Protesta


morin

Umetan ikasten dugu protestatzen, gustuko ez dugunaren aitzinean desadostasuna agertzen. Protestarekin zerbait lortzen ote dugun beste kontu bat da. Heldu bilakatzean, protestatzeko gogorik gelditzen ote zaigun, beste kontu bat den bezala. Baina badira desadostasuna agertzeko manera originalak oraino. Haietako bat da, otsailean, Bizi mugimendu altermundialistak HSBC bankuaren Baionako egoitzan egindakoa; zerga iruzurra salatzeko, diru ebasle legalen egoitzan sartu eta altzariak eraman zituzten beren egoitzara, ilegala omen den ekintza burutuaz. Oihartzun zabala ukan zuen protestak, eta gurpilak, segida ukan du; aulkien xerka dabil polizia, eta haiek gordetzeko eskaintzen diren ospetsuen zerrenda handitzen doa. Edgar Morin filosofoak, Parisen agertu zuen aulki bat apirilaren 8an; 94 urterekin mundu mailan ezaguna den komunista aulki gainean irribarretsu ikusteak ez du preziorik. Bestalde, egun batzuk berantago, argiaren hiri horretan ikusi zen beste protesta original bat, apirilaren 12ko maratoian; Siabatou Sanneh emakume gambiarrak ibilbidea buru gainean ur bidoi bat zuela egin zuen. Bi esaldi zeramatzan soinean, «Afrikan, emakumeek, distantzia hau ibiltzen dute egunero uraren xerka joateko», eta «Lagundu distantzia murrizten», justuki «Homme-sandwich» deitutako publizitate teknikarekin, eta Siabatou «femme» da, ur garraioan Afrikan dabiltzanak bezala. Egun berean, «Water for Africa» GKE-ak antolatuta Uraren Munduko Foroa hasi zen Hego Korean. Ni, aulkitik altxa, ura edan, eta «Giraldillaz» oroitu nintzen, «Itoitz»-ez, eta oraino, sortzeke dauzkagun protestez.
-

GARA egunkarian argitaratua (2015-04-20)

This entry was posted in Oratzen.