Distantzian


itxaron egin nizunArratsaldeko bostak, karrikak jendez gainezka, eta ia 40 graduko tenperatura. Tipo bat ikusi duzu bere etxe atarian, eta kuriositatea piztu dizu; 60 urte inguruko gizon betaurrekoduna da, sakelatik zapi bat atera eta kopetako izerdia lehortzen hasi da, beste eskuan erratza dauka, eta haren gainean pausatuta, autoei beha ageri da.
«Bon Jour, monsieur Arrambide», erran dio paretik pasatzean 15 urteko mutil horail batek, eta gizonak bere begietara hurbildu ditu betaurrekoak hatz batekin, mutila xehetasun handiagoz ikusteko, baina ez du ezagutu, edo behintzat, ezaguna ote duen zalantza ukan du, gazteak «Je suis le neveu a Lafitte» erran dion arte.
François Lafitten biloba da nerabea, Arrambideren ttipidaniko laguna. Irribarre egin du orduan gure gizonak, erratza paretaren kontra bota eta besarkada estu bat eman dio gazteari. Azkenekoz ikusi zuenetik denbora asko pasa dela aitortu dio, eta izugarri hazi dela denbora horretan, jadanik, gizon bat iduri duela.
Berantago, bere aitatxi nola dabilen galdegin dio, erretretak eskaini dion denbora ongi profitatzen ote duen, eta amatxi zer moduz dabilen ere eskatu dio, osasun arazoak gainditu dituen jakin nahian. Hizketaldiak labur iraun du, eta agurtzean, Lafitte senar-emazteei bere goraintziak eta desira ederrenak helarazteko eskatu dio Arrambide jaunak. Ez dira elkarrengandik urrun bizi, 500 metrora edo, baina zuk, kontinente batek bereizten dituela erranen zenuke elkarrizketa entzun ondotik.
Aitatxi eta amatxiren etxean sartzen ikusi duzu biloba gero, eta honek, agur musuak eskaini bezain laster Arrambide jaunarekin egon dela kontatu die; orduan, aitatxik, Arrambide zer moduz ikusi duen galdegin dio, osasun onik sumatu ote dion, eta azkenik, haren etxetik pasatzen den hurren aldian beren desira ederrenak helarazteko eskatu dio bilobari.

pentsakorra

GARA egunkarian argitaratua (2014-08-25)

Argazkiak: Juankar Hernandez

 

 

Kantantea


 

images

Sabela sabelaren kontra, biluzik, eta ohean etzanda. Hala gelditu dira elkarrekin maitasuna marraztu ondoren, direnik eta forma geometriko sutilenak lau horma arteko agertokian eskaini ostean. Plazerarekin hitz egiten den bidean bikotearekin konplizitatea partekatu duen kantariari ahotsa kendu diote gero, musika aparailua itzali baitute, eta orain, arnasaren erritmoa baino ez dago entzungai gela ilunean. Kantariak amaitu du udako emanaldietako bat bestalde, agurtu ditu ikusleak, izerdia lehortu eta gorputzari edatera eman dio; azkenik, erabili dituen musika tresnak jaso eta etxerantz abiatu da, lau horma artean babesa eta lasaitasunaren desira konplitzeko xedez. Hunaturik, eta norantz doan jakin gabe, kaitik urrundu den kalatxoriak harria topatu du uretan; bertan, zangoak pausatuko ditu emeki, eta gibelera so hegaldiarekin egindako bideari behatuko dio, pentsamenduekin denbora blokeatu gabe. Kantariari iruditu zaio, bera kalatxori bakarti hori dela, amiltxori akitua, norantz doan ez dakiena. Gehienera, hurrengo emanaldira bidean. Eta Andres Calamaroren ahotsa heldu zaio memento horretan, «y nadie pregunta si sufro si lloro, si tengo una pena que hiere muy hondo».

Bera ikusteko ordaindu duenari satisfazioa ematea, hori da bere lana, bere eginbehar bakarra. «Yo, soy el cantante, muy popular donde quiera, pero cuando el show se acaba soy otro humano cualquiera. Y sigo mi vida con risas y penas, con ratos amargos y con cosas buenas». Kantariak “El Cantante” Calamarorekin hasi badu ere, munduari ezagutzera eman zion Hector Lavoeren berezko hitzekin bukatu du. Puerto Ricon Perez abizenarekin jaio, eta “La voz” izan nahian Lavoe bilakatu zen kantari on eta gizajo hura ahanzturan gelditu dela oroitu du hala ere; belaunaldi berriek Calamaro edo Marc Anthonyren ahotik ezagutu dutela bera bezalako kantari baten bizimoldea deskribatzen duen kantua. Baina azkenik, abestia Lavoeri Ruben Bladesek eman ziola gogoratu du, hura izan zela sortzailea, eta bizitzako zoritxarrak ahantzi eta kantuarekin berriro alaitasuna atzeman zezan oparitu ziola Lavoeri. Kantarien arteko kantari izaten segi zezan. Maitaleek maitasuna marrazten segi dezaten. Eta kalatxoriak kaira itzul daitezen.

hectorlavoe

GARA egunkarian argitaratua (2014-08-18)

Itzultzea


armiarmasaretikihes

Sorterrian
egunero irteten da eguzkia
eta lainoek zerua estaltzen dutenean
argi izpiak ikusten dira.
Beti han dago
eguzkia bere tokian dago
itsasoari begira.
Deserrian ere
egunero irteten da eguzkia
eta lainoek zerua estaltzen ez dutenean
deserriratua lainopean bizi da.
Beti han dago
deserriratua han dago
sorterriari begira.

Ezagutu ditu lur berriak
itsas bazterrak,
haranak eta mendiak
haize boladak,
lehorteak, euriteak
eta jendez betetako hiriak.
Baina
ez du etxerik ezagutu.
Nahiz eta
leku askotan aterpetu
eta borrokaren bidean
hartu duen babes,
etxe bakarra,
etxean du.

Eta herria du arnas,
eta herria du amets
deserriratuak
ez du beste ametsik,
ez,
kateetatik ihesi utzi zuen
herrira
aske itzultzea baino ez.

“Gehien maite duena atzean utzita
gehien maite duenari eutsi dio deserriratuak:
borrokari,
itxaropenari”

Donibane Lohizune
2014ko udaberria

Iheskideren kanta entzun:

sarean

Argazkiak: Alejo ( @GarunaBorBor)

Musikaran


hirisilaBatzuetan, etxera sartu eta gainean daramatzazun trasteak lurrean utzi bezain laster, musika aparailua pizten duzu, eta orduan hasten da festa;
bolumena igo arau, etxeko paretak eta zorua dantzalekuko agertoki bilakatzen dira, eta egun osoan burua kolpatu dizuten pentsamenduak uxatzeko manerarik zuzenena atzematen duzu.
Magiazko zerbait da musikarena, gorputza mugitzearekin batera, eskuekin gitarra bat marrazten duzu, eta oihuka jarraitzen diozu kantariari; ohartzerako, tentsio guztiek ihes egin dute zugandik, eta beste zu bat, berri-berria, aurkitu ohi duzu oinen gainean. Hargatik da ukan dezakezun medikurik onena, psikologo, edo psikiatra bestela, berak zu bezainbeste, zuk, entzuten baituzu bera. Quid pro quo.
Zuk gorputza eta gogoa, hark melodia eta harmonia, hori da trukea.
Besteetan, goizean goiz izaten da, ohetik jaiki bezain laster. Ez da zein arropa jantziko duzun, ez, zer musika entzungo duzun baino ez da izaten. «Egun on» esateko gogorik ez duzunean, musikak zure ordez hitz egiten du. Edo bakarrik zaudenean, nahitara hautatu gabeko bakardade horretan, lagunik leial eta zintzoena izaten daki berak.
Lanerakoan entzuten duzu, eta lan egiterakoan. Maitatzerakoan, eta maitatua izaterakoan.
Askatu egiten zaitu, baina baita lotu ere, beste pertsonengana, desira duzun horretara guztira. Filmek bezala, iraganak ere musika baitu zuretzat, orainak duen manera berean, eta geroari doinua jarri nahi diozularik, esperimentu bat egitea bururatu zaizu. Mundu desberdin bat irudikatuko duzu egun batzuez, musikarik gabekoa; eta jaietako txosnek ez dute soinurik jaulkiko zuretzat, tabernetako bafleek ere ez, eta gutiago musika tresnek; zure munduan ez da irratirik entzungo, ez eta telebistarik ikusiko.
Eta orduan ulertuko duzu zenbat toki hartzen duen musikak zure bizitzan, edo agian, musikarik gabeko mundutarrek nola kristo egiten duten alai bizitzeko.

6418516133_5df8973dba_oGARA egunkarian argitaratua (2014-08-11)

Argazkiak: Txapis Otegi

Gizakia


lehenberdeaMaitemintzen zarenean ia dena ulertzen duzu. Zer balio duen sentimenduak, haizeak zenbat pisatzen duen, eta etorkizuna ametsekin harilkatutako pentsamendu bat dela ere bai. William Shakespeare burura etortzen zaizu, batzutan Veneziako Merkatariaren atalekin, bizitza komedia bailitzan, ‘maitasunak, itsua baita, egiten dituzten erokeria irrigarriak ikustea eragozten die maiteminduei’ eta bestetan klasiko batekin, Romeo eta Julieta, noski, ‘gaztetxoen maitasuna ez dago haien bihotzean, begietan baizik’. Bai, maiteminduta bazaude erraz ulertzen dituzu besteen maitemintzeek sortzen dituzten istorio geometrikoak, ertz eta bazter korapilatsu guztiak.
Bikotearekin bizitzera joaten zarenean ere ongi ulertzen duzu ia dena. Ez zarela berekin bizitzera joan, elkarrekin baizik, egunak urrezkoak direla eta gauak aldiz zilarrezko, desiraz betetzeko denbora tarteak. Eta Jean Giono hizketan hasten zaizu ‘gure helburu bakarra bizitzea dela ahantzi dugu, eta baita egunero bizitzen garela ere, eguneko ordu bakoitza bizi ezkero gure helburua betetzen dugula ahantzi dugu, egunak fruituak direla eta haiek jatea dela gure funtzioa’ edo orain dela mende bat idatzi zuen L’homme qui plantait des arbres liburua oroitzen duzu bestela, zuhaitzak landatzen zituen gizonaren nolakotasuna, ‘hitz gutxikoa zelako, hala izaten baitira pertsona bakartiak, bakardadean bizitzera ohitu direnak’. Zuk, zorteko zarela pentsatzen duzu, bizitza norbaitekin partekatzea helburu bat betetzea delako.
Eta guraso bilakatzen zarenean, orduan bai, orduan dena ulertzen duzu. Zer den zure maitemintze eta elkarbizitzatik sortu. Zer den sentimendu mugarik gabekoa. Adjektiboekin ere nekez azal daitekeena. Eta orduan ulertzen duzu Gazan gertatzen ari den sarraskiak gurasoengan eragiten ari duen mina, biziko duten une bakoitza ez dela gehiago bizitza izango, zure mina ere badela han gertatzen ari dena, munduko guraso guztiena. Azalpen beliko eta politikorik behar ez duena. Haur bakar baten bizia itzaltzeko gai den gizakiak ez baitu izen hori merezi.

berdea

GARA egunkarian argitaratua (2014-08-04)