Kolpeak


ajo

Kolpeak hartu eta haiek jasotzen ikasteko laburregia da bizitza, bakarra delako agian, baina hamar izanda ere, zalantzan jarriko zenuke nehork kolpeak errezibitzeko manera atseginik aurkituko ote zukeen haietako bakar batean. Adingabea zara zu, nerabe bat oraino, edo haurra, esku ahurrari beha dabilena beti, bai behintzat kanpotik heldu den zerbaitek zure barnean ukan dezakeen eragina neurtu eta menperatzeko. Txikitatik izan da horrela, eta atzo izan balitz bezala oroitzen duzu belaunikatu bezain laster altxatzea maite zenuela, eta orduan, beti agertzen zela mahai ertza, zuri, buruko edozein ertz kolpatzeko prest. Kanka. Gainera, handitzen joan zaren heinean, kolpe txoro horiek hartzen segitu duzu, ez dira hain maiz izan, baina bortitzagoak izan dira. Bai. Eta kolpeak ubeldura bilakatu badira, gaitz erdi, baina okerragoa da buruan jaso dituzun bestelakoekin. Haiekin, nehoiz guti jakin duzu zer egin. Nola heldu diren, nondik. Eta zergatik. Galdera gehiegi «ez» batekin erantzuteko. Maite zenuelako, bazirudielako berak ere zu, baietz, baina ez, azkenean ez. Konfiantza zeneukala berekin, berak bazeukala zurekin, eta ez. Beti ez. Utzitakoa itzuliko zizula, baina itzuliak, lurrak baino ez dituela eman geroztik. Errateko berari lasai, ez ziola beste nehori errango. Beste nehori ez, baina beste guztieri bai. Eta horrela hartu izan dituzu kolpeak bizitzan, banaka, eta binaka, dozenaka. Baina eskarmentua hartu duzu, lasaiago zaude jada, badakizulako kolpeen segida logiko bat dela bizitza. Eta hurrengoa non hartuko duzun, edo nork emango dizun itxaroteko prest zaude, etorkizunari begirada bihurri bat eskainiz, alda daitekeen bakarra iragana dela jakinda.

GARA egunkarian argitaratua (2014-05-26)

Argazkia eta bideoa: Jon Hernaez

Joan zinenetik


 

euriBegirada sakon bat eskaini zenigun, sarkorra, non eta behin barnera sartuta, non gordetzen den asmatzea ere ezinezkoa gertatzen den.
Masailean bi musu, iraupenik gabekoak, edo behintzat biziki arinak, justu-justu sumatzen diren horietakoak.
Eta joan egin zinen, isil-isilik, eta ordutik, halaxe egon zara.
Nehork ez zaitu entzun, nehork ez daki zure berri.
Ez da zure itzala falta zaigula, eta ez da zure magaletik kanpo noraezean gabiltzala, zalantza da;
hori da okerrena, joan zinenetik dena zalantzan jartzeko ahalmena baino ez daukagula, dudak bizi ditugula, edo dudatan bizi garela.
Karrika, galderen aterpe bilakatu da, hitza geruza gisa darabilen eremu mortua bailitzan. Horregatik babesten gara etxean. Guk ere, isiltasunean bizitzen ikasi dugulako joan zinenetik. Sukaldean bazkaltzen dugu oraino, baina ez lehen bezala, orduan, ogia eskutik eskura pasatzerakoan oihu eta algarak tartekatzen genituen, eta ardo botilak irekiak zeuden beti;
hesiak non ote dauden, sasia non ageri den, eta mendi tontorra zapaldu ote dugun, ez igo, zapaldu, horretan dihardugu ia egunero. Galdezka.
Mugen xerka gabiltza, erregela, eskuaira, kartaboia eta konpasa eskuetan ditugula. Eta irla bakartiak izaten ikasi dugu harrizko itsaso artean, hitzik elkarri ebatsi gabe, isilik, elkarri begira gaude, zain.
Zain, zain, zain gure herrian zain.
Eta bazterrak ere isildu dira, harmonia falta da, haurren irri karkailak ez dira entzuten gehiago, eta esperantzak ez ditu betetzen lehengo tokiak.
Gauak etortzen zaizkigu gainera, eta ez dira joaten, gurekin gelditzen dira, eta haiekin isiltasuna.
Ordea, zu joan zinenetik ez da egun bakar bat ailegatu gugana.
Joan bai, dozenaka, ehunka joan dira, baina ez da bakar bat etorri.
Zu itzuliko zarena izango baita eguna, hari deitu ahalko diogu hala.

mm

GARA egunkarian argitaratua (2014-05-19)

Argazkiak: Ikor Kotx

urrunhurbil


photo

Urrun eraman zituztelako
hurbildu ginen gu
bihotzak
hutsuneak baino
aurkitzen ez dituen
tokietaraino.
Urrun eraman zituztelako
hurbildu ginen gu
eta hurbilekoago
bilakatu ginen oraino
urruntasuna zer den
ez jakiteraino.
Urrun eraman zituztelako
hurbildu ginen gu
errepideetako
euri, elur, eta laino
malkoekin Geografia
marrazteraino.
Eta
mapa bati
jositako
orratzak
gure bihotzari
josi zizkiotela
ulertu
dugu
ordutik
gaurdaino.
.

da

Donibane Lohizunen 2014ko maiatza

Heteroklitoak


Heteroclito 1

Lapurdi Itsasegian eguraldi onak beste kolore bat ematen dio ingurune bakoitzari. Baina esaldi hau erran eta eguraldi ona zerk determinatzen duen heldu zaizu burura, kontzeptu unibertsal bat izan ote daitekeen, adostasunezko printzipio bat, eurilandarrak belar zelaiak emeki bustitzen dituen eguraldia maite duen pertsonak ez baitu nehoiz irudikatuko, zu, eguzki egunaz mintzo zarela. Edo bai. Bera, gutxiengoaren zati dela onartutzat izanen baitu, eta orokortasun bati beha, beti, gehiengoaren nahiei erreparatzen zaielako. Gainera, beste kolore bat esanda, zer adierazi nahi ote duzun pentsatu duzu gero; beste, ez argi eta ez ilun, ez hori eta ez urdin, beste kolore bat baizik, desberdina, arraroa, bitxia, Getarian aurkitu duzun Heteroklito bezala, anitza. Ostatu horren izenak halakorik agertu nahi duela azaldu baitizu zerbitzariak, eta itsasoari beha, surflariek uhainak menderatu nahi dituzten eremuan, kokaguneak aniztasunari indar ematen diola ohartu duzu. Burgesak, jende xeheak, turistak, eta euskaldunak, denak nahasian, nor den nor jakin ezin den tokian. Gaur egun dena globalizatzen ari dela iduri baitzaizu, baita ostatu jakin batzuetara joateko ohitura ere, asko ordaintzen den tokietan badakizu ze jende mota aurkituko duzun, selekzio natural bat egiten du patrikako diruak, baina denen tokiak diren toki ederretan denak elkartu daitezke. Eta Heterokliton pentsatuta Heraklito heldu zaizu burura azkenik, «panta rei, gauza oro doa jarioan», mugimenduan dabilela dena, eta ezerk ez duela betirako irauten; horregatik ezin omen da «ibai bera birritan jaitsi», beraz, onena, heteroklitoak garela onartu, eta norberak politak atzematen dituen garai eta lekuetatik betirako izanen den oroitzapen bat gordetzea izango da.

heteroklito

GARA egunkarian argitaratua (2014-05-12)

Harrapakina


 

begiLehoiak hala egiten omen du bere harrapakinekin, bai eta katuak ere; goseak badago, bidean, bizitza uzteko prest da haiek ehizatzeko. Baina behin sabela berdindu duelarik, atzaparrak erdi gorde eta jolastu egiten omen da harrapakinarekin, non eta beste lehoi bat haren eske hurbilduko ez zaion, noski. Edo katuari katua. Orduan, bere atzapar eta hortz guztiak agertzen dituelarik, berea delako eta ez beste nehorena, heriotzaraino defendatuko omen du harrapakina. Halako konparaketa bitxi bat egin du gizakiekin gertatzen dena azaltzeko, amodio harremanekin lotzeko zehazki. Eta zuri, memorian iltzatu zaizu. Gustuko duguna konkistatzearren sekulakoak eta bi egiteko gai omen gara, baina behin hura gure ondoan dugunean, segurtasunaren katea eta asperraren aurpegia baino ez dugula agertzen. Eta umetatik hala izaten dela, jostailuz betetzen digutela saskia, eta handik bakar bat hautatzeko zailtasuna dugula, zenbat dauzkagun jakitea ere ezinezkoa dela zenbatzen ikasten dugunean. Eta armairua arropaz betea daukazula oroitu duzu berriro, dendan aho bete hortz utzi zintuen kamisetari ez diozula etiketarik kendu oraino, ez eta Levi’s galtza urdinari ere. Etxea CD, disko, eta musika kasete zaharrekin bete-bete egina daukazula, kontserba potoak iraungitze dataren zain, liburuak bata bestearen gibeletik apaletan, hori bai, ordenatuta, eta etxeko tokirik pribilegiatuenean, bisitan heltzen zaizun edonork ikus ditzan. Ez du axola hogei edo hogeita hamargarren orrialdean irakurtzeari utzi zenion. Ez dira irakurtzeko, erakusteko bai. Lasai, hori, zuk bakarrik dakizu. Eta argazkiak? Uf! ehunka, milaka… baina ordenagailuan gordeta, eskerrak hark zure bizitzako memento ederrak behin eta berriz ikusten dituen, zuk ez baitituzu begiratu ere egin aspaldion. Bai. Horrela izan da. Horrela ohartu zara, bere hitzekin nola jolastu den zurekin, baita nola bilakatu zaituen ere bere harrapakin.katubegia

GARA egunkarian argitaratua (2014-05-05)