Nahi dut


Gau eta egun euskaraz bizi nahi dut
eta gauza bera egin dezakezu zuk
euskaraz bizi nahi dut goizean goizik
ez da amets bat nire nahia da baizik

Etxean, kalean, lanean, lagun artean,
mendira joatean… eta ohean sartzean

Egin ginen bizitzaren jabe,
nortasuna eta izaera gorde gabe
Kaleetan bat egin genuen,
elkar maite genuela erakustearren

euskaraz bizi nahi…
eta euskaraz bizi naiz.

Solastatzen
euskaraz bizi nahi dut goizean goizik

Kalakatzen
ez da amets bat nire nahia da baizik

Mintzatzen
euskaraz bizi nahi dut goizean goizik

Berba itxen
ez da amets bat nire nahia da baizik…

Hitz egiten!

Txillardegiri

Euskaraz bizi zaretenoi, Azkaine 2011ko uda

 

Entzun Esne Beltzaren Kantua:

This slideshow requires JavaScript.

Kubana


Amodioaren sua iraultzaren barnean du

Askatasunean bizi eta elkartasuna landuz

Kuba

itsasoaren kolore

Karibeko lore

zorionaren muga

Kuba

duintasunaren irla da

lanaren islada

borrokaren lilura

Kuba

kanaberaren azukre

dena ezeren truke

dena denen eskura

Kuba

sentimenduen errota

nahiz batzuk gorrota

eredu bihurtu da

Amodioaren sua iraultzaren barnean du

Askatasunean bizi eta elkartasuna landuz

Cienfuegos 1991ko negua

Entzun 2000 urtean Etzakit taldeak kantaturik:

Denbora


Begi itxiak begira
musu goxo bat emanaz…
gaua argitzen ari da
arren
estutu nazazu
ez joan.

Arren
esaidazu berriz
atzo zenion bezala
ezin duzula ni gabe
bizitza desiraz bete.

Aurrera doa dena
gu non gaude?
bizi nahian joan da
oharkabe…
denbora.

Denborak eraman zuen
maite ginenaren xarma
berriro ekarri digu
eta
berriro darama…

Aurrera doa dena
gu non gaude?
bizi nahian joan da
oharkabe…
denbora.

Itxi begiak itxi
eman musu goxo bat
badator berriz gaua
geneukana oroitzetik
daukaguna galtzera
tarte txikia dago…

denbora.

Baserrian 1999ko larrazkena

Entzun Mezatua:

Entzun Etzakiten Kantua:

Bisai Berriak


Bi indar bi argi…

Mendeetan barrena

gordea

harri bat bihotzean

lan eginaz

ordea

herri bihurtua

taupada bakoitzean

Elorrixon zu eta ni

bi indar

bi argi

iraganeko zubi

eta geroaren irudi

Elorrixon zu eta ni

bi indar

eta bi argi

zeru zati honetan

izarra bat eginik

Bisai berriak ditu

orainak

segitzeko ustean

iraultza baten zainak

kolore gorriz

haizeratzen hastean

Elorrixon zu eta ni

bi indar

bi argi

iraganeko zubi

eta geroaren irudi

Elorrixon zu eta ni

bi indar

eta bi argi

zeru zati honetan

izarra bat eginik

Asmo berri berritzaileen

lema gidatzeko asmoz

asmo berri berritzaileei

berriz ekiteko gogoz

Elorrixon zu eta ni…

Papiri

2002ko udaberria Barcelona

Entzun Kantua:

 

 

Dena da


Errepide zaharretatik
nora jo, non geldi
dena da mingarria beti
dena beltz, dena gris

Gezurrezko taupadak hurbil
ez dira

ez dakit…
eguneroko bizitzetan
dena beltz

dena gris

Zure lokarrietatik
lokarri gogorretatik
zure lokarrietatik

askatu

eta aldendu
nahian nabil
zure mozorroetatik
gure mozorroetatik
mozorro ilunetatik
barnean gordetako
koloredun leku horiek
aurkitu nahian
nabil

Dena da mingarria
dena da ilunena
dena da…

Donostia 1999ko udara

Entzun Kantua:

Entzun Mezatua:

Zapato Azule


Kili-kilixak etxestazuz atzamartxukin ulin
Hain matxagarri zaz arrantzalin erropa azulin
Eta biztuxun Radixu
Pasakorou… Geu bixok Auiminyulinblu

Faltaten dizenak gogun hartute kalin barrena
Herritxik sorturana baño ez ei de herrixana
Eta biztuxun Radixu
Pasakorou…
Geu bixok Auiminyulinblu

Eta jaixan “lo bailao bailao esta” klaro gelditxu daixule
Behintzat ez eixule esan gero aurrez abisa ez netsule
Seguru na ta zeuri be barrurarte ailako gatsule
Ondarru kolorez janzten daben Zapato Azule!

Ondarruko herriari
miresmenez
Bardoze 2012ko maiatza

 

Entzun Kantua:

 

Inpernuko


 Infernuko hauspo hori
zerupeko zorion
Gernikako suteari
ihes egin zenion

Usteak dira uste
oroitzapenak ere
lapurtzen badituzte.

Behatzak zure gainean
pausatuaz emeki
sentitzen nuen zirrara…
zer zen bazeneki!

Kontrakoa ematen du
baina ezkontza batek
bereizi gintuen gu.

Maldan behera maldan gora,
denboraren bira
non zinen eta non zauden,
galdera berak dira.

Badakizu horrela
nire bihotz zati bat
eraman zenuela.

Gauarentzako ametsak
egin diren bezala
jakizu egunez ere
amesten zaitudala

orain negarrez nago
eta malko bakoitzeko,
maite zaitut gehiago.

2008ko martxoa Donibane Lohizunen

Entzun mezatua

Entzun kantua:

Zarena


Bakardadearen
argiak itzaltzean
maindire azpian
gorputz biluztuak
korapilatzen dira
laztan goxoetan.
Desioak banatzen dituzte
arduratu gabe
amorantea nor den, edota
nolakoa den.

Sentitzen dutena
elkarri adieraziz
maitasun beroan.
Edertasunean
erreparatu gabe,barnean daukate!

Behatzekin gozatzen delako
eta ez begiekin
gorputz biluztuak parez pare
gauaren menpe.

Goxo-goxo maite zaitut
neurririk gabe, mugarik ez!

Polita da.

Goxo-goxo behar zaitut
zu zarena, zaren eran
zara eta…

maite zaitut.

 

Baserrian, 1999ko larrazkena

Amona Joxepa

“Hobe dun orain jatea arrek gero beste harrek jango dinaten gorputza”

Entzun Mezatua:

Entzun Kantua:

Fernando Botero

Esnesaltzailearena


 Entzun Kanta:

Akordatzen naiz txikitan
oraindik lotan nintzela
aita goizeko bostetan
behiak jezten hasten zela
ama ondoan zeukala,
amak laguntzen zuela,
etxez etxe aritzeko
esne saltzaile bezala.

Kuatrolatas zahar batean
aita aurrean gidari
ama atzean joaten zen
esne marmiten zaindari.
Amak ez zion ordea,
inoiz ekiten lanari
muxutxo bat eman gabe
bere seme bakoitzari.

Etxez-etxe tinbre joka
portaletik portalera
Kaixo, egun on, zer moduz?
kortesiazko galdera!
irribarre bat eskainiz
esnearekin batera
eta beraiena galduta
itzultzen ziren etxera.

Lege berrien sartzeak
belztu zien bekokia
esne saltzaile langintza
ez omen zen egokia
Tetrabrikak hartu zuen
esne marmiten tokia
eta pena da garai haiek
akordatzen egotea!

Aitari eta Amari

2007ko Negua Donibane Lohizunen

 

Ilargi Gorria


Irudia

Ihesi doan haize xume hori daramat barnean,
zeruertzarentzat begiradaren bat urruntasunean.
Ilunabar honen bakardadearen menpeko liluran,
esan gabe utzi dizkizudan hitzen azalpena non da?

Ilargi gorri hortan daude

gorderik gure ametsak,
bihotz formara marraztuak

zuretzat eta neretzat.

Dena utzita joan behar zenuela ulertzerakoan,
bete ez ditugun desira gehienak dauzkat poltsikoan.
Eta eskuekin goxo ferekatzen ditut une bakoitzean,
maitasun kilimak sentitu ditzadan neure bihotzean.

Ilargi gorri hortan daude

gorderik gure ametsak,
bihotz formara marraztuak

zuretzat eta neretzat.

2000.ko udazkena, LuzSaintSauveur

Entzun kantua:

http://www.youtube.com/watch?v=aMMI7WFwgGY

Kondaira


Irudia

Garai berri baten kondaira zahar batek dio,
nolatan etxe txiki baten barnean
zazpi anai arreba bizitzen ziren
bata bestearen zorionean.

Euren kabuz, euren lan izerdiz bizi ziren
inor inoren arazo izan gabe,
zazpi izanagatik bakarra zirenak,
norbera izanik norbere jabe.

Etxearen ondoan baziren bi jauregi,
zein baino zen eder eta harroago,
hizkuntza arrotzetan mintzatzen zirenak,
onak baino gaiztoak gehiago.

Ikusten zutena
hartzen zuten beraientzat.
Batek anai zaharrenaren zerbitzua
besteak hiru anai-arreba txikien
emankortasun distiratsua.

Denbora disfrutatuz bizi zen etxe hura
lau anai-arreba gabe bakarti sentitu zen
indar berriz beste hiru anai-arrebek
gogor borrokatzera jo zuten.

Euskara zuten arma indartsu, baita ere
mendera ezina zen elkartasuna
zazpiek batera lor baitzezaketen soilik,

zazpien askatasuna.

Geure etxea
defendatzean
berriro guztiak bat, berriro zazpiak bat
kondairaren beharrik izan ez dezagun
bakoitzak berean behar du jardun, bakoitzak gurean behar dugu jardun
eta denok batera izan euskaldun.

1996ko uda, Sara

Entzun Kantua:

http://www.youtube.com/watch?v=pLHJKXokKPQ

Egina


Irudia

Hitzak ikasiz, eta hizketan hasiz,

irudimenean,

geure pentsaerari, aske izaten utzi

genion airean,

elkartrukatuz, idatziz eta irratiz

hegan geundenean

hitza nola ebaki daitekeen erakutsi ziguten bidean

Egin hil nahiean.

Ahoa itxi egin digute baina

burmuina aske da

indarberrituz zuzen, atalez atal goazen

berriro hastera

orain eta gero, dakigulako edo,

hasi beharko da…

gaurko egingo dugu esanetik ez dadin igaro denbora… Egina dago-ra, egina da, gora!

Eskurik esku,

Egin berria helburu

Isildu gabe

berdin hitz egingo dugu

Eskurik esku,

ekin edukiz seguru

gurea dugu

eta guk egingo dugu!

1998ko abuztua, Egingo dugu kanpainarentzat sorturiko abestia

http://www.goear.com/listen/9fc9726/egina-etzakit-fermin-muguruza-ixiar-oreja-xab

Irudia

Ez da izanen


Irudia

2012ko uda ahantzi ezineko sasoia izanen da enetzat. Hala izanen da euskaldunontzat idatzi dut lehen kolpean, eta ezabatu gero, enetik erranen dut ordea, jada ez bainaiz ausartzen jendartearen buruetan zer dabilen erratera. Nor naiz ni gainera besteren etxeetan sartzeko? Halere, zirrikituetarik sartzen ahalegintzera nator.

Ez naiz bakantzez oroituko, ez eta egin duen bero sapaz ere, eta gutiago Joko Olinpikoak ospatu direlako.

Aurten, udak Josu Uribetxebarriaren izena memorian iltzatu dit, horrentzat oroituko dut.

Bere oinazeak sabeleko mina sortu dit batzuetan, burukoa bestetzuetan, eta kezka eta beldurra dilindan dabilzkit barneko bazterretan. Koktel bortitza da kezka eta beldurraren nahasketa, gehiago besterentzat ukaiten duzunean. Mamu gehiegik bisitatzen zaituzte tenore horretan. Zehaztapen bakar batek ere ez.

Ez dut Josu ezagutzen, bere senideak ez ditut hurbileko lagun, baina heien bidelagun bilakatu naiz, hurbileko ditudan anitzekin batera. Josurekin dut gogoa joan den aspaldian. Eta pentsatu nahi nuke euskal herritarrek ere hala dutela. Heietariko batzuk agertu dira Josuren aldeko mobilizazioetan, (txalo eta ohore heiei), baina errateko premiak agintzen dit (bestela mikatzak barrunbeak gehiago gazituko dizkit) ez dela aski jende mugitu halako kasu larri bat izanki, gehiago, eginikoa ez dela aski eraikitzen ari den bake prozesu batean murgilduta egonik; edo behintzat eni ez zait aski jende mugitu denik iruditu. Euskal politikari ustelduen isiltasuna gauza normala dela erranen nuke, deus berririk ez zerupean, baina Euskal Herriak ekimen berriekin erantzun jendetsuago bat ez ematea? Hori ez. Ez zait hain normala iruditu.

Orai baita ekiteko garaia, gero alferrik izanen da, eta Josuren gaixotasunak bezalatsu gose grebaren erlojuak aitzina egiten du, gelditu behar da, geroko damua ez da nehorentzat baliagarri izanen.

Ospitale aitzinean deitu zen lehen elgarretaratzean bururat heldu zitzaidan jendetza pilatuko zela inguruetan, dena blokatuko zela istant haietan, baina ez zen hala gertatu, eta ezta ondotik izan diren elgar-hartzeetan ere.

Sarraski-etxeetan bahiturik dituzten bostehunetik gora kidek babesa luzatu diote Iosuri, ez dute bizi baldintza erosorik lehendik ere, baina apur hori galdu eta heienetik emateko prest agertu dira kate bat osatuz. Kateatuaren katea.

Eta karrikan zer? Hondartzako eguzkipean etzan ote da gure herria?

Agian zain egotera ohitu gara, zer ekimen antolatuko ote den beha egotera, egunkarietan irakurriko dugun berri on batekin esnatuko garela amestera.

Edo sinpleki, ohitu egin gara halako egoera larrietara.

Eta azala gogortu zaigu.

Sentimenduak gogortu zaizkigu.

Dena ematen duenak ezin omen du gehiago eman, Josuk hala egin du, hala egiten ari du. Guri da hari zerbait itzultzea.

Larunbatean Bilbo kolosala izan bedi berritz, baina ez dadila manifa batekin aski den pentsamendua hedatu.

Manifak ez baitira herri hau askatzeko aski izanen.

Eutsi goiari Josu, animo etxekoei, eta anitz zaindu, anitz balio duzula bistan baita!

Eskubeltzak


Irudia

Ilunabar orratzen ordua da
argi izpi beltzaren isiltasunean.
Haurren negar hotsen orrua da
bakardade hotzaren elkartasunean.

Azal iluna duen lurraldea
gosearen arropak zuritzen duena.
Sofritzen duena da errugabea.
Anai dirudunaren zain aurkitzen dena.

Gure jopuntua den biktima, handiena,
kontzientziak garbi eta eskuak, beltzezkuak,

beltz eskuak.

Hirugarren mundua, guk sortua, agortua,
ixten dihoaz eta ireki begiak!

Aitzaki zuriaren kolorea
ezkutatu ohi dena zero koma zazpian
zapaltzen jarraitzeko une guztian,
ehunetik urrun dago,

guretik urrunago.

Gure jopuntua den biktima, handiena,
kontzientziak garbi eta eskuak, beltzezkuak,

beltz eskuak.
guretzat dena hartuz,

zenbatuz,

zenbat huts!

Ixten dihoaz eta

ireki begiak!

Jartum gogoan.

1997ko uda

Entzun Kantua:

http://www.youtube.com/watch?v=IsOthLWdiYw

Izar Iheskorra


Gauaren babesean, gaur goizean
lo goxoen ametsetaz
nabil hizketan.
Nigan daukat laztana, zure xarma
sentipen polit guztiak, malkoz bustiak…
Urrun zaude eta gertu sentitzen zaitut nik
lagun bart gauak esana dit zergatik ez zauden nirekin
irribarre batekin.
Lasai maitia, ulertu zergatik nik ere ezin dudan bizi zu gabe, suabe,
zurekin,
baina zu gabe.
Zure izar iheskorra da hilezkorra
edozer ohi dut desira zuri begira
ni zugan eta zu nigan
nahiz dakidan
zarela hain besarka ezina
hain
ahaztezina.

Entzun Kantua:

Imagen

Urak Hura

Urak bakarrik handitzen du ura.

Batzuetan distantziak memoria handitzen duen bezala

eta sarritan ahanztura.

Zuk utzitako zuloan

zure hutsuneak handitzen du dena.

Eta zu gabeko denborak.

Horregatik dabiltza sentimenduak

zer ahantzi eta zer oroitu borrokan.

Gaurko min hau

edo betiko maitasun hau,

Zer desagertzen da

eta zerk dirau?

Biziko gara zurekin

baina zu gabe

biziko zara gurekin

baina suabe.

Ahanzten den hura hiltzen delako soilik

maite zaitugulako oroitzen zaitugu bizirik.

Iker Amiamari

1997an eskainitako olerkia

Entzun Mezatua:

 

 

Sherezada


oiea

Erreka eta ibaien gisara
bat dirudigu
baina bi gara,
zerua dugu gure izara
eta nire etxea
zu zara.

Gaueroko ipuin polita
Sherezada

Amesten dudana da nirea
pentsatzen duzuna da zurea
zapaltzen dugun lurra gurea,
gurea da, gurea da.

Mila eta bat….la vie a deux

Mila eta bat… en amoureux

Mila eta bat… sur notre toit

Mila eta bat… sous les étoiles

eta nire etxea zu zara
maite dudan guztia zu zara
gaueroko ipuin polita
Sherezada

Sherezada.

Imagen

http://www.youtube.com/watch?v=3J2QS4lv04I

Hebron, berantegi


Imagen

Esku artean armak ukan behar genituela erran ziguten agintariek,
erasoetatik defenda gintezen.
Eta guk,
gazte oraindik
zintzo-zintzo obeditu genien.
Denborarekin ordea
armen bidez
Iparraldean bezala Hegoaldean,
Ekialde eta Mendebaldean eskuratutako agintea
defendatu behar genuela erran ziguten.
Eta guk
gazte oraindik,
zintzo-zintzo obeditu genien.
Agintea errespetarazteko manera bakarra
bakea zela erran ziguten gero,
eta bake hitzarmenik iraunkorrena
fusil batekin sinatzen zela.
Gerlara bultzatu gintuzten halabeharrez
armak eskuetan hartuta
bakea defendatzera.
Azkenik
heldutasunaren ertzetan
gure bakea nahikoa ez
eta besteen bakea ere
armekin ziurtatu behar genuela
erran ziguten.
Eta guk
zintzo-zintzo obeditu genien.
Karrikak balaz josi genituen
gizon, andere eta umeak hil…
herriak hustu arte tiroka jardun ginen.
Eta
soilik horrela
ulertu genuen
agintariek erran ziguten
bakearen esanahia zein zen.

2013ko udaberria, Donibane Lohizune
BILADI HADI proiektuarentzat idatzitakoaren jatorrizko hitzak

Itsua dela bizitza


Itsua dela bizitza.

Mundua hitsa dela, iluna.

Eta…

bakoitzak baduela bere mundua,

irudikatua,

eraikia

eta lerratua.

Zerbait erakusteko, eta trukean zerbait jasotzeko egiten dugula dena.

Beti.

Beti dagoela norbait, norbait baino lehenago.

Eta…

besteen kontu bizitzeko.

Bizitzak ez duela justizia banatzen.

Nehork ez duela merezi duena jasotzen.

Gizarte gaiztoan bizi garela.

Gu,

gaiztoak garela.

Pertsona guztiek erakusten dutela onak izateko nahia.

On izan nahi dugula.

Garena baino hobeak.

Sentitzen ez duguna nola sentitzen dugun sinestarazten dugula.

Beti.

Beti agertzen dugula ez garena.

Eta…

nabarmendu egiten zaigula.

Betirako hitza, eta heriotza direla soilik betirako

Eskuko hatzekin konta ditzakegula benetako lagunak.

Lagun hitzari

benetako erantsi behar badiogu,

aitzinean duguna ez dela lagun bat.

Entzun behar duguna erran ordez,

entzun nahi duguna erraiten digutenek ez gaituztela maite.

Borobilegia dela mundu hau gure amets karratuentzat.

Itsua dela bizitza,

eta itsutu egin gaituela…

                       “Pertsona ezkorrek, baikorrek baino arrazoi gehiago dutela

                                                           dirudien arren,

                                                                               berdin ekibokatzen dira”

Entzun Mezatua: