Izan zen garai bat, non, etxerakoan, logelako argia pizturik ote zeneukan behatzeko zure etxe aitzinetik pasatzen nintzen. Ez zen zalantza bat, edo ase beharreko duda bat, ez; ez zen jakin-mina ere, barnean sentitu nahi nuen plazera baino ez zen, maiteminduaren momentuko desira txepel bat. Argia ikustean, ohe gainean irudikatzen zintudan, etzanda, sabaitik haragoko ortzimugari beha, han, nirekin elkartzeko ilusioz bazeunde bezala. Ordea, argirik ez bazen, lo irudikatzen zintudan, ametsetan, amodio eszena erromantikoetan barneratua, eta eszena bakoitzean ni.
Izan zen garai bat, non, festara irteten nintzen zu ikusteko intentzioarekin, eta festa lagunak harat-honaka eramaten nituen. Erabili egiten nituela, bai, badakit, baina zure xerka ibiltzeko aitzakiarik babesgarriena zen hura. Izan zen garai bat, non etxeko posta ordu oro behatzen nuen, zure maitasun hitzak gutun formara jasoko nituen esperantzan. Izan zen garai bat, non lo aurreko momentuetan nirekin zintudan, non, esnatutakoan nirekin zeunden, non, egun osoan elkarrekin geunden.
Izan zen garai bat eta heldu zen beste bat, non, ene bizitzatik desagertu egin zinen. Non zuganako sua itzalita, kea ere izan ote zen oroitzen ez nuen. Harrezkero, egunak, hilabeteak, urteak joan dira; luze joan da, konturatu gabe, eta zurekin akordatu gabe.
Gaur, zu ikusi, eta hori dena oroitu dudan arte.
GARA egunkarian argitaratua (2015-04-13)
Aulkihutsa
Ikusten duena kontatzen du mutikoak, besteek hitz egiten dutena, berak sentitzen duena, eta dena, gertaeraren inguruan. Batzuetan negar egiten du, batzuetan pentsamendua gelditzen zaio zuri-zuri, eta ez du fitsik nabari. Batzuetan normal sentitzen da, zoriontsu, eta orduan, nahasmena baino ez du sentitzen; ahalke da, lotsak zikintzen dizkio barneak, zorionik sentitzeko eskubiderik ez duela pentsatuko balu bezala. Baina denborarekin, anaia joan dela onartzen ikasiko du, eta berekin mantentzen; memorian eta maitasunean biziko baitu aurrerantzean.
Muñoz-Kiehne doktorearen “Since my brother died/ Desde que murió mi hermano” liburuaren ardatza da hori, ilustrazioen bidez haurrei zuzendutako liburua, anaia edo arreba bat galtzearen drama gainditzen laguntzeko. Laurogei urteko haur bati ere, irakurtzea komeni zaion idazki ederra.
Liburua Elizondon jokatu zen Nafarroako bertsolarien finaleko lehen agurrarekin ekarri zidan gogora Julio Sotok, «orain artean gauza guztiak egin ditugun bezela/ hau ere biok egingo dugu, badakit hemen zaudela» kantatu zuenean. Urtarril bukaeran hil zen bere anaia Alberto, auto istripuz, «baina berekin bizi du», pentsatu nuen, eta txapela irabaz zezan desira izan hortik aurrera, ez txapel horrek mina arinduko ziolako, baizik eta liburuko mutiko heroia bilakatu zelako niretzat; pozik ikusi nahi nuen Julio, zoriontsu; eta zorion horrek ez ziezaiola lotsarik eragin, harro senti zedila, anaiaz, familiaz, herriaz, bizi zezala momentua, bizi dezala bizitza. Irabazi zuen txapela, eta zutitu zen jendea, aulki guztiak huts bilakatzeraino, frontoia emozioz betetzeraino. Aspaldi ikusi eta sentitu gabeko zerbait izan zen hura, magikoa. Ahanzten kostako dena, eta biziko duguna, Julioren anaia bezala, guztiona bilakatu baita larunbataz geroztik.
GARA egunkarian argitaratua (2014-03-30)
Pepe
La manía que tenemos con los apellidos es digno de estudio, esto es, convertimos en referencial aquel que nos interesa, y anclamos allá los orígenes y los parecidos. Será por parte del padre, de la madre, o de algún abuelo-abuela, pero la línea a seguir se dibujará partiendo desde ese apellido. Son muchas las ocasiones en las que hemos oído hablar de Pepe Mujica como “un vasco presidente del Uruguay”, y por ejemplo, muy pocas veces nos mentaron el hecho de que quitó muchas malezas del camino a través de la lucha armada.
Apenas trasciende su pasado tupamaro, su ardor guerrillero, algo de lo que nunca se ha arrepentido. Es más, se siente orgulloso. Y buen derecho tiene a ello.
Es el apellido Mujica el que tiene interés para determinados medios vascos, y claro está, si se toma como referencia el apellido paterno, no es difícil deducir el origen vasco del ex-presidente, aunque se pueda afirmar que en ese largo camino ha habido mucha mezcla de sangres.
Su padre era Demétrio Mujica Terra, hijo de José Cruz Mujica Cipriani y Eudoxia Zoa Terra Terra; José Cruz a su vez era hijo de Francisco Mujica y Yeregi, y Catalina Chipriani Esnaola, Eudoxia en cambio era hija de Benvenuto Pereira da Terra da Silveyra y Marfisa Carlota Terra… y siguiendo el hilo pasaremos por Tolosa y Beasain, pero también por lugares que nos son lejanos y desconocidos.
La madre de Pepe era Lucy Cordano, que provenía de una familia migrante, del Piamonte italiano, eran cultivadores de viñas, agricultores; poco más hemos avanzado en el intento de recabar informacion sobre ellos. Cuando Pepe tenía 8 años perdió a su padre, y fue su madre la que acarreó con él; de ella ha heredado el “carácter y la actitud del compromiso”, según se desprende de comentarios realizados por el propio Mujica.
Cuando Pepe cayó preso en la década de los 70, y se encontraba en una diminuta celda, con sed, casi sin comida, y con el cuerpo lleno de moratones, se dice que en la panadería del barrio varios vecinos se interesaron por la situación de su hijo a Lucy Cordano, y ésta les respondió con un “estén tranquilos, no se preocupen por él, llegará a ser presidente” visionario.
En el libro editado por presidencia en 2014 “Autogestión un rumbo de todos” hay una entrevista a Pepe, en la que le mencionan el no avance del modelo autogestionario uruguayo ante otros modelos, por ejemplo el de Arrasate o el modelo argentino, y éste responde con un “los proponentes vamos un paso más allá ¿lo lograremos? No sé. Pero hace sesenta años cuando me puse una pistola al cinto tampoco sabía si lo iba a lograr”.
El 27 de marzo, este viernes, en el programa “PFV” de ETB2 ofrecerán el documental “Mujica, la revolución tranquila” grabado en el Uruguay en los últimos días de su presidencia; está por ver a que le pondrán atención, porque si es al pasado, al origen de Mujica, más allá del apellido, hay, o existe, todo eso que aquí en Euskal Herria convierten en satánico, terrorista, prohibido.
Que se lo pregunten si no a Mikel Zubimendi Berastegi.
Chemtrails
Zeruari begiratzeko denborarik gabe bizi zaretela, edo, ez direla zerura begira ibiltzeko garaiak bestela. Agian, lurrean nahiko lan baduzuelako lehendik, edo, parekoak atentzioa ebasten dizuelako. Baina han goian gertatzen dena ezezagun zaizue. Ortzira begira bizi dena alaia omen da eta lurrera so egiten duena tristea, umoretsua lehena eta setatia bigarrena; eta zuk, ez duzu oroitzen noiz behatu zenion ortziari azkenekoz.
Egunero eguraldiari eskaintzen zaion hizketaldi aleatorio bat parean egokitu eta gogoeta ekarri dizun arte; «Lapurdiko zerua urdin-urdin zen gaur, halere, aitzinera zoin gibelera ibili diren hegazkinen arrasto zuriek inpresionismotik kubismora pasarazi naute bat-batean, Cezanne bezala» aipatu du Clarissek, eta «chemtrails» direla erantzun dio Martinek, ordu luzez zeruan egoten diren arrasto kimikoak, militarrek ezkutuan egindako operazioak, aluminio hautsarekin; laino artifizialak sortzeko edo klima aldaketari aurre egiteko; «edo tira, auskalo zertarako». Gero, «Teoria Konspiranoikoa mundu osoan hedatua» dago esan, eta etxera igo da Nenkiren «Chemtrails, les tracés de la mort» liburuarekin itzultzeko, «irakurri» esan dizu, «eta, ahal baduzu, zeruari beha».
Eta begiekin orrialdeak jan arau, Asterix eta Obelixen buruzagi Abraracourcix izan nahi zenukeela pentsatu duzu, bere Arverne ezkutuaren azpian babesteko, zerua buru gainera eror ez dakizun. Danubio ibai inguruko lurrak konkistatzen ari zela, Mazedoniako Alexandro Handiari hala aitortu omen zioten gudari zeltek, haien beldur bakarra zerua buru gainera erortzea zela. Eta zure beldurra, ilogikoak diruditen teoriei jarraiki, gero eta logika gehiago duten pentsamoldeak ernatzea baino ez da. Ez zuten aski zerua zulatzearekin, orain, zuen buru gainera erorarazi nahi dute. Behintzat, gripea nondik hartu duzun azalduko dizun teoria bat badaukazu.
On egitea
Jardin publikoan, Pierre Forsansen oroitarriaren ondoan esertzen da eguzkiak bere agerpena egiten duen bakoitzean, eta han topatu dut xake taularen aitzinean, Michel Houellebecqen «Soumission» eleberria eskuetan duela. «Ez dut Houellebecq maite», erran dit, «baina maite ez ditugun gauza gehienek plazer egiten digutela ohartu naiz urteekin». Pentsakor utzi nau. Hastapen batean, Pierre Forsansi eskainitakoa «egunero ondoan ditugun beste anitz bezala, harri bat baino» ez zela aitortu dit, «gero jakin nuen Biarritzeko auzapeza izan zela 1919an hil zen arte, zenbaki bitxia; Baionako trenbidearen ingeniaria izan zela, Hirugarren Errepublikako senatari… eta bere bizitzarekin interesatu arau, oroitarria nire toki kuttun bilakatu da». Zaldun zuri batekin peoi beltz bat kendu du xake taulatik, eta liburuari katalpa hosto berdea ezarri dio orri artean, oroitarriaren gaineko zuhaitzetik eroria, prefosta. «Katalpa ez da hemengoa, Ipar Amerikatik, Mendebaldeko Indiatik edo Ekialdeko Asiatik dator, oroitarria bezala, nonbaitetik ekarria izan da, gu hemen geunden, bai, baina haiek hemen jarraituko dute, guk ez». Ez dakit norat eraman nahi nauen. «Bizitzaren komedian, errege, apezpiku, zaldun ala dama izan, jantziak kendu eta denak parekatzen ditu heriotzak». Cervantesen On Kixote Mantxakoaren pasarte bat gogorarazi dit: «Sanchok erantzun zion konparaketa hori aspaldi entzuna zuela xakearekin, non pieza bakoitzak bazuen zeregin bat, eta baita posizio edo klase bat ere, baina, jokoa amaitzean, denek zaku berean amaitzen zutela». Gizarteaz ari ote den, besteengandik desberdintzeko egiten dugun ahaleginaz. Edo harrokeriaz. Liburua eskuetan berriro hartu aitzin erran dit «kalterik egin gabe on egiten didan horri eusten diot» eta «ahal dudana egiten dut, ahal dudan bezala». Ez dut ulertu zer erran nahi duen, baina entzuteak, on egin dit.
Absentzia
Hala erran omen zuen Oteizak, hau da, «hutsunea ez dela betetzen, ez dela margotzen, baizik eta pentsatu egiten dela», eta berak «hutsuneari buruz pentsatu baino sentitu» gehiago egiten duela aitortu dizu, «absentziak beldurraren bazterrak handitu dizkidalako», eta «hutsunea eta absentzia ez ditut bereizten».
Ohartu zara bere ile kuskuildua ez dela askorik mugitu, gehienera, eskuineko belarriko orezta handitu zaiola, hala iruditu zaizu behintzat. Entzumena eta ikusmena paralelo desberdinetan zeneuzkan seinale. Etxean, hiztegia hartu, eta absentzia, «gabezia, falta» dela irakurri duzu, eta baita «ez egotea» ere, «aldentzea, urrunaldia». Hutsunea aldiz «zuloa» dela, «hutsik egotea», eta baita «amildegia» ere. Ordea, zeren absentzia ote du berak, zeren hutsunea, berea, ala besterena?
«Ir y quedarse, y con quedar partirse», Imanolek Lope de Vegaren sonetoari jarritako musika oroitu duzu orduan; orain laurehun urte madrildarrak idatzitako esaldia: «susmoak sinestea eta egiak ukatzea da munduan absentzia deitzen dutena, ariman sua ukaitea eta bizitzan infernua». Oroitu duzu bestalde, Puerto Ricotik Hector Lavoek saltsa pixka bat ezarri ziola gaiari, «no importa tu ausencia, te sigo esperando» kantatuta. Baina azkenik, Kusturikak «Underground» filmean baliatutako «Ausencia» malenkoniatsuak astindu dizkizu bazterrak, Goran Bregovicen musika eta Cesaria Evoraren ahots paregabearekin, «Ausencia, ausencia, si asa um tivesse pa voa na esse distancia…» alegia, hegalak balitu distantzia gaindituko lukeela, «orduan esnatuko nintzateke zure bular gainean, eta absentzia ez litzateke nehoiz gehiago gure errealitate izango». Bete ezin diren hutsunez beteta gaudelako. Pentsarazi ordez min egiten duen absentziaz, sentitu nahi ez den horrez. Kontuan hartuta, guk ere sortzen ahal dugula guk sentitzen dugun gauza bera, absentzia.
Bitartean
Kontraesanez betetako sortzaile izatea zer den. SGAEren aurka egonda SGAEren barnean hogei urte luzez egotea zer den. Musika idazle baten ttipitasuna, zalantza eta kezkak handitzen dutela sentitzea zer den. Monopolioen aurka egon eta monopolio batek zure garun eta eskuetatik irten denaren kontrol osoa nola hartzen duen ikustea zer den. «The creative process is a process of surrender, not control» aspaldi esan zuen Julia Cameron sortzaile handiak, alegia, sorkuntza errendizioa dela, eta ez kontrola; ez zuen ari naizenarekiko esan, baina ederki datorkio. Zer den esaten luze segituko bainuke, nik eta ni bezalako askok bizi dugunari buruzko kontrol gehiago banu. Edo, adierazteko, kontzientzia lasaiago banu behintzat bai. Agian bai.
Kontua da SGAEn jarraitzen dudala; kontua da Elizaren zerrendan bezala erraz sartzen zaren ate bat dela egileen eskubideak Espainian zaintzen dituen elkartea, baina nekez irteten zarela handik. Kontua da emandako dirua isil-isilik sartu dudala patrikan. Kontua da, bat gutti ez, eta ipar Euskal Herrian egindako lanak SACEM frantsesak ere jabetzan dituela. Kontua da urte luzetan itxaron dudala antzeko euskal elkarte baten sortzea, zuzenagoa, gardenagoa, gureagoa; laguntzaileagoa. Eta beltzatu nahi duen larruazalari eguzkiak sortzen dion ilusioa piztu zidan EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoak orain hilabete batzuk, baina geroztik ez dut haren berririk, ez dakit nola jarri harremanetan, ez du webgunerik, edo telefonorik bistan. Ni bezalako batzuekin hitz egin dut gaiari buruz, ezagunak ditudalako, ni bezalako asko ataka berean egongo direla ere pentsatu izan dut, ezezagunak ditudalako. Eta bitartean, idazten jarraitzen dut, ilunpean argia topatu nahian. Bitartean. Otsailaren 26an SGAEn izango diren hauteskundeetan aurkezten direnen kexu formako proposamenek e-posta betetzen didaten bitartean.
jentilizatzen
Telebistako gizon hark askotan deitzen zion idazle bati «el galo», frantsesa zela azpimarratzeko-edo, uste baitzuen galiar jentilizioak publikoari ulertaraziko ziola frantsesa zela. Baina ez zen hala. Prezio berean, belgikarra, suitzarra edo Italiako iparrekoa izan baitzitekeen, galiar jatorria lur horietan ere kokatzen baita. Beste batek «el luso» baliatzen zuen futbol jokalari bat izendatzeko, eta ondokoak, «lusitano» erran behar zuela egin zion ohar. Biek ala biek Portugaleko jatorriarekin lotu nahi zuten, baina beren historia eta geografia jakintzak ez zirela sakonegiak ohartu ziren orduan, horregatik «lo vamos a dejar en portugués y ya está» erran zioten elkarri. Informatiboetako aurkezleak «el presidente de Norcorea» aipatu zuen ia segidan, iparrekoentzat Norcorea eta hegokoentzat Surcorea karrikako gazteleran baino ez dela baliatu behar jakinda, hedabideetan behintzat Corea del Norte hobetsi behar delako. República Popular Democrática de Corea behar luke egiazki, baina tira, Kim Jong-Un liderrari ez diote halako keinurik eginen kapitalismoaren zerbitzariek. Tertuliano askok ez dute ikasi oraindik islámico eta musulmán ez direla beti árabe, Iranen, Turkian edo Indonesian egon ez diren seinale. Edo Malaysian «el malayo» etnia edo hizkuntza baino ez dela, eta «el malasio» behar luketela erabili. Azkenik, gure telebista kate batean, «el jugador vasco-francés» entzun zen, eta vasco-español ez zela nehoiz erraten eztabaidan jardun ginen lagunartean, Francoren garaietan agian, vasco-navarro terminoak indarra zuenean. Agian. «Corrida vasco-landesa» irakurri aldiro Landetan txortan egin zuela oroitzen zuela; batek, umorera jo eta eztabaida bukatu zuen. En fin. Toponimo, exonimo, exotoponimo okerrak. Jentilizioen mundu galdua. Segi orain, zerrendan dituzunekin. Edo, femeninoan hain guti zergatik erabiltzen diren hausnartzen.
Gazura
Charente ibaiaren altzoan dago Angoulême, 42 mila biztanleko hiri ttipia; kasualki, mila biztanleko, nazioarteko komiki jaialdiaren edizio bat, aurten, 42garren urtea bete baitu hiriari mundu mailako sona ematen dion Bande Dessinée, komikien, jaialdiak. Iraultza Frantsesaren garaian izena aldatu zioten hiriari, Frantziako erregeen Valois adarretik zetorrelako, eta «Montagne-Charente» ukan zuen bere naturari lotutako izen.
Euskal Herritik Pariserako bidean, trenez, askori egingo zaie deigarri hiria, bere eraikuntza historiko ederra ikus baitaiteke leihotik, baina batez ere, TGV supersonikoak, euskal agintari batzuek goraipatzen duten abiadura handiko trenak, Angoulêmen ez baitu abiadura berezirik hartua oraino; Hendaiatik Poitiersera iristeko tren arruntak adina denbora behar du. Paisaia politak bistaratzeko manera bakarra bestalde, alferrik litzateke bestela.
Aurten, «Charlie Hebdo»-k zentralizatu du jaialdia, baita sektorearen kezkak ere, gero eta zailagoa baita sorkuntza bide honi eustea, dela salmenten beititzeagatik, dela instituzioen laguntza ezagatik. Milaka komikiren artean antzeman zitekeen Fermin Muguruzaren azken lana, «Black is Beltza», han aurkezteko ahalegina egin duelako euskal artista handiak. Euskaldun batzuk joan-etorrian, komikien maitaleentzat galdu ezinezko zita bihurtu da Angulemakoa, ez hainbeste euskal argitaletxeentzat, nahiz gero eta gehiago diren hara begira jarriak, agian, Euskal Herrian komikigintza indartzen ari dela iduri baitu, behintzat, lurrikara kulturala sortu du «H28» euskarazko hilabetekari satirikoak gure lurretan, eta luzarako izan dadin baino ezin zaio desira. Orain urte batzuk, Dani Fano komikigileari irakurri nion «zainketa berezien gelan gaude, gazura tantaka hartzen» kezkagarria. Gelatik horretatik ateratzeko, ordea, sormenaz gain, AHT bezalako proiektu munstroei zuzendutako laguntza ekonomikotik zerbait beharko da.
Kontakizun
Badira istorioak ahoz aho kontatzen hasita lurmutur batetik bestera salto egiteko gai direnak. Gero, ikusteke dago, ahoz-ahoko bidaia horretan zenbat galdu duten hasierakotik edo zenbat gainjarri zaien bestela, baina denborak erlojuko orratzei begira diharduenetik, on egiten digun zerbait da besteei gertatua entzutea; askotan, irudimenaren leihoak zabaltzeko manera gisa; bestetan, kontseilu edo itxaropen uneen eskean gabiltzanon helduleku bezala. Uruguaitik iritsi zait istorio hau. Bertako lagun batek kontatu dit, eta Kanarietan gertatu zen. Tartean, euskaldun bat zegoen, nola ez. Gure lurretan famatua den norbait. Kanaria Uharteetan oporretan omen zebilen gure euskalduna, eta, desagertzear zeuden espezieen inguruan egiten ari ziren lana azaltzen zien gidak txango batean. Txangoan, bost urteko mutiko batek beste mutiko bati gazteleratik katalanera itzultzen omen zizkion gidaren azalpenak. Haur hori komunera joan zenean, gidak aitari erran ei zion ea ez zuen lotsarazten haurrari gazteleraz ez erakutsi izanak, horrek eragozpenak baino ez zizkiola-eta sortuko bizitzan. Haserre bidean entzun omen zituen hitz hauek gure euskaldunak, baina eztabaidan parte hartu nahirik, ikuspegi positibo batetik egitea erabaki omen zuen, maitasunaren aldetik, gidak hobeto ulertuko zuelakoan.
Aipatu zion, momentu batzuk lehenago, pasioz azaldu ziela zein premiazko lana egiten zuten desagertzear zeuden espezie eta landareekin, esfortzu handi batek etekin gutxi izaten zuela, eta zein miresgarri zen ahalegin hori. Beraz, jar zedila landare eta espezieen babesleen paperetik hizkuntzarena ikusteko, haur horren gurasoek erabaki baitzuten ahula babestea lehenbizi, indartsua geroago ikasteko aukerak ehunka izanen zituelako. Gidak sekula ez zuela alde horretarik behatu baieztatu zion, eta, halaber, eskerrak eman. Alde baikorra, maitasunaren aldea, beti izango da gehi, positibo, beti izango da akusazio eta zigorrarena baino baliagarriago. Distiratsuago.
Babi Yar
Arratsaldeko sareak
Lurrean lore bat pausatu, eta badoa. Hori da zure begiek ikusiko duten lehen imajina. Itzal bat hurbilduko zaio loreari, eta sandaliak dituen emakume bihurtuko da. Lorea eskuetan hartu eta eskaileretan gora abiatuko da, baina atea itxita aurkituko du, orduan, giltza zorrotik atera, eta lurrera eroriko zaio; barnean, aldizkari orriak ikusiko ditu lurrean, sofa bat, oker ezarritako koadroa, eta itzalitako tximinia kortina koloretsuen artean. Sukaldeko mahaiaren gainean kikara bat dago, eta ondoan, labana sartuta daukan ogi zatia. Begiratu orduko, mahaira erortzen da labana. Eskegitako telefonoa, hutsik dagoen logela, leiho ireki bat, eta dabilen haizea; disko aparailua itzali eta sofatxo batean etzango da emakumea, kristaletik beha lo hartzeko, amets egiteko. Guztiari zentzu bat atzemateko. Hau da «Meshes of the Afternoon» 1943an Maya Deren artistak filmatutako laburraren hasiera, 14 minutuko arte obra bat. AEBetan underground zinemaren aitzindaritzat hartutako emakumea Kieven sortu zen, ordea, Errusiar iraultzaren urtean, 1917an, Eleanora Derenkovskaïa izenarekin, beraz, abizenaren lehen hitzak baino ez zituen atxiki Sirakusan. Aita, Leon Trotskiren jarraitzaile zen, eta horrek eraman zuen familiarekin AEBetan amaitzera. «Poeta izan nintzen zinemagile baino lehen, biziki poeta pobrea nintzen, ordea; ikusitako imajinekin eraikitzen dut pentsamendua, eta poesiak imajina horiek testu bihurtzen laguntzen dit». Hala aitortzen zuen Maya Derenek, eta bere film labur ezagun horrekin garbi uzten zuen, eguneroko gauza arruntak zein misteriotsu bilakatzen ahal diren ametsetan. Zuk, ordea, aspaldian, inertziaz egiten duzula lo pentsatu duzu, amesteko desirarik gabe, hurrengo egunean esnatzeko helburu soilarekin. Jakinik, ametsak direla errealitateari beste dimentsio bat eskaintzeko modu bakarra. Eta alaiagoa.
Zertarako
Biziki eta oso
Pasilloan korrika bizian, bere hanka zuztarrak agerian dituela, ‘ze erraiten dezu’ galdegin duenean etorri zaizu burura. ‘Erraiten’ lapurteraz esan baitu, eta ahoskeran ‘r’ indartu du gainera, baina ‘ze’ ere esan du, eta batez ere ‘dezu’, gipuzkeraz. Ama, lapurtarra, eta aita gipuzkoarra izatearen ondorioa, mestizajea; orobat kosmopolita, eta zerbait izatekotan, polita. Hizketan jarraitu du bi urte eta zortzi hilabete eskas dituen haurrak, ‘biziki kokina zea’ entzun baitu aitak esanda, bihurria, eta berak, honela erantzun dio: Hola ez! aitak ‘oso’ eta amak ‘biziki’. Aitak ‘trikua’ eta amak ‘sagarroia’ izan zitekeen, edo aitak ‘amona mantangorri’ eta amak ‘kattalingorri’, ‘azenayua’ eta ‘pastenarrea’ bestela, edo ‘katagorria’ eta ‘urtxintxa’. Baina burura etorri zaizuna da nahasketarena, ipar Euskal Herrian zenbat familia osatu diren egoera politikoak hala behartuta, agian, beste egoera batean osatuko ez zirenak. Eta kultur nahasketa nola eman den, eta zenbat aberastasun eratorri den hortik, hango eta hemengo, baina herri bereko; hori ere bururatu zaizu. Martxoan beteko ditu 3 urte Ekainek, eta toka-noka hitz egiten du, xuka gainera, Nafarroa Behereko toki batzuetan bizirik dagoen hizkera, eta gamartarra den bere ama Intzak mimoz eta artez irakatsi diona. Aita, Julen, oraintsu atera da kartzelatik, Pasaia Donibanekoa da, eta Intza kartzelara sartu nahi dute orain. Urtarrilak 17an manifa antolatu dute Donibane Garazin, kartzelatze hori atzera botatzeko. Ibaik 3 urte beteko ditu maiatzean, eta hilabete berean, 6 Artizek, anaiak dira, eta Larresoron bizi dira, ama hangoa baitute, aita berriz donostiarra, Oier, preso dagoena; otsailak 12an jakingo du familiarekin bizi ahalko den Lapurdin, eta hizkuntzarekin batera haur horien poz emozionala aberastuko ote duen ere bai. Badira gehiago, izan dira, baina batez ere, direnek, izan behar dute. Ez bakarrik aberastasuna ekartzen diotelako lur zahar honi, baizik eta, haur horiek, beren gurasoekin, trabarik eta debekurik gabe hazteko eskubidea dutelako.
GARA egunkarian argitaratua (2015-01-12)
Printze Txikia
Beste askotan bezala, maite zaitut esanda eskegi duzu telefonoa. Eta gutxitan bezala, arrotz bat hasi zaizu hizketan, treneko eserleku ondoko emakumea. Badira esaldi antologikoak, memorian iltzatzen zaizkizunak, filmetan, kantuetan, eta liburuetan atzematen dituzunak. Bizitzaren isla direla, ispilua bailiran, hala iruditzen zaizu zuri. Lerroan ezarritako hitz bakan horiek, batzuetan, azkenaldiko gertakarien azalpen bilakatzen zaizkizu. Antzinako zauri eta orbainen lekuko bestela.
Eta etorkizuna kausitzen duzu hitzokin beste batzuetan, edo behintzat, eman beharreko urratsak aurreikusten dituzu, hartu beharreko norabidea. Halako bat jaulki dizu ondoko emakumeak, maitatzea ez dela kasualitate bat esanda.
Maitasuna ez dela norbaitekin egon nahi izatea, edo haren babesa desiratzea. Libre egiten zaituela maitasunak, horretxegatik dagoela diferentzia maitatzetik maitatzera. «Aimer» erabili du emakumeak, frantsesa baita, eta telefonoz agurtzean esan duzun maite zaitut hori nola kristo ulertu duen pentsatzen jarri zara, hizketan horregatik hasi zaizula iruditu baitzaizu. Antoine de Saint-Exupéry hegazkinlariak idatzitako «Le Petit Prince» etorri zaizu burura orduan, arrosari maite duela nola esaten dion, eta arrosak, berak ere maite duela erantzuten diola, baina bere maitatzeko manera desberdina dela esaten diola azkenik Printze Txikiak. Eta hor, bien maitatzeko manerak desberdintzen dituen azalpenekin lotzen da printzea. Gaztelerazko «querer» eta «amar» artean egon daitekeen diferentzia agertzen. Emakumeak hizketan segitu du, zuk, begiekin jarraika sortutako hari mehe gisa entzun baduzu ere, baiezkoen imintzioka zeniharduen bitartean urruneko lekuetan ibili baitzara. Iritsi da trena geltokira, Gabon on batzuk opaz emakumea agurtu, eta telefonoa hartu duzu berriro, Gabonetan mezu bat igorriko diezunei begirada bat bota diozu, maite duzula nori esango diozun ziurtatzeko.
Hozitzen
Etzan
harizpean
erreka bazterrean
Ikusi
ur korrontea
nola baretzen den
Entzun
txoriak kantari
Hartu
orbelak eskuetan
Usaindu
hozitzen ari diren kimuak
Arnastu
larrazkeneko haizearen freskoa
Eta ulertuko duzu
zein gutxirekin
izan zaitezkeen
zoriontsu
Esne Beltzaren ‘Lucharemos’ kantuko olerkia
2013ko larrazkena
Abendura
Indioaren Kazooa
«Tú decir que si te votan,
tú sacarnos de la OTAN,
tú convencer mucha gente.
Tú ganar gran elección,
ahora tú mandar nación,
ahora tú ser presidente».
Hitz horiekin hasten zen «Cuervo Ingenuo» abestia, 80ko hamarkadan Javier Krahe musikari madrildarrak Felipe Gonzalez presidenteari eskainitako satira musikatua. Kopla haiekin ekidistantzia egozten zion, presidente izan aurretik egindako promes guztiak zakarrontzira bota izana presidente izanda. PSOE alderdiak ez zuen gustuko izan Kraheren kritika, ordurako, publizitate agentzia bateko lana utzita La Mandragora aretoan hasitako bardoa, Georges Brassens handiaren antzekotasuna zeukana, biziki ezaguna zen, eta jendartea zeukan zain eta adi, zer esango. Aldaketa garaiak ziren Espainian, diktaduraren agurra eta trantsizioaren etorrera; baina desira bizien artean aldaketa gutxi ikusi zuten artista eta intelektual batzuek; sistemari beren pentsaera saldu ez ziotenek kezkak plazaratzen segi zuten, eta boterearen zapalkuntza astintzen; gehienak ustezko demokraziarekin lerratu baziren ere, Javier krahe, ez. Alderdi sozialistaren eskutik, TVE telebistan zentsuratu egin zuten abestia. 1986ko otsailaren 23an emititu behar zuten Joaquin Sabinaren kontzertu batean grabatutako doinua, igande batez, eta NATO bai edo ez, erreferenduma zegoen martxoaren 12an; beraz, interes gutxi PSOErentzat egiak aurpegira esaten zizkion abestia entzungai emateko.
«Tú detener por diez días,
en negras comisarías
donde mal trato es frecuente:
ahí tú no ser radical,
no poner punto final,
ahí tú también muy paciente»,
euskaldunentzat hain ezaguna egin den esaldi hau ere bazuen kantuak. Krahek ez du laguntza publiko askorik izan geroztik, areto txikietan kantatzen jarraitzen du, hori bai, haiek leporaino bete, eta norbait izaten. Orain gutxi, berarekin kantatu du Pablo Iglesiasek kantu madarikatua, Galileo Galilei aretoan, musika instrumentu txiki bat eskuetan, kazoo bat (ez turuta); ederki asko moldatu da. Iglesias presidente izan daiteke laster, eta Krahek, «Cuervo Ingenuo» kantatu ahal dio gero. Kasu.
Besteren ogia
Besteren ogia zen hura, ez berea. Lankidearena zen, edo, lagun eta lankidea zen harena, atal hau ez baitzitzaidan oso argi gelditu Varlam Shalamoven errelatoa irakurtzean, nik, «compañero» leitu nuelako, eta izenordeari ez niolako atentzio gehiegirik eskaini. Lan txandaz aldatu zuten lankidea ordea, eta berarengan konfiantza osoa zeukan, horrexegatik utzi zion ogia, zaintzeko. Eta bera, lo egiteko tokian zegoen, artean, besteak, literetan zeuden, eta bera, ogiarekin hasi zen borrokan. Gose baitzen, gose. Kutxa errusiar batean zegoen ogia, krokodilo larruz estalitako kutxa txiki batean. Lotsaz, inork ikus ez zezan, isilpean, kutxa ireki eta ogia usaindu zuen, askatutako ogi apurrak esku ahurrean batu zituen, miazkatzeko. Ogi mamiari hatz ttipiko azazkalaren neurriko hiru zati kendu zizkion. Ogia burura zetorkion bakoitzean zatitxo batekin asebete, eta lasai egin zuen lo, lankidearen ogia ez zuelako jan. Nehoiz ez baitzuen lasai egingo bestela. Halako zerbait iradokitzen du Shalamov idazle errusiarraren Kolymako errelatoetako batek. Egiazko gertakarien isla dira errelato horiek, troskismoaren alde aritzeagatik derrigortutako lanetara kondenatua izan baitzen idazlea heriotza zuriko lurra deitutako eremuan, Siberian. 30 urte zituen orduan, eta aurrez, 22rekin, hiru urtez bete zuen kondena Ural mendien iparrera dagoen Krasnovishersk-en, Leninen testamentua banatzeagatik, Stalinen aurka. Gulag-a ederki probatutakoa, hotza, bakardadea, gosea, tifusa, denak gainditu zituen Shalamovek, nahiz eta 17 urte igaro zuhaitzak mozten edo mehatzeko jardunean, 3 milioi pertsona baino gehiago hil ziren tokian. Mugako egoeran, oinarrizko guztia falta denean, maitasuna, adiskidetasuna, solidaritatea, eta ulerkortasuna zalantzan ematen dituzten ehundik gora errelato, gorrotoa baino kabitzen ez den giza gorputzean. Kolyma, Shalamov. Eta gure gizartean, oinarrizkoa falta ez zaigun tokian, adjektibo horietatik zenbat falta zaizkigun pentsatzen pasa dut eguna. Edo besteren ogia zenbatetan jaten dugun bestela.
Katedrala
Antzerkigintza klasikotik urrunduta, erromantikoari eutsi zion Victor Hugok 1830ean «Hernani» antzerkiaren estreinaldiarekin. Iskanbilatsua izan zen gainera, erromantikoak eta klasikoak elkarri mokoka jardun baitziren nor gailenduko. Hamalau urte berantago, Venezian estreinatu zuen Giuseppe Verdik Hugoren sorkuntza, «h»-a kendu, «Ernani» izena eman, eta opera bilakatuta. Inoizko idazle frantsesik onenetakoak, artean, ez zuen Euskal Herria ezagutzen, umetan, aitarekin igaroak zituen euskal lurrak Madrilerako bidean, eta 1843an, bigarren bisitan Pasai Donibanerekin maitemindu eta Euskal Herriaren maitale bilakatu zen. Aitzineko ezezagutza horrek eramango zuen ziurrenik, Hernani, deserritutako bidelapurra, eta Doña Solen maitasun istorioa Aragoin kokatzera. Zernahi gisaz, argitaratze uneko iskanbilak mingotsa sortu zuen bere baitan, Adèle emaztearekin bereizi zen bestalde, eta tristurari aginterik eman gabe, bere obra ospetsuenetakoa den «Notre-Dame de Paris» eleberria idaztera jarri zen. 1831n eman zuen argitara. Bertan, estilo gotikoa duen katedralean babesturik bizi den konkordun gor baten istorioa lantzen du, Quasimodorena. Mozorro gau bat profitatuz, Esmeralda dantzari ijitoak katedralera iristea lortzen du, Parisen sartzea debekatua zuten bera bezalakoek, baina Quasimodoren laguntza ukan zuen, eta biek artxidiakonoarena. Eliza katolikoa ahulenen alde ageri da hor, baztertuekin.
Baionan, XXI. mendean, Sainte-Marie katedralaren aitzinean, Erromako elizarena den tenpluan, etxe gabeko pertsona bat hil da pasa den astean. Zeruaren hurbil infernua bizita. Elizako ateak itxita zeuden gauean. Erre zenetik erromaniko izateari utzita, Parisekoaren gisa estilo gotikoa du katedralak, garai bertsuan berreraikia izan baitzen. Victor Hugok baluke zer idatzia. Eta tokiko agintari frantsesek kasu gehiago egingo liokete gaiari, seguruenik.
You must be logged in to post a comment.