Odisea


Diaspar da gizakiek eraikitako azken hiria. Beste guztia basamortua da. “The City and the Stars” liburua irakurtzen baduzu, kokagune horretan aurkituko zara. Halere, mila milioi urte barru gertatuko da hori.

Arthur C. Clarke izan zen argudio horren sortzailea, idazle handia. Kontakizunean, Diasparren zeuden munduan gelditzen ziren gizaki guztiak; nora ezera konfinatuak zeuden. Atomoetatik sortzen zuten janaria robotek, desagertutako objektuak berreskuratzen zituzten, ahal zuten maneran historia berregiten zuten. Nehork ezin zuen hiri hartatik atera halere, inork alde eginez gero, gizaki guztien gainean eroriko baitzen herra berriro. Baina hor zebilen Alvin gaztea, tunel zuloen xerka, eskapatu eta gizadi berri bat sortzen saiatzeko.

Urte batzuk geroago, 1968an, “2001: A Space Odyssey” idatzi zuen Clarkek, fama filmaren zuzendari Stanley Kubrickek eraman bazuen ere. Bi liburuak dira fikziozkoak, eta bietan kontatzen dena, 2015. urtean, gure herri zaharraren soinera josi daiteke.

Adibidez, Oier Oa donostiarra adibide hartuta. Apirilaren 4an irten zen kartzelatik eta Hauts-de-Seine departamenduan asignatu dute, Saint-Germain-en-Laye hirian; egunean hiru aldiz sinatu behar du polizia-etxean.

Aurrez beste askok sufritu dute halakorik, egun, betirako zigorrekin kartzela zuloetan konfinaturik daude beste asko. Eta, zulo ilun horretarik irten, eta gizadi berri baten sortzeko tunela aurkitzea gero eta beharrezkoago bilakatzen ari zaigu.oier

GARA egunkarian argitaratua (2015-04-06)

Izan zen garai bat


De noche vienes

Izan zen garai bat, non, etxerakoan, logelako argia pizturik ote zeneukan behatzeko zure etxe aitzinetik pasatzen nintzen. Ez zen zalantza bat, edo ase beharreko duda bat, ez; ez zen jakin-mina ere, barnean sentitu nahi nuen plazera baino ez zen, maiteminduaren momentuko desira txepel bat. Argia ikustean, ohe gainean irudikatzen zintudan, etzanda, sabaitik haragoko ortzimugari beha, han, nirekin elkartzeko ilusioz bazeunde bezala. Ordea, argirik ez bazen, lo irudikatzen zintudan, ametsetan, amodio eszena erromantikoetan barneratua, eta eszena bakoitzean ni.
Izan zen garai bat, non, festara irteten nintzen zu ikusteko intentzioarekin, eta festa lagunak harat-honaka eramaten nituen. Erabili egiten nituela, bai, badakit, baina zure xerka ibiltzeko aitzakiarik babesgarriena zen hura. Izan zen garai bat, non etxeko posta ordu oro behatzen nuen, zure maitasun hitzak gutun formara jasoko nituen esperantzan. Izan zen garai bat, non lo aurreko momentuetan nirekin zintudan, non, esnatutakoan nirekin zeunden, non, egun osoan elkarrekin geunden.
Izan zen garai bat eta heldu zen beste bat, non, ene bizitzatik desagertu egin zinen. Non zuganako sua itzalita, kea ere izan ote zen oroitzen ez nuen. Harrezkero, egunak, hilabeteak, urteak joan dira; luze joan da, konturatu gabe, eta zurekin akordatu gabe.
Gaur, zu ikusi, eta hori dena oroitu dudan arte.
gauekoGARA egunkarian argitaratua (2015-04-13)