Txikitako argazkien usaia du erbesteak
hala jakin nuen muga pasa nuenean
maiteminduak
esan gabe utzitako «Maite zaitut» bakoitzaren
sentsazioa izan nuenean.
Ordu ezkero
hutsunez beteta dago
nire absentzia hau
eta halere,
bere barnean
bizitzea dagokit,
desira dudana
desira ote dudan
zalantzarekin bizitzea.
Zalantza baita etorkizuna ereiteko
eskura dudan hazi bakarra.
Hemen
distantzia da errealitatearen erloju-orratza,
atzeraka baino eramaten ez nauena.
Azken finean
amak besoetan hartzen ninduela oroitzea,
hori da erbestea,
berriro ez nauela hartuko jakitea.
You must be logged in to post a comment.