Jenerala


bardeakbi

Goizean goiz jaiki da Jenerala, oraindik ilun zela, eta goiz-albari itxaron ezin dion haur bat bere urtebetetze egunean bezala. Negurako darabilen pijama erantzi, eta urez bete du bainuontzia, gaurkoan, denbora luzez jarriko du beratzen zimurrez josi zaion larruazala, eta menpeko dituen soldaduek menperatu dituzten lurralde urrunetatik ekarritako fragantziaz beteko du bainugela. Xaboiak gordetzeko armairu ttipia zabaltzen duenekoa espektakulu bat da, bai usaimenarentzat, baita bistarentzat ere: koko-olioz eta oliba-olioz eginiko xaboiak, lehoi esnea eta almendrarekin landuak, eukaliptoa, menda eta altzifrearekin sortutako olio esentzialak, kanelarekin osatuak batzuk, iltze eta jengibrearekin bestetzuk, ereinotz esentzia eztiarekin nahasitakoa… Eta denboraren luzeak aparrak desagerrarazi dituenean atera da bainuontzitik. Traje plantxatu berria jantzi eta medaila guztiak paparrean distiratsu agerian dituela sukaldera joan da, neskameak prestatu dion gosariarekin sabela berdintzera, ezinezkoa baita bere tripa zaharra betetzea.

Hiru alabak esnatu zaizkio gero, eta banan-banan joan zaizkio egunon xuxurlatzera belarri ondora, musuak eskainiaz. Aita onaren harrotasuna sentitu du orduan. Eta etxetik abiatu da azkenean, atarian zain du txoferra, bigarren graduazioko militarra, lanposturako hatzez hautatua. Bi orduko bidaia dute aurretik, Nafarroako hego-ekialdera doaz, Bardeetara. Han, sarjentuak, kapitainak, eta kaporalak, armadako lagunak ditu zain. Egun handi bat da denentzat, eta pozik daude, neurri batean urduri; herriari ebatsitako lurretan herriari ebatsitako diruz erositako arma berriak probatzeko eguna dute. Bardea beltzean Eguaratseko erreserba naturala isil ageri da, pinudi artetik bere lurra zapaltzen duten bota militarrei obedientzia eskainiko balie bezala, eta Bardea zurian sorgin-tximiniak zeruari behatzen dio, hegazkinak noiz helduko diren beldur. Jeneralak eman du agindua, proba militarrak abian dira, 1951z geroztik hala izan da. Gero esanen du gastu sozial bat dela, non gastu hitzak bere esanahirik zehatzena hartzen duen, joko bat balitz bezala jolastuko da herritarrei kendutakoarekin, eta herritar gehiagori beste zerbait kentzeko gainera: bizitza.

bardeakbatGARA egunkarian argitaratua (2014-03-17)

Tasio

Itzultzen


photo 4

Nola itzultzen da inoiz joan ez dena? Eta itzultzen bada, nora itzultzen da? Mailuak jo dio iltzeari, eta burdinazko punta zorrotza bihotzean sartzen ari zaizula nabaritu duzu. Zulatu zaitu, eta zulatzen segituko du, sakonago, bi galdera horiek nekez kenduko baitituzu burutik egunotan. Ongi zihoan afaria, umoretsu, baina gaia atera da mahai artetik, iheslari politikoena, eta hor, umorerako tarterik ez dago, nehor ez da aiherga gaiarekiko, eta bera gutiago. 30 urte daramatza sorlekutik kanpo, ttipitako artadi, pinudi eta soroak irudikatzen, imajinazioaren bidez lagun eta hurbilekoak koadro bilakatzen, non margolanak taupadarik amultsuenak diren. Zerua ez baitzen izan heien jomuga, ezta lurra ere, eta itsasoa urrun gelditzen zen hatzekin oratzeko, urrunegi. Ortzemuga lausoei so egiteko talaiak, hiriak eta herriak, oinarriak, nortasun agiri berriak, eta erlojurik gabeko garaiak. Izan ziren hangoak, eta ondokoak berantago, baina, azkenean, urrunekoak izaten amaitu zuten. Hizkuntzaz betetako jendeak, ordenez betetako ordenak, orenak, izanik gabeko izenak, eta memoria ahanzteko mendeak. Bakardadea bizitzaren istantetan, pobrezia, beharra eta premia; non, gerran senarra galtzen duzun, baina betirako irabaziz, denik eta maitasun istoriorik ederrena delako haren oroitzapen. Baina adi, gerran. Gerra zikinean. Eta senarrari deitu emazte, eta ulertuko duzu dena. Haurrak handik hona, eta gaitzak geroago, medikurik gabeko gaitzak; nahasmena, desoreka, ulertzeko errazena traba denean, etorkizuna txanpon bakar batekin erosi nahian, eta hara joateko autoa hartzeko beldur, eta erraiak hutsik, eta erroak betiko lekuan. Konfinamenduak, estradizioak, euroaginduak, deportazioak, kalanbrea ematen duten hitzak. Nahas-mahas hau izan da bere hitzetatik ulertu duzuna halere. Eta herria duela arnas, herria duela amets, hori garbi ulertu diozu. Itzultzeko garaia dela aitortu du azkenean, eta bera bezalako asko daudela, gehiegi.

photo 1

GARA egunkarian argitaratua (2014-03-24)