Hamarratza


hamarratza

Karramarroak oroitu ditu arroka azpian, hondartzako harea artean dabiltzala, uhainen hilerrian, harri gogorrarekin talka eginda itsasertzera ailegatutako olatuak emeki desagertzen diren tokian. Eta barekurkuiloek bezala, haiek ere oskola badutela oroitu du, barnean ezkutatzea ezinezkoa zaien arren.

Askotan desiratu du bat ukaitea, besteengandik babesteko eraiki dituen geruzen gainean, oskol erraldoi bat, bere beldur, kezka eta min guztiak han sartu eta babes sentsazioz itsasoan bidaiatzeko korrontearen aginduetara. Baina hamarratzak imajinatzen ditu orduan, hamar hatz luze dituzten olagarroak, eta haien aitzinean itsas karakolaren oskolak ez duela deusetarako balio pentsatzen du. Nahinoiz sartuko baita barnera hamarratza, aurpegia ukituko dio, pentsamendua gero, eta handik atera gabe mamuekin bizitzera kondenatuko du gordelekuan.

Dela maitasun galdua, dela bete gabeko desira, gaur gertatu balitz bezala iragana; ahantzi gabekoarentzat beti baita gaur.

Baina maite duen Matissen gisa naturari beha jarraitzen du halere, Le Cateau-Cambresiseko artistaren obra bati buelta ematen; geranioari ez baitzaio natura hil oraino.

Karramarroekin atzera egin eta argi du iraganeko esperientzia ez duela etorkizunean errepikatuko, Matissen odaliska bat izatetik urrun, ez duela bere gorputza esklabizatuko garaiz aurre, eta guttiago arima; izan behar dena izanen dela, hain zuzen. Hori du alde egunero ilusio berri batekin jaikitzeak.

karraGARA egunkarian argitaratua (2015-08-10)

pinpirina


pinpilinpauxaOhartu zen batzuk tximeleta deitzen zutela, lorez lore zebilelako alaitasunaren hegaldia marrazten. Baina mitxeleta izateko zerbait falta zitzaiola aspaldi zekien berak. Benedettik esan zuen pinpilinpauxak ez zuela ahanzten behinola beldar izan zela, nolabait, jatorria beti presente balu bezala, gogoan.
Eta bera, nor zen ahantzita bizi zen, besteek nahi zutena baino berak nahi zuena izanda.
Bazekien Silvio Rodriguezek gudarien arimarekin parekatu zituela pinpirinak, kantatzen eta maitatzen zuten izakiak bailiran, une oro eztarrian sortu berriak. Etsairik ez duenak alferrik ditu gudu-zelaiak, ordea. Zintzitoila deitu zion norbaitek, eta bazkalondorako txirulirua besteak, buruan printzesa ipuinak baino ez zeuzkan mitxoleta azkenak. Belardiko inguma batzuek, basoko kalaputxia bestetzuek.
Izen piloa izaki berarentzat.
Eta dena, ez zeukatelako jabetzan. Desiratua zelako agian, baina ez maitatua; seguru.
Berak bazekien ordea, koloretako mitxirrika anitz gelditu zirela zorionaren bidean, hegalak astintzeko aukerarik izan gabe. Eta narrasti gisa bukatu zutela beste anitzek, lurraren biraldien menpe. Tristurak gorputz osoa ilunduta, hegalaren ahultasunari nekaduraren kolorea margotuta preso hartu zituenaren erruz. Grisarena alaike.
Txiribiri izateko desira zeukan halere, udako tximirrika, ilunabarreko jainkoilo eta goiztiriko txoleta. Baina tripetan sentitzeko, ez hegan egiteko. Eta bitartean, kolekzionatzera utzi gabeko sorgin-oilo izango zen, irribarrea sortzeko apex, zirrara pizteko matxita, maitasuna sentitzeko txilipitaina.
Azken finean, farfaila izatea maite baitzuen.

txime
GARA Egunkarian argitaratua (2015/08/03)