen

azken egunetan

Luma ederrak ageri zaizkio, eta hegoak handitzen doaz…

azken egunak

Etxe barnean

etxean

Etxean niri begira, erran nahi balu bezala…zer kristo da eskuetan duzuna?

etxentxu

kutxa handian

kutxa handia

kanpoan amarekin, ikustea kosta egiten da, baina hor dira biak

photo(3)

Orain ene eskutik ere jaten du

jada jaten dit

askatasunaren eguna

aske

zoaz, ez gelditu eskuan

photo(7)

etxean agurra utzi dit, ez dakit zer zentzutan hartu behar dudan!

photo(14)

izan libre, eta bizi!