Refugees Welcome


bi

Mundua ez da toki segurua, haizea kontra dutenentzat behintzat ez. Ez da toki segurua pobreziaren ihesi dabiltzanentzat, gose eta egarriari iskin eginda lurra abiapuntu bakar dutenentzat. Ez eta bortxaketen eta umiliazioen zapalkuntza saihestu nahirik bizitoki berri bat helburu dutenentzat ere.

Hauek ez dira sorterria uzteko motibo bakarrak, jakina, baina aski motibo badira. 1951. urtean Genevan Nazio Batuek errefuxiatuentzat estatutuak izenpetu zituzten, eta asilo eskubidea finkatu zuten harrera egokia emateko. Arazo anitzek ukan dute soluzioa geroztik, baina egun, munduan, nehoiz baino errefuxiatu gehiago dago. Kasu, ez immigrante, ez etorkin, ez iheslari; pertsona baino ez, zure eta nire gisako, eskubide bereko.

Ez dakit nori irakurri nion munduko tokirik seguruena besarkada bat dela, ziurrenik besotarte batek eskaintzen duen babesa ezer gutxik eskaini ahal duelako. Eta gurea, euskaldunona, betidanik izan da eskainia, beso zabalik hartzen jakin dugu nahinondik gurera etorri dena. Agian, gu ere hala hartuak izan garelako kanpoan.

Minari iheska dabiltzanak goxotasunez jaso behar genituzke, gure eskura daukagun hura eskainiaz, emanaz. Gure baitan zerbait aldatzen denean baino ez baitugu mundua aldatuko, amiñi bat bada ere, ttipia, ezdeusa den zerbait, aldaketa guk eragingo dugu, berritasuna gu izango gara, herritarrak, munduko herrietako herritarrak. Eta argia piztuko dugu orduan, ilunean, beharbada ilunik ikusten ez dutenak ere argi hori piztera animatuko baititugu, eta orduan, soilik orduan ukanen dute munduko herriek argia, beste guztia artifiziala izango baita, gezurrezkoa.

Etxean aterpetzen zaituenaren eskuzabaltasunak parekorik ez duela esatera ausartuko nintzateke, ekintza horrek bizitza aldatzen duela, batena, eta besteena; eta zerbait sortzen duela, betirako den zerbait. Ni hala jaso ninduten, eskuzabal, besoak parez-pare ireki zizkieten ene beharrei, sorterria uztea egokitu zitzaidalako halabeharrez. Eta niri, ahaztuko ez zaidan zerbait piztu zidaten aterpetu ninduten egun berean, noizbait sinismena galtzea eragotziko didan zerbait.

Badira urteak sortu zela, baina orain bazter orotan dabil Refugees Welcome aldarria, aldaketaren oinarriak piztuko dituen oihartzuna, Estatuak, politikariak eta legeak ailegatzen ez diren lekura gu ailegatu gaitezen, herritarrak. «Herriak bakarrik salba dezakeelako herria», bai, beharbada bai, baina pertsonek baino ez dituzte pertsonak salbatuko, guk. Piztu argia, eta zabaldu, besoak bezala etxeak.

biga GARA egunkarian argitaratutako testuarentzat idatzia (2015-08-31)